Asier AIESTARAN
Arrauna

Hasiera bikaina ahalik eta gehien luzatzen saiatuko dira Orio, Zarautz eta Hibaika

Jokoan ipini diren hamar banderetatik bederatzi arraun elkarte horiek eramandituzte. Getxo izan da, KAE-2 Ligan, aginte horretatik ihes egin duen bakarra.

Garaipenak ia beti uzten du zapore bikaina, baita errepikatzeko gogoa ere. Horixe pentsatuko zuten Oriok, Zarautzek eta Hibaikak, traineru denboraldiaren hasiera honetako hiru protagonista nagusiek. Arraun elkarte bakoitzak hiru bandera eraman ditu etxera: oriotarrek Eusko Label Ligako biak eta KAE-2 Ligako bigarrena; zarauztarrek KAE-1 Ligako aurreneko hirurak; eta errenteriarrek ETE Ligan jokatutako beste hirurak. Getxo izan da aginte horretatik ihes egitea lortu duen bakarra, KAE-2 Ligako lehen estropada irabazita aurreko astean, Erandion.

«Entrenamenduetan ongi ari ginen arraunean, baina lehiaketa desberdina izaten da. Inoiz ezin duzu jakin aurkariek zer maila emango duten. Baina guk entrenamenduetan egindako lana lehiaketan islatzea lortu dugu eta hori da benetan pozten gaituena», adierazi zuen Gorka Aranberri patroiak igandean Zierbenako estropada ikusgarria irabazi berritan.

Bezperan erlojupekoa irabazi zuten Bilbon, eta egun bat beranduago lineako ohiko estropada. Bi proba desberdin, baina modu berean hartu zituztenak: «Denboraldiko lehen estropada zen linean, aurkariak alboan izanda, baina gure lanean oso kontzentratuta joan gara, albokoei begiratu gabe. Taldeak sekulako lana egin du eta orain hurrengo estropadan pentsatu behar dugu».

Eta arrakastaren gakoetako bat Imanol Garmendia arraunlariak eman zuen bezperan, Bilboko garaipenaren ondorengo ospakizunean: «Talde oso polita daukagu, giro bikaina dago gure artean, eta horrek asko laguntzen du neguko hilabeteetako lan nahiko deseroso hori hobeto eramaten».

Aldaketa gutxi, seinale ona

Larunbatean arraun egin zuen kuadrilla hauxe izan zen: Imanol Garmendia, Joritz Etxeberria, Bersaitz Azkue, Martxel Aldai, Fernando Valenciaga, Ibai Gonzalez, Odei Arrizabalaga, Josu Ostolaza, Jon Etxaniz, Leandro Salvagno, Xabier Arregi, Ibon Arruti eta Aritz Lizarralde, Gorka Aranberri patroi zutela. Jon Salsamendik bi aldaketa bakarrik sartu zituen igandean Zierbenan, eta gainera jendea postuz aldatu gabe. Paul Galdiz Ibai Gonzalezen lekuan ipini zuen eta Alex Esteban Odei Arrizabalagarenean.

Goiko borrokan ibili diren sei ontzi nagusien artean, Donostiarra izan zen aldaketa gutxien egin zituen beste taldea; hauek ere bi aldaketa eta igandean emaitza bikainarekin: Aritz Etxebestek hartu zuen Ibon Arrietaren lekua eta Joxe Leibarrek Xabat Pastorrena.

Zierbena, Hondarribia, Santurtzi eta Urdaibai lau eta sei aldaketa artean ibili ziren egun batetik bestera, postu aldaketa batzuk ere bai tartean, eta datorren astetik aurrera aztertu beharko da errepikatzen den joera bat den edo lehen asteburuko erabakia bakarrik.

Esaerak dio ongi dabilena ez ukitzea izaten dela onena, eta KAE-1 Ligan Zarautz da horren erakusgarria. “Enbata”-k hirutik hiru irabazi ditu, eta hiru estropadetan aldaketa bakarra egin du Gari Urangak, aurreneko bietan taldea errepikatu zuen, eta azkenekoan Iñigo Galdos kendu, eta Ion Jauregi sartu.