Asier AIESTARAN
EUSKO LABEL LIGAKO TALDEEN AURKEZPENA - DONOSTIARRA

Bigarren urtea Ligan, eta jada punta-puntara begira

Iaz gorengo mailan indartsu sartu ostean, badirudi Makazagaren taldea onenen pare ibil daitekeela aurten.

Kaiarriba Arraun Elkarteak anbizio handiko proiektua ipini zuen martxan 2017an. Eta lehen traineruari dagokionez, Igor Makazaga buru dutela, donostiarrek jarritako helburuak zintzo-zintzo bete dituzte azken bi urteetan: lehen urtean TKE Ligara nagusitasunez igotzea lortu zuten eta iaz itxura aparta emanda zazpigarren amaitu zuten gorengo mailan.

Aurten konfirmazioaren urtea izan beharko luke hiriburukoentzat, baina denboraldi aurreko emaitzak ikusita badirudi konfirmazio hutsa baino zerbait gehiago lor dezaketela, Ligako oilarren pare ibiltzea, alegia. Ez da komeni aurreratzea, urak jarriko du bakoitza bere lekuan, baina orain arte ikusitakoak hori pentsatzeko bidea ematen du: Lekeitioko estropadan garaile orain bi aste, bai eta Ondarroakoan ere, zazpi egun lehenago –eta asteburu horretan bertan bigarren Mutrikun–.

«Helburua iazko maila hobetzea da, eta hori esatean argi dago jada gora begiratzeaz ari garela, onenekin lehiatzeaz, iaz aurreneko postuetan amaitu zuten taldeekin egoteaz. Iaz gure aurreneko urtea izan zen TKE Ligan, eta atzera begiratzen dudanean irudipena daukat hanka puntetan bezala sartu ginela, zarata handirik egin gabe, eta uste dut iritsi dela gehiago estutu eta gogor zapaltzeko unea. Aurrerapauso bat eman behar dugu eta taldean inkonformismo puntu bat sumatzen dut, oso positiboa dena horretarako», zioen Igor Makazagak orain aste batzuk Eusko Label Ligaren web orrian.

Talde motza baina orekatua

Helburu horiek betetzeko, Donostiarrak iazko blokeari eutsi dio gehienbat. Baja batzuk izan dituzte, altak baino gehiago (zazpi joan eta lau etorri), baina iritsi diren lau arraunlariak ez dira edozein, trainerurik onenetan aritutako kirolari preziatuak baizik: besteak beste, Orion 2017an Kontxa irabazitako Jon Agirrezabala eta Endika Alberdi; Zumaia, Portugalete edo Urdaibai onenetan aritutako Ibon Basterretxea; eta San Juanen sekulako ibilbidea egin ostean Bermeorekin ia dena irabazita datorren Beñat Eizagirre.

«Orokorrean, eta asko laburbilduz, iaz baino talde motzagoa baina orekatuagoa daukagula esan liteke. Arraunlari gutxiago izango ditugu, baina talde bezala oso orekatua eta gaitasun handikoa». Horixe Makazagaren deskribapena datorren denboraldi gogorrari aurre egiteko. «Kirol ikuspegitik talde sinpatiko bat izateari utzi behar diogu eta talde deseroso bat izatera pasa. Talde handiei arazoak sortuko dizkien talde bat, estualdi bat emateko gai dena».