GARA
gasteiz

EAEn atzera egin du berrikuntzak, batez ere enpresa txiki eta ertainengatik

Europar Batzordeak duela hamarkada batetik kaleratzen duen txostenaren arabera, Hego Euskal Herriak behera egin du berrikuntzan: aztertutako Europako 238 eskualdeen artean 132. postuan dago EAE eta beheraxeago, 145.ean, Nafarroa. Lakua «kezkatua» agertu da.

Europako Batzordeak “Regional Innovation Scoreboard 2019” txostena argitaratu du berriki, Europar Batasuneko 238 eskualdeek berrikuntzan emandako pausoak baloratu eta alderatzen dituena, 27 adierazle kontuan hartuta; besteak beste, unibertsitateko doktoretza kopurua, erregistratutako patenteena, ikerketa eta berrikuntzan egindako inbertsioak, enpresa txiki eta ertainen ehunaren dentsitatea eta teknologia berriekin lotutako enplegua. 2017an kaleratu zen aurreko azterketa, eta ordutik behera egin du berrikuntzak Hego Euskal Herrian.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoa goi mailako berrikuntzako eskualde izatetik “moderatu plus” izatera pasatu da. Nafarroa, aldiz, “moderatu plus” izatetik “moderatu” izatera igaro da. 238 eskualdeen artean 132. postuan dago EAE eta beheraxeago, 145.ean, Nafarroa. Ipar Euskal Herria Akitania Berria makroeskualdean galdua gelditzen da, rankingaren 97. postuan.

Arantxa Tapia Lakuako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eta Manuel Salaverria Innobasqueko presidenteak «kezka» agertu eta berrikuntza «areagotu» behar dela baieztatu zuten; eurengandik hasita. «Ahulezia nagusia» enpresa txiki eta ertainen «berrikuntzarik eza» dela uste dute. Jaitsieraren beste bi arrazoi ere nabarmendu zituzten: inbertsio publiko-pribatu urria, eta espainiar Estatuko berrikuntza maila txikiak autonomia erkidegoei ekartzen dien zigorra».