GARA
DONOSTIA

«Dantza» filmari buruzko argazki erakusketa, Igartubeiti baserrian

Ezkioko Igartubeiti dolare baserrian Telmo Esnalen “Dantza” filmaren inguruko argazki erakusketa zabaldu dute. “Igartubeiti dantzan!” irailaren 30era arte ikusi ahal izango da.

Erakusketaren baitan, baserrian filmaren irudiak daude ikusgai, bisitariak baserriaren errealitatea eta filmeko fikzioa alderatu ditzan. Izan ere, bertan filmatu zituen Esnalek pelikulako hainbat eszena 2014an.

Interpretazio zentroan filmari eta filmaketari buruzko informazioa dago eskuragarri. Lau paneletan filmaren sorrera eta ideiak jasotzen dira, Esnalek idatzitako testigantzen eta Koldobika Jauregi arte zuzendariaren sorkuntzen bitartez. Paneletan, gainera, bitxikeriak ere kontatzen dira.

“Igartubizia” atal birtualean Koldobika Jauregik eta Xabier Artola argazkilariak Igartubeiti baserriarekin izan duten harremanari buruzko elkarguneak eta solasaldiak aurkituko ditugu.

Egitaraua osatuz

Bestalde, familientzako eta haurrentzako lantegiak prestatu dituzte. Sagarra oinarri izanik, naturaren zikloaren errepresentazio dantzatua egingo dute; hau da, sagarrondoaren hazia ereitetik sagar uzta bildu artekoa. Irailaren 14an egingo dute familientzako tailerra; haurrekin, berriz, udalekuen baitan landuko dute gaia udan zehar, ekainaren 25etik uztailaren 20ra bitartean.

Era berean, Koldobika Jauregik eta Xabier Artolak bisita gidatua eskainiko dute irailaren 7an, 12.00etan.

Erakusketarekin lotuta ezin zuen kale egin “Dantza” filmaren proiekzioak. Interpretazio zentroan eskainiko dute irailaren 28an, 17.30ean. Aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da eserleku kopuru mugatua baitago.