GARA
USURBIL

Xua Gurasoekin Etxera, gizatasunagatik, justiziagatik

Urtarrilean, 3 urte betetzean, Xua etxera etorriko da. Berri zoragarria denak ez du, ordea, dena gozotik izanen, gurasoek preso jarraituko dutelako, kondenaren hiru laurdenak ongi beteak izanik, libre behar luketen arren. Plataforma bat sortu dute justizia lortzeko.

Xua Valentziako Picassent espetxean jaio zen haurtxo bat da eta urtarrilean beteko ditu 3 urte. Bere gurasoek, Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangak, atzo bete zituzten 10 urte kartzelan. 12 urteko zigorraren hiru laurdenak ongi beteak izanik espainiar legediaren arabera baldintzapean libre behar luketen arren, barrenean jarraitzen dute eta datorren urtarrilean, umeak 3 urte betetzean, banatu eginen dute familia.

Xua Euskal Herrira etorriko da, baina gurasoek preso jarraituko dute, eta banaketa benetan gogorra izanen da, 3 urteko umetxo bati gurasoekin egoteko eskubidea kenduko zaiolako. Hala kontatu zuten Xuaren aiton-amona, lagun eta herritarrek larunbatean, Usurbilen emandako prentsaurrekoan. Xua Gurasoekin Etxera plataforma aurkeztu zuten bertan.

Poliziaren tratu txarrak

2009ko ekainean atxilotu zituzten Olatz eta Patxi. Atzo hamar urte. Espainiar poliziaren operazioa izan zen, Garzon epailearen aginduz, eta biek tratu txarrak salatu zituzten. Geroztik espetxe bat baino gehiagotan izan dituzte biak banatuta: Soto del Real, Valdemoro, Brieva, Foncalent eta Picassent. Gaur egun Picassenten daude, baina modulu desberdinetan. Ama-alabak 24 orduz elkarrekin. Aitak astean bitan ikusten ditu. 2011ko azaroan ezkondu egin ziren Foncalten. Hilabete baino lehen banandu zituzten berriz senar-emazteak. 2016an Olatz haurdun geratu zen eta Picassenteko amen modulura eraman zuten.

Sara Majarenasen alaba, Izar, aitak labankadaz zauritu zuen garaiak ziren. Elkarrekin egon ziren Olatz eta Sara. Izarren ondoren, gurasoengandik bananduko duten lehen umea izanen da Xua.

2017ko urtarrilean jaio zen Xua Valentziako ospitalean. Amona Mari Karmen, biloba ezagutzera joan eta pneumonia batek jota, larri ingresatu zuten ospitale berean. Umea jaio eta bi egunera. Hilabete baino gehiago egon zen zainketa intentsiboetako unitatean. Egoera gogorra izan zen. Ama alaba jaio berriarekin, amona zainketa intentsiboetako unitatean eta aita beste espetxe batean. Patxiri ukatu egin zioten erditzean egoteko baimena. Otsailaren 8ra arte ezin izan zuen Xua ezagutu eta Olatzekin egon.

Lasagabasterren hitzak dira: «Gure ziegak 12 metro koadro ditu. Bi ohe, leiho txiki bat, harraska, komuna, bainuontzi txiki bat eta apal bat». Xuaren hitzak: «Leku itsusia da eta jende tristea atea zabaldu eta ixten diguna. Baina amatxok dio hemen ez gaudela betiko». Patxiren hitzak: «Astean bitan ikusten dut Xua. Asteartean ordubetez, ostiralean beste ordubetez. Horrez gain, bi aurrez aurreko ditugu hilean, hirurok elkarrekin egoteko. Denera 13-14 ordu egiten ditut hilean nire alabarekin».

Premia bizia

Xua Gurasoekin Etxera kanpaina martxan jartzeko premia bizia ikusi dute Orioko eta Usurbilgo lagunek, injustizia hau salatu eta konpontzeko.

Hamaika ekimen jarriko dituzte martxan: egoera gogor honen eta herri ekimenaren berri ematen duen aldizkaria sortu dute; sinadurak bildu eta Orio eta Usurbilgo udaletan mozioa aurkeztu; Xuaren “X” erraldoi batekin logotipoa egin eta arropa salduko dute; Orio eta Usurbilgo argazkiak postal bihurtu dituzte espetxera bidaltzeko; eta kantu bat ere egiten ari dira.