Idoia ERASO
SEASKAREN DANBORRADA BIARRITZEN

PARISERA HELTZEKO MODUKO BURRUNBAK IKASTOLEN ALDARRIKAPENA ZABALDU DU

BIARRITZEKO KALEAK GORRIZ, BERDEZ, URDINEZ... BETE ZIREN ATZO. IKASLEEK SOINEAN ZERAMATZATEN KOLOREEK MARTXA ALAITU ZUTEN, ETA DANBOR HOTSEK ETA 5.000 PARTE-HARTZAILEEN KANTUEK SEASKAREN MEZUA HEDATU ZUTEN. HURRENGO IKASTURTERAKO 30 IRAKASLE POSTU BEHAR DITUZTE; PARISEK ESKAINITAKO 5AK EZ DIRA, BERAZ, ASKI.

Ikastolen Federazioak bigarren urtez danborrada egin du Lapurdiko hiri bateko karriketan; iaz Baiona izan zen, eta aurten, agorrilean G7a hartuko duen Biarritz izan da. Seaskako ikasleen burrunbak oinezkoen harridura eta turisten jakin-mina piztu bazuen ere, danborradaren xedea ez zen Biarritzen paseoan zebiltzan biztanleak kontzientziatzea, Parisen Eliseoan eta Hezkuntza Ministerioko korridoreetan dabiltzanei mezu argia helaraztea baizik: «Kasu, kasu, ikastola kexu!».

“Seaskaren martxa” izena hartu duen abestiak «euskara plazara» dio. Eta atzo manifestazioaren bukaera hartu zuen Santa Eugenie plazak euskarari eta euskaldunei harrera egiteko zailtasunak izan zituen. Hain jendetsua izan zen martxa (ibilbidea oso luzea ere ez zen), non Bernart Etxepare lizeoko gazteak bertara ailegatu zirenean, hainbat ikastolatako kideak oraindik Hondartza Handian mugitu ezinik baitzeuden.

Benetako danborrek bat egin zuten zarata ateratzeko balio zuen edozein objekturekin. Metalezko potoak ziren nagusi, egurrezko makilekin jota. Poto batzuk erabat itxura galduta ere gelditu ziren Santa Eugeniera heldu zirenerako. Gogotsu eta indarrez jotzen zituzten ikasleek beren danborrak, euskararen aldeko mezua ozen zabalduz. Ipar Euskal Herriko txoko guztietatik heldutako haurrak pozik ageri ziren, festa giroan igaro zen danborradan.

Koloreak anitz ziren, eta aldarrikapenak ere ez ziren gutxi: guraso, irakasle edo ikasleek zeramatzaten kamisetetan baxoa eta brebeta azterketak euskaraz egin ahal izatea eskatzen zuten, berdez, urdinez edo morez.

Hala ere, eskaera nagusia, joan den urtean bezala, ikasle kopuruaren igoerari aurre egiteko federazioak beharrezkoak dituen irakasle postuak lortzea da. Mezua Eliseora helarazteko bezainbeste jende biltzea zen parioa, eta irabazi egin zuen Seaskak. 5.000 pertsona kostaldeko hirian zehar ibilita mezua ez ailegatzea zaila baita.

Horren beharra agerikoa da, Paxkal Indo Seaskako lehendakariak azaldu zuenaren arabera, inoiz izandako egoerarik kaxkarrenean daude hurrengo ikasturteari begira.

Negoziazioak

Protesta jendetsuaz gain, barne negoziazioen bidea ere baliatzen du Ikastolen Federazioak, eta bide horretan, Ipar Euskal Herriko hautetsiak bidelagun ditu. Azken hauek ekarritako berriak eman zituen atzo Indok. Ofizialki Hezkuntza Nazionalak bost postu eskaini baditu ere, euskal parlamentariek jakinarazi diete negoziazioen bitartez hamarrera heldu dela kopurua.

Proposamen berri honek ere ez dio hurrengo ikasturterako dagoen beharrari erantzuten. 30 horietatik, Seaskak 13 ordaintzeko aukera badu, baina oraindik beste 7 lituzke eskas. Konfiantzarekin agertu zen lehendakaria, jakinik negoziazioen epea ekainaren 28an bukatzen dela, federazioak biltzar nagusia eginen duen egunean. Baldintza horietan, duela urte eta erdi berritu gabe dagoen hitzarmena ez dute sinatuko.