Nerea GOTI

PLANETAK EREDU ALDAKETA BEHAR DU ETA ALDERDIEK BADAKITE

Bioaniztasunaren egunean, Parisko txostenaren ondorioetan jarri zuen fokua atzo artikulu baten bidez Unai Pascual ikertzaileak, mundu mailako analisi horren egileak: alarmaren atzean garapen eredua dago, eraldaketa beharrezkoa da eta alderdiek badakite.

Hilaren hasieran, Nazio Batuek babesten duten IPBES bioaniztasunaren eta ekosistema zerbitzuen inguruko gobernu arteko plataformak planetak bizi duen krisiaren tamaina marraztu zuen, adituek azken hamarkadetako garapena aztertuta eginiko txosten baten bidez. Milioi bat espezieren desagerpena izan zen alarmaren titular nagusia, eta klima aldaketa bezain larria den mehatxua lehen planoan jarri zuen mundu osoko ikertzaileek eginiko analisiak. Horri erantzunez, G7ko kideek (Estatu frantsesa, Kanada, Alemania, Ameriketako Estatu Batuak, Italia, Britainia Handia eta Japonia) mezua jaso eta loteslea ez zen idatzia argitaratu zuten, arazoaren larritasunaz jabetzen ziren, baina ez zuten neurri zehatzik jarri.

Basque Centre for Climate Changen (BC3) irakasle aritzen den Unai Pascual Ikerbasqueko ikertzailea txosten horren egileen artean dago. Atzo, Bioaniztasunaren Nazioarteko Egunarekin batera, txostenaren edukia gogora ekarri eta bertan azaltzen diren beste gako batzuetan ipini zuen fokua “The Conversation” dibulgazio zientifikoko argitalpenean publikatutako artikulu batean, hausnarketarako tartea zabalduz eta gaia arlo politikora eramanez.

Aipatzen duenez, txostenak oihartzun mediatiko handia izan badu ere, estalita geratu dira ikerketak aditzera emandako beste elementu batzuk, besteak beste, planetak bizi duen krisiaren atzean dauden «arrazoi sozioekonomikoak».

Aipatzen duenez, «krisi klimatikoa krisialdi soziologiko estruktural baten iceberg punta da» eta ingurumenaren egoera oso lotuta dago garapenerako hazkunde ekonomikoan dagoen «fede itsuarekin». «Pizgarri ekonomikoek jarduera ekonomikoaren hazkundea bultzatu dute planetaren bizitza asegurua den bioaniztasunaren kalterako», adierazten du Pascualek, eta «paradoxikotzat» jotzen du «epe laburreko garapen ekonomikoak gizartearen ongizatea epe luzean bermatzen duen kapital naturala xahutzea».

Eraldaketaren beharra

Planetaren egoeraren ebaluazio globala egin duen txostenaren harira, euskal ikertzaileak nabarmentzen du «mugarria» dela, 132 estatu kidek aho batez onartua izan ostean, eta zer-nolako «garrantzia eta zilegitasun politikoa» duen zehazten du. Horrez gain, «zer egoeratan gauden» jakiteko gizartearentzat tresna bat dela nabarmentzen du ikertzaileak artikuluan, eta horrekin batera, soluzio bideak bilatzeko eta martxan jartzeko presiorako erreminta bihurtzen dela ere azpimarratzen du.

Adituen ikerketa lan horrek eskaintzen duen diagnostiko ukaezinarekin, dei zuzena egiten die Unai Pascual BC3ko irakasleak eragile politikoei. Dioenez, alderdi politiko handiek ez dute txostenaren berri eman eta «horrek zer pentsatu» ematen du. Planteatzen duenez, herritarrentzako interesik ez daukala uste dute edo «eredu sozioekonomikoaren eraldaketa beharrezkoa den mezua deserosoa» egiten zaie. Pascualen ustez, «arduradun politikoek badakite edo jakin beharko lukete hain beharrezkoa den eraldaketa horretan erakunde publikoak lantza puntetako bat izan beharko liratekeela».

Pascualek adierazten duenez, «langileen eta emakumeen borroketan bezala, aldaketa estrukturalak ez dira oparitzen», eta gainera, «eraldaketa sozioekologikoa nahi ez duten interes boteretsuak daude». Ikertzailearen ustez, presionatu egin behar dira gobernuak, alderdi politikoak, sindikatuak eta gizarte erakundeak, «gizakiaren ongizatea bultzatzen duen ekonomia ekologikoaren alde egiteko, bizitzaren oinarria den bioaniztasuna higatu gabe».