03/07/2019

PAXKAL INDO
SEASKAKO ETA GARAPEN KONTSEILUKO PRESIDENTEA

Musikaria eta ZTK argitaletxeko burua, lanbide duen artea alde batera utzi gabe, Seaskako lehendakaria izan da hamaika urtez. Ikastolen federazioko ardura abuztuan utziko du, eta Garapen Kontseiluko presidentetza bere gain hartu zuen joan den astean.

«Uste dut Seaskan bizi izan dugun garapenak beldurtu dituela Pariseko agintariak»
Idoia ERASO|URRUÑA
0703_eg_indo1

Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko presidente gisara hamarkada batez baino gehiagoz egindako lana hizpide izan du Paxkal Indok azken aste hauetan, baina aurreko astean sorpresa eman zuen agurra hitzaren bi zentzuetan egin behar zitzaiola adieraziz, Seaskako presidentetza utzi baina Garapen Kontseilukoa hartu baitu. Aurreko ostegunean kontseiluak egin zuen biltzar nagusian bozen gehiengo zabala lortu zuen; eta larunbatean, federazioko batzarrean, lekukoa Peio Jorajuriari pasa zion.

Zer bilan egiten duzu Seaskan egin duzun lanaz?

Erran nezake ni hor nintzelarik gertatu diren aldaketetan izan direla hiru tendentzia inportante. Bata, berriz hasi garela garatzen, ohiko garapen normaletik goiti. Nahikeriaz izan da, ikastola berriak eginik. Bigarrenik, Seaskaren normalizazioa jendetzan eta hautetsien artean; normalizazio horri eman genion bultzada.

Hirugarrena Estatuarekin dugun hitzarmena da; bitxia da gaur erratea, noiz eta ez den sinatua: hirugarrena pasatua da duela urtebete pasatxo, eta laugarrena ez da sinatu; baina hiru lehenak nik sinatu nituen, eta normalizatu ditu momentu batean gauzak. Harremanaren normalizazioaren bidean gara hitzarmenari esker, eta hori, dudarik gabe, Euskararen Erakunde Publikoaren bidez lortu da. Seaskaren azken hamar urteak biziki lotuak dira Iparraldeko egituraketarekin, euskara politikaren egituraketarekin.

Zure ekarpenak zeintzuk izan direla esanen zenuke?

Umore zerbait ekarri dut, eta beharbada olio pixka bat engranaje guztien aitzinarazteko. Batzuetan, negoziazioetan, nahiz eta epea hurbiltzen ari, ez panikatu, eta egon loturik xedeari. Pertsonalifikatzen ahal baldin bada zerbait, nire manera batzuk dira, bai komunikatzeko, bai negoziazioen eramateko. Egia da irri karkaila anitz entzun ditugula, beharbada hemendik goiti entzunen ez ditugunak. Azken finean, nahiz eta gauza horiek guztiak serioski egin ditudan, ez ditut serioski hartu.

Herri Urratsen hautetsiek agur publikoa egin zizuten, irri eta olio horren aztarnak sumatzen ziren beraien hitzetan. Nola pasatu dira jendartearen gibelean egin diren negoziazio horiek?

Filtrorik gabe, nire baitatik beti mintzatu diet erranez: badugu egitura bat Seaska deitzen dena eta horrek baditu beharrak. Haiek engaiatu dira, omen, gu bezainbat euskara salbatzeko, Seaskak, baditu ahal anitz horren lortzeko, baina falta dituzte medioak; beraz, ez badituzte medioak ezartzen, ez da egia euskararen aldeko politika bat egin nahi dutela.

Hori argi baldin baduzu, indar joko batean sartzen zara, eta joko horretan lasai zara, badakizulako arrazoi duzula. Uste dut Seaskako kide guztiek, sartu diren azken haur edo gurasoetatik, aspaldi hor den langileraino, konfiantza ukan behar dugula gure indarraz. Herriak sekulakoa lortu du, 4.100 ikasle gaur egun, horien gurasoak, Seaskatik pasatu direnak, gehi aitatxi, amatxi eta bertze, milaka eta milaka pertsona dira Seaskarekin zuzen-zuzenean lotuak; beraz, segur izan behar gara gure indarraz. Horretaz segur izanik joan naiz jende horren ikustera, taburik eta konplexurik gabe.

Sukaldeko lanak batzuetan irringarriak dira, beste batzuetan ez. Argi errateko, hemen ematen ahal dut izen bat: Pierre Barriere inspektorea; behin baino gehiagotan nahi izan dut jo, eta ez dut problemarik horren errateko. Erakusten zigun mespretxua, bai euskararekiko, bai gure kulturarekiko, eta ematen gintuen nerbio eta haserre batean, non batzuetan enbeia ematen zuen berarekin joka hastea, eta lortu dugu urrats hori ez ematea. Hitzarmena ez bada sinatua, Barriererengatik da. Batzuetan oso gogorrak izan dira negoziazioak, dorpe eta bortitzak.

