Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Entrevue
MARIAN GALARRAGA
TINKO EUSKARA ELKARTEAREN SORTZAILEA ETA LEHENDAKARIA

«Filmak azpititulatzeak euskararen kontrako tranpa bat dakar berekin»

Begiratu hutsarekin ziurtasuna erakusten duen pertsona da Marian Galarraga. Errealitatearen aurreko jarrera hori baliatu zuen orain 25 urte Tinko sortu eta eskola-haurrei euskarazko zinema helarazteko proiektua abiatu zuenean, eta ziurtasun horri eusten dio egun ere, sektoreak eraldaketa eta instituzioen babesa behar dituela baieztatzen duenean. Tinkoko zuzendaritza utzi du, «inoiz ez lehendakaritza».

25 urte atzera eginda, zer testuingurutan sortu zen Tinko?

Ziztu bizian pasa dira 25 urte, ez gara geldirik egon eta horregatik izango da (barreak). Urrutirago joan nahi nuke, 80ko hamarkadara: 1981ean hasi ginen bikoizketan, euskarazko telebista bat sortu behar zela-eta emozioz gainezka. Eskola bat antolatu zuen Eusko Jaurlaritzak, gidoilariak, bikoiztaileak, aurkezleak, teknikariak... denetik behar zelako eta ni bikoiztaile sartu nintzen. Euskararen mundutik gentozen gehienak, ni gau eskoletatik, eta gogoan dut nola jarri zizkiguten irakasle katalan batzuk, Katalunian bikoizketa onak egiten zirelako; erdaraz ikasi behar izan genuen, gero euskaraz egin ahal izateko.

Hiru hilabetean ikasi genuen bikoizten, eta gero Mikel Mendizabal eta ni izan ginen hurrengo ikastaroa eman genuenak, gero Bizkaitik etorri ziren, katalanak gugana etorri ziren bezala gu ere joan ginen Galiziara irakastera... eta horrela hasi ginen, pixkana-pixkana.

Eta nola egin zenuen Tinko sortu eta zinemarako jauzia?

Bikoizketan ari ginela, marrazkiak, pelikulak... denetik ekoizten genuen, telebistan euskara zegoen, bideoak ekoizten ziren... eta ‘zineman zergatik ez dago euskararik?’ galdegiten nion neure buruari. Orduan lan asko izaten genuen, eguneko 20 ordu ere aritua naiz, guk 15 egunean bikoizten genuena telebistak ordu erdian jaten zuelako, eta K2000 itxi zenean –bertan egiten nuen lan– zinema aretoetan zer gertatzen zen ikusi behar nuela erabaki nuen. Jaurlaritzako Kultura Sailera joan nintzen galdetzera, eta ‘hori ezinezkoa da’, esan zidaten, saiatuak zirela euskaraz bikoizten baina teknika aldetik zailtasunak zeudela. Gertatu zitzaien zentsura garaiko filmetan zati bat moztuta egonda ere besteek aurrera egiten zutela, eta irudia eta soinua ez zetozela bat. Hain esperientzia txarra izan zuten ez zutela gehiago ezer jakin nahi izan, baina eskarmentua da hori: orain bagenekien egoki bikoiztu ahal izateko soinu banda originalarekin egin behar genuela lan. Bikoizketak non, noiz eta nola egiten ziren ikasi genuen eta geure kabuz euskarazko film bat ekoizten saiatu ginen. Eta ondo atera zen.

Tarte horretan bertan jakin nuen eskolak zinema ikustera eramaten zituela haurrak, gazteleraz. ‘Ez da posible’, pentsatu nuen, ‘zer pentsatu behar dute haur horiek, euskara eskolan bakarrik hitz egiteko dela? Gauza politak eta ametsak eragiten dituztenak erdaraz jaso behar dituzte?’. Ikastetxez ikastetxe galdeketa egin nuen umeentzat egokiak ziren filmak euskaraz ematea zer irudituko litzaiekeen galdetuz, eta poz-pozik jarri ziren, izugarrizko interesa erakutsi zuten. Lehen urtean, 5.000 ume joan ziren zinema euskaraz ikustera.

Orain 85.000 haur inguruk hartzen dute parte Euskara Zine Aretoetara programan.

