GARA
ZARAUTZ

«Piztiak», Aritz Mutiozabalen bestiarioa ipuin-liburuan bildua

«Su geldoan» landutako narrazio-bilduma da «Piztiak», Aritz Mutiozabal zarauztarraren lan berria. Orain zazpi urte hasi zen idazten gai nagusitzat gizakiaren instintu primarioak eta desorekak dituzten ipuinak eta, aurten, Maiatz argitaletxearekin argitaratu du bilduma.

Duela zazpi urte abiatutako proiektua da “Piztia”, Aritz Mutiozabal idazle eta kazetari zarauztarrak Maiatz argitaletxearekin kaleratu berri duen narrazio bilduma. Azaldu duenez, bilduma hau ontzeko lana patxadaz hartzea erabakia zuen: «Su oso geldoan lantzen joan naizen lana izan da, jarraitutasun konstanterik gabe, bidean bestelako proiektu batzuei lehentasuna emanez; haurrentzako literaturari eta poesia bildumei, hain zuzen ere». Besteak beste, zarauztarrak “Gorren dantzalekua” argitaratu zuen orain sei urte eta duela bi “Hutsartea”, biak poesia bildumak eta biak Maiatz argitaletxearekin plazaratuak. «Hirugarrena dut Lucien Etxezarreta eta Baionako lagunekin; aurreko biak poesia izan ziren, eta honako hau, berriz, narrazioa da», azaldu du Mutiozabalek, eta gaineratu du hasieran lanari presarik gabe ekin bazion ere gerora sentitu duela bilduma amaitzeko presioa: «Azken urteetan, gehiegi luzatzen ari ote zela eta, adarretatik heltzea erabaki nuen, goitik behera berridatziz eta ordukoak gaur egunera ekarriz».

Erregistro aldaketa

Ez da berria narraziogintzan Mutiozabal. Ezta helduei zuzendutako lanak idazten ere. Baina “Piztiak”-ek «erregistro aldaketa» ekarri diola uste du, lehen aldia baita helduei zuzendutako narraziogintzan esku hartzen duela –orain arte helduentzat poesia soilik idatzi du–. «Aurretik haur eta gaztetxoentzat idatzi badut ere, helduei zuzenduta nire lehenbiziko narrazio lana da ‘Piztiak’. Horrek erregistro aldaketa bat suposatu du, eta agian gehiegizko errespetuz aritu naizenez ez naiz ausartu proiektuari lehenago heltzera», hausnartu du.

Mamira joz, Mutiozabalek aurreratu du irakurleak gizakiaren instintu primarioetarako bidaia topatuko duela narrazio bilduman. «Liburuaren kontrazalean adierazten dudan moduan, nolabaiteko desoreka batek bultzatuta, liburu honetako pertsonaiek beraiek instintu primarioenak aterako dituzte. Sei piztia dira sei narrazioetan galduta», laburbildu du.

Narrazioak ondorengo hauek dira, hurrenez hurren: “Lubakia”, “Aura”, “Houdini”, “Itzalik gabekoak”, “Performance” eta “Rorschach”. Alde basatia adierazten duten pertsonaiek ematen diote batasuna bildumari, baita protagonista horien izaerak ere. «Kontakizunetako pertsonaiak ustez arruntak dira, baina bakoitzaren arrruntasun horren barruan bada zerbait beraien onetik aterako dituena, beraien baitan daramaten piztia aterako dutena».

Sei narrazioak nagusiki fikziotik eraiki dituela ere azaldu du idazle zarauztarrak, baina bestelako baliabideak ere erabili ditu: «Kontakizunak oro har fikzio hutsak badira ere, tarteka autofikziotik ere jo izan dut; beraz, irakurleak asmatu beharko du zer den irakurritakotik errealitatea», bota du erronka.

Aurrerapen gisa, “Lubakia” ipuinean, adibidez, bere alter egoa irudikatu duela iragarri du. «Idazle baten ezerezetik arrakastarainoko ibilbidea dut kontagai. Konturatuko da hasierako arrakasta nahi hori ez dela berak irudikatzen zuen bezalakoa, eta bere baitan gotortuko da. Pertsonaia nire alter egoa litzatekeela esan daiteke», azaldu du.

Gainerakoan, hauek dira narrazioetako protagonistak: oroiminak bultzaturik aspaldiko lagunarekin akordatu den musikaria, Houdini eskapistari giltzarrapoak manipulatu dizkion ezezaguna, gauak esna eta egunak lo ematearekin akituta ordutegi biologikoa egokitzeko asmoz Los Angelesera doan mutila, proposamen bitxia jasoko duen arte galerista eta guardia zibilek atxilo hartu ostean suak hartu duen kuarteletik onik irtengo den manifestaria.

«Obsesioa, antsietatea, depresioa, logabezia, beldurra, segurtasun falta, agorafobia eta paranoia bezalako sintomak sentitzen dituzte gehiago edo gutxiago pertsonaiek. Gainera, bakoitzaren istorioa aurrera joan ahala, gero eta nabarmenago azaleratzen direnak, piztia amorratuak balira bezala», azaldu du Mutiozabalek, eta narrazioei espero gabeko bukaerak ematen saiatu dela ere adierazi du, «soluzioa beste perspektiba batetik bilatu nahian, irakurleari sorpresa emanez».

Azkenik, liburua ilustratzeko erabili dituen argazkiei buruz ere hitz egin du zarauztarrak. Azaleko argazkia zein liburu barruan narrazio bakoitzari abiapuntua jartzen dion argazkia Bittor Mutiozabalenak direla azaldu du: «Guztietan animaliak agertzen dira, apur bat irudikatu nahian bestiario hau. Azalean bi sugandila agertzen dira, eta ‘Obabakoak’-i keinu bat egin nahi izan diodala dirudien arren, ez da izan hori nire hasierako asmoa. Subkontzienteak omenalditxo bat egin behar niola erabaki badu, bada aurrera!».