Hautetsien sostengua anitz garatu da azken urteotan.

Sendotzen eta sustraitzen ari da. Egia da erraiten digutena betetzen saiatzen direla, ez baitute guztiek hori egiten. Gureek erraten digute lortzen delarik; baina lortzen ez dutelarik ere, zer saiatu diren egiten erraten digute. Konfiantza eman diegu, eta haiek ere eman digute. Hautetsien gehiengo handi batek hartzen baldin badu Seaskaren lan bat, bururaino eramaten du, badakielako bertzenaz ez dugula barkatuko.

Egoera oso larrian dago egun euskarazko hezkuntza.

Uste dut bizi izan dugun garapenak beldurtu dituela Pariseko agintariak, administrazioan bederen. Pariseko hautetsiek ez dakite existitzen garenik ere, eta hori arazo handi bat da; 578 parlamentari badira Frantzian eta guk 2,5 besterik ez ditugu. Gureez gain badakite katalan batzuk, bizpahiru alsaziar, bospasei bretoi, hamar bat okzitaniar eta tut, minoritate handi batean gara.

Abantaila ere izan daiteke, Parisen eskualde hizkuntzen kontrako diskurtsoa oso bortitza da batzuetan, eta garapen hori gauzatzen ari dela ez jakitea, zuen onerako ere izan daiteke.

Baliteke, baina problema da gure kontra ari direnek ikusi dutela garatzen ari garela. Gehiengo handiak ez daki deus eta ez du jakin nahi; eta gero badira bi gutxiengo: hizkuntzen kontra dena eta alde dena; eta bien borroka izanen da atzematea futitzen diren horietan bizpahiru boto alde edo kontra egiteko.

Administrazioan ohartu dira, eta horiek kontra ditugu osoki. Paristar administrazioko jende horiek dogmatikoki erabaki dute gure hizkuntza lanjer bat dela. Ez du arras horrela erran, baina entzun duguna Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren erranetan hori da, lanjer bat badela haien hizkuntzarekiko. Erraten dutelarik murgiltze ereduan ez dutela gero hain ongi hitz egiten frantsesa, ez da egia, badakigu nota hobeak ditugula frantsesez.

Emmanuel Macron gobernura heldu zenetik egoerak okerrera egin du.

Logikoa da, partiduak nola antolatuak diren eta horrela da. Macronek lortu du hautatua izatea partidurik ez zuelarik. Zentralistak izaten ahal dira, tokiko jenderik gabe hautatuak izan baitira; beraz, superzentralistak dira, ez baitute inoren beharrik eskualdeetako komiteetan, eta guretzat ez da on.

Peio Jorajuriak hartuko du zure lekukoa Seaskan. Zer lan izanen ditu egiteko?

Bada lau urte baino gehiago gurekin dela bulegoan, biziki ongi ezagutzen du. Konfiantza osoa dut Seaskan, nonbait lehendakariak ez du hainbeste gauza asmatzeko; hala ere, erran dezakegu Peiok izanen duela besteek bezalako lana. Medioen eta baliabideen eskuratzeko borroka eraman beharko du Parisekin; hori da lehen gauza, negoziazioa ez baita inoiz bukatua. Ikastola berriak plantan ezarri beharko dira, hala nola Arbona-Ahetzekoa sartzean.

Nik zinez konfiantza badut, nahiz eta ezberdin eginen duen. Beharbada txiste gutxiago izanen da, baina seriostasun gehiago hain segur, Peiok gauzak ikertzen eta estudiatzen ditu, ni anitzetan bertsolari bat bezala joaten nintzelarik. Bakoitzak bere gaitasunekin egin behar du, eta ez dut dudarik Peiok ongi eginen duela.

Hurrengo ikasturterako uste duzu Seaskak behar dituen postuak lortzeko aukerarik badela?

Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Beñat Arrabiti gutun bat igorri nion joan den astean, galdetzeko sos zerbait lortzen ahal den gure bost postu ordaintzeko, 200.000 euro falta ditugu. Egon litezke beraz 15 postu ordainduak, eta 13 gure partez, horrela sartzea antolatzeko gai eta prest geundeke. Horrela sinatzen ahalko genuke hitzarmena; ez bada sos hori, ez dakit nola bukatuko dugun urtea, eta, ondorioz, joan naiteke lehendakaritzatik hitzarmena sinatu gabe. Domaia da, inportantea baita horren sinatzea: horren arabera, araurik gabeko jokoa izanen da edo ez. Badakigu izugarri ontsa araurik gabeko jokoa eramaten Seaskan; ez nuke erranen maite dugula, baina borrokatzen badakigu.

Hain da erasoa handia, non sail elebidun publiko eta pribatuko guraso eta irakasleak borrokatzen ari diren zuekin.

Pozten ahal dira Parisetik, lortu dute inork lortu ez zuena, denen artean egiazko batasuna lