Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Irudimenaren palinpsestoa Sarrionandiaren obretan

Palinpsestoetatik mapetara eta mapetatik utopiara, Joseba Sarrionandiaren literaturgintzan erreferentzialak izan diren elementu eta baliabideez jardun da Nerea Arruti EHUren Uda Ikastaroen barnean aurkeztu duen «Joseba Sarrionandia intermitentea» hitzaldian. Literatura doktoreak idazle iurretarraren gaineko ikerketa zabalago bat du esku artean eta, tesietatik urrun, galdera irekiak utzi nahi izan ditu Tabakalerako solasaldian.

“Literatura mutanteak” dituzte hizpide egunotan Tabakaleran EHUren Uda Ikastaroen baitan, eta atzokoan Joseba Sarrionandiaren literaturgintzak dituen geruzez jardun zen Nerea Arruti literaturan doktorea. Zehazki, Iurretako idazlearen lanen gaineko ikerketa egiten ari da eta, tesi itxiak eman beharrean, «galdera irekiak» plazaratzea hobetsi zuen. Hala, hasieratik utzi zuen argi «kontzeptuez» jardungo zela “Joseba Sarrionandia intermitentea” solasaldian.

“Palinpsesto” izan zen lehena; alegia, testu zahar baten gainean berria idaztea. «Askotan testua ez da ondo ezabatzen, eta biak ikus daitezke», azaldu zuen Arrutik, eta palinpsestoak testuetatik at ere izaten direla argudiatu zuen, Tabakaleraren eraikina adibide gisa jarriz: behinola tabako fabrika izan zena kultura garaikidearen zentro da egun. «Fabrikaren gainean eraiki da eta gauza asko berritu dira baina beste batzuk, izena barne, mantendu egin dira. Tipularen azalak bezala dira». Literaturari dagokionez, kontzeptua lausoagoa dela esan zuen, idazle batek beste batzuengan izan dezakeen eraginarekin nahas baitaiteke palinpsestoaren ideia, baina Arrutiren hitzetan, sormenean dago gakoa: «Etengabe memoria lantzen ari gara, lehen era batekoa zena aldatu egin da orain, irudimenak nola funtzionatzen duen interesatzen zait. Sarrionandiaren itsasoaren irudian, esate baterako: nire interesa prozesuan eta erabileran dago».

Palinpsestoetatik Iurretakoaren obretan presente dagoen beste elementu batera, mapetara, egin zuen jauzi Arrutik. «Askotan palinpsestoak ere badira, zenbait idazlek mapen gainean idatzi baitute», Sarrionandiak kasu. Hala, idaztea norbere burua munduan kokatzeko baliabidea dela defendatu zuen Arrutik, «idaztea gure kartografia zehaztea ere bai baita».

Mapekin jarraituz, Thomas Morek utopia izen bereko liburuaren azalean (“Utopia”, 1516) uharte bat bezala irudikatzen zuela nabarmendu zuen eta, Sarrionandiarekin lotura eginez, gaurdaino iritsi den utopiaren adieratik urrun iurretarrak etimologiari lotuta (grezieratik, u «ez» eta topia «lekua») utopia ez-leku gisa deskribatu izan duela ekarri zuen gogora: «Berak askotan errepikatzen du poesia utopia dela, eta utopia ez-lekua. Poesia utopia da, ez leku perfektu bat, baizik eta etengabe eraikitzen ari den zerbait», defendatu zuen, “Inongo lekuak” poema irakurri ostean.

Erwin Schrodinger fisikariak 1930eko hamarkadan egindako esperimentua ere aipatu zuen: katakume bat kutxa erradioaktibo batean sartu eta jendeari ea bizirik ala hilda zegoen galdegiten zion. «Pertzepzio aldetik, batzuek bizirik ikusten zuten, besteek hilda. Poesia katu hori bezalakoa da, ikusleak erabakitzen du bizirik edo hilda dagoen eta, beraz, Sarrionandiak esan izan duen bezala, irakurleek egiten dute testua».

Fantasia vs irudimena

Samuel Taylor Colerigde ere izan zuen gogoan Arrutik. XVIII. mende bukaeran, irudimena eta fantasia bereizi zituen: «Errealitatea eraldatzen duena irudimena da, fantasiak ihes egiteko balio du», esan zuen Arrutik eta, alde horretatik, Sarrionandiak «dena idazteke» dagoela errepikatu izan duela gaineratu zuen. Horregatik berridazten dituela bere poemak, irudimenetik etengabe eraikitzeko: «Aldatu, berritu, eraldatu egiten ditu, errepikapenean sortzen delako aldaketa. Testu bat argitaratzen dugunean itxita dago, baina berak irekita uzten ditu». “Martin Larralde”-ren bi bertsioak jarri zituen adibide: «Aldaketa potenteak egiten ditu: bigarrenean ireki egiten du poema, erritmoa ere zeharo aldatzen da». Egundo/sekula edo larrosa/sagarroia aldaerekin poemak «beste oihartzun bat» hartzen du, Arrutiren iritziz.

Bigarren bertsioa Ruper Ordorikak musikatu zuen eta Arrutik Sarrionandiaren lorpenen artean sartu zuen musikagintzatik irakurle ez dituenengana iritsi izana ere: «Kanta horiek gure bizitzan eduki dute eragina, baina guk ere idazten ditugu gure gorputzekin kontzertuetan. Erritual kolektiboak dira».