87.000 dira. Izugarria da, bai. Hor ikusten da beharra bazegoela. Hala ere, jaitsiera une batzuk izan ziren, sozialistak Hezkuntzan sartu zirenean gogoan dut nola esan zidaten ‘ez dago dirurik, ez dakit enteratu zaren krisian gaudela’ eta dirulaguntza guzti-guztiak kendu zizkiguten. Oso gogorra izan zen, gure ibilbide guztiko gogorrena ziurrenik, zer eginik ez zegoela pentsatu nuen. Irakasleei esker egin genuen aurrera, gehixeago ordaindu behar bazuten ere programak jarraitu behar zuela ikusten zuten, eta hala irten ginen zulotik.

Euskara aisialdiko hizkuntza ere izan daitekeela ikasiko zuten haur askok. Euskarari balioa eman dio programak.

Nik uste dut baietz. Dibertigarria den guztia erdaraz ematen digute; zirkua, adibidez; beti pentsatu izan dut nolatan ez zegoen zirkurik euskaraz, baina ez nintzen ni hasiko zirkua egiten... ez dakit ezer horri buruz. Baina bikoizketaz bai. Bakoitzak bere arloan ikusi behar ditu hutsuneak eta gabeziak, eta ahal duena egin. Niretzat, egindako lan eta neke guztiak gainditzen ditu 3 urteko haur bat zinera sartu eta, han eserita burua kasik ikusten ez zaiola, euskarazko pelikula hastean jartzen duen aurpegia ikusteak. Aurpegi horiek bete egiten naute, badakidalako zinema areto batean jaso duten lehen filma euskaraz jasotzearen esperientzia betirako edukiko dutela, eta euskarak beste balio bat izango du beraientzat.

Euskarak gauza moderno guztietan egon behar du, beste hizkuntzen mailan egon behar du, eta nork bere arloan lan egin behar du horretarako. Baina konturatzen naiz agian zaharkituta geratu garela, gazteek beste teknologia eta bide batzuk erabiltzen dituztela.

Eta ari da sektorea formatu eta kontsumo molde berrietara egokitzen?

Nik nire oinordekoei [Galarragaren seme-alabek hartuko dute Tinkoren ardura] hori esaten diet: gazteak zarete eta teknologia guztiak dituzue alboan, zuen erronka hori izango da, teknologia berrietara egokitzea euskara, zinea eta datorren guztia.

Aipatu duzu hiru hilabeteko ikastaro bat eginda hasi zinetela bikoizketan. Egun, prestakuntza bat dute bikoiztaileek, horrek ere ekarriko zuen kalitatean hobekuntza, ezta?

Mundu honetara bikoizten jakinda etorri diren oso gutxi ezagutzen ditut (barreak), baina horietako bat Iñaki Beraetxe da. Hori mila gauza jakinda jaio zen, fenomeno bat da. Beste guztiok ikasi egin behar izan dugu. Eta ez da bakarrik teknika ikastea, hein handi batean bikoizle on bat baita esperientzia duena; berriak beti du berri kutsua. Kalitatea asko igo da; egun euskarazko bikoizketak ez dio inongo inbidiarik gaztelerazkoari edo katalanari; oso maila ona lortu da. Orain gertatzen dena da ez dagoela lanik.

Beraetxe da, hain zuzen, Bieuse bikoiztaileen elkarteko lehendakaria. Greban daude, euren lana balora dadila eskatuz. Nola ikusten duzu egoera?

Tristea da. Oso tristea. Hemen gakoa ETBn dago, euskarazko bikoizketa ez baita TV3n edo Tele5n saltzen... Bezero bakarra ETB bada eta hark ez badu pelikula bakar bat ere euskaraz jartzen, esango didazu zer egingo dugun... Zergatik? Hori beste kontu bat da. ETBk momentu honetan agian ezin du pelikula bakar bat ere erosi.

Guk, adibidez, hasieran eskubide guztiak erosi behar genituen, eta gero ETBk pelikulako 500.000 pezeta ematen zizkigun, DVDak ere ateratzen genituen eta hala berreskuratzen genuen eskubideen dirua. ETB krisi gogor batean sartu zenean hasi zen 200.000 pezeta ordaintzen, eta gero ezer ez. Baina guk berdin erosten genituen eskubideak, DVDak ere ez ziren saltzen... planteamendua aldatu behar izan genuen.

