GARA
GASTEIZ

Partzuergoa sortu dute teknologia eta industriako erronkei heltzeko

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako teknologia eta industriarekin lotutako etorkizuneko erronkei aurre egin eta nazioarteko posizionamendua hobetzeko helburuarekin jaio da BRTA (Basque Research and Technology Alliance). Lakua, SPRI taldea, hiru foru aldundiak eta hamasei zientzia eta teknologia eragileren arteko lankidetza du oinarri partzuergoak.

Partzuergo berria sortu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etorkizuneko teknologia eta industria arloko erronkei erantzuteko asmoz. BRTA (Basque Research and Technology Alliance) da bere izena eta Lakua, SPRI taldea, hiru foru aldundiak eta hamasei eragile ditu partaide. Euren arteko lankidetza itunaren bidez eratu da nazioarteko posizionamendua hobetzeko helburua ere baduen egitura.

Aipatutako hamasei eragileak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko (ZTBES) kideak dira: elkarlaneko lau ikerketa zentro (CIC Biogune, CIC Nanogune, CIC Biomagune eta CIC Energigune) eta hamabi teknologia zentro (Tecnalia, Tekniker, Ikerlan, Ceit, Cidetec, Vicometch, Gaiker, Azti, Neiker, Ideko, Azterlan eta Lortek). Egitura berriarekin, lankidetzako dinamikak sortu nahi dituzte, eta «masa kritikoak batu».

Atzoko aurkezpenean agertu zutenez, sinergiari bide ematea eta tartean diren eragile guztien gaitasunak sendotzea dute helburu, «ikerketa arloan nazioartean liderrak diren erakunde handiekin lehiatu ahal izateko». Mendaroko Kurutz Gain industrialdean dago partzuergoaren egoitza.

300 milioi euroko sarrerak

Aurkezpenean parte hartu zuten Iñigo Urkullu lehendakariak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak (Tapia bera izanen da BRTAko burua), baita partzuergoko kide diren zentro guztietako ordezkariak eta hiru foru aldundietakoak ere. Azpimarratu zutenez, BRTAk zenbait gaitasun koordinatzen ditu, eta 3.700 lagun eta 300 milioi euroko diru-sarrerak mugitu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako I+G jardueraren gastuaren %22 inguru egiten du. Zientzia arloko 1.300 argitalpen ditu indexatuak, eta urtean ehun EPO eta PCT patente.

Partzuergoak zenbait jarduera eremutan lan eginen du. Alde batetik, egitura osatzen duten eragileen zientzia eta teknologia gaitasunak antolatuko ditu. Giza baliabideen garapena ere koordinatuko du.

Bere beste eginkizunetako bat ezagutzaren transferentziarekin lotua dago. Partzuergoko eragileak merkatu berriak arakatu eta irekitzera bultzatuko ditu. Halaber, BRTA markaren kudeaketaren inguruan koordinaturik jardutea bermatuko du. Horrekin guztiarekin zientzia eta teknologia zabaldu nahi dituzte jendartean.

Ekonomia eta finantza jardueran elkarrekin kudeatuko dute egitura, eta laguntza zerbitzua emanen dute partzuergoko eragileen I+G+b jarduerarako.

Gobernu egitura eta organoak

BRTA partzuergo berriak batzar nagusi bat izanen du, bere presidentetza eta presidenteordetzarekin. Kudeaketa eta zuzendaritza organoak ere izanen ditu, eta bi aholku organo.

Batzar nagusia partzuergoaren gobernu organo gorena izanen da, eta eragile guztiak egonen dira bertan ordezkatuak. Bi urteko gehieneko epean, ospe handiko adituez osatutako nazioarteko adituen aholku batzorde batez hornituko da BRTA. Rikardo Bueno Zabalo izendatu dute partzuergoaren zuzendari.

Funtsa jarriko dute martxan

Urkulluk BRTAren aurkezpena baliatu zuen Lakuak uztailean funts publiko pribatua martxan jarriko duela jakinarazteko. 200 eta 250 milioi euro artean izanen ditu eta dozenaka eragiketa aztertzen ari dira jada.

Lehendakariak nabarmendu zuenez, enpresak finantzatzeko tresnak sortzeko lanean ari dira eta horren baitan sartzen da heldu den hilabetean abian jarriko duten funtsa. Enpresak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sustraituak egotea bermatzea izanen da bere zeregina.

Instituzioak, finantza entitateak eta Mondragon daude funts honen partaideen artean. Enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko eta tokian tokiko ehun produktiboarekin lotuak egoteko azterketak egiten ari direla azaldu zuen Urkulluk.