Orain, Zineuskadirekin, eskolako haurrentzat emititzeko eskubideak bakarrik erosten ditugu, 2-3 pelikula proposatzen ditugu Tinkotik eta hor badago talde bat, Sadeko burua barne, ze pelikula jarri nahi dituen aukeratzen duena: Tinkorenak ez dituzte sekula aukeratzen. Gure umeentzat pelikula duinak nahi ditugu guk, balore batzuk dituztenak, ze Disneyren pelikula horiek... ideologia aldetik kaskarrak dira.

ETB zein Zineuskadi Lakuako Gobernuaren menpeko dira. Hor egongo da esku-hartzeko modurik, ezta?

Hori litzateke bidea, haiek diru edo baliabide gehiago bideratzea, baina bikoizketarako bakarrik, ez hor dagoen jende pila horri soldata ordaintzeko.

25 urteren ostean, nola ikusten duzu zine aretoetan euskarazko filmek duten presentzia?

Ba, esango dizut nik proiektu hau aurkeztu nuenean nire ilusioa, gogoa eta nahia zela handik hamar urtera areto guztietan pelikula guztiak euskaraz eta erdaraz egotea. Bietara. Eta... begira nora doan nire asmoa.

0 egotetik tarteka 1 egotera pasatu gara.

Bai. Zertxobait hobetu da, gaur egun badaude haurrentzat pelikulak, Eguberrietan gehiago... gutxienez badaukate zinema areto batera sartu eta filma euskaraz ikusteko aukera. Orain 25 urte pentsaezina zen halakorik.

Erakundeek filmak euskaraz azpititulatzearen aldeko jarrera erakutsi izan dute: bikoizketa baino merkeagoa da, baina ikusten diozu eraginkortasunik euskalduntzeari begira?

Nik oso ondo ikusten dut azpitituluena, baina helduentzako filmetan. Hori bai: jar dezatela pelikula bera originalean eta euskaraz azpititulatuta areto batean, eta gazteleraz azpititulatuta bestean. Diferentziarik ez dugu nahi. Oso ondo dago gazteleraz bikoiztuta txukun-txukun ematea eta euskaraz azpititulatuta, jakinik horrek ahalegin bat eskatzen diola ikusleari, ze pelikula ikusten eta irakurtzen ari da. Euskararen kontrako tranpa da hori. Eta haurrentzat, dudarik gabe, ez du balio azpitituluak: 10-14 urtetik gora eta ingeles maila dezentea badute ondo, baina haur txikiek ez dute horretarako gaitasunik. Bikoiztuta egon behar dute bai ala bai.

Tinkok 25 urte egin ditu eta zuzendaritzari agur esango diozu; ez, ordea, lehendakaritzari. Zure semeak aipatu dit lehen, utzi, sekula ez duzula utziko Tinko. Ze sentsazio dituzu?

(Barrez) Jo ba sentsazioa daukat nire atzetik etorri direnak eta Tinkoren kargu egin direnak oso onak direla, oso esku onean utzi dudala oinordetza. Nik lortu ez dudana 25 urte hauetan beraiek lortu dute: Nafarroan sartzea. Ez nuen lortu, eta ederki ahalegindu nintzen... Orain, Gobernuan ‘gaiztoak’ daudela aprobetxatuta lortu dugu Nafarroan bi ikasturte egitea. Teknologia berrietarako ni baino askoz hobeto prestatuta daude, lortuko dute teknologia berriekin batera joatea.

Hori bai, lehendakaritza… nire umea da eta ez dut sekula utziko. Osasunak laguntzen didan artean, hementxe egongo naiz.

PROFESIOKIDEEN ARTEAN OSPATU ZUTEN URTEURRENA.

Hogeita bost urte ez dira egunero betetzen eta, haren aitzakian, bidelagun izandako hainbat pertsonarekin ospatu zuen Tinkok 25. urteurrena. Marian Galarraga (argazkian lore sortarekin) izan zen ohorezko gonbidatua: elkartearen zuzendaritza uzten badu ere, lehendakari izango da betiko.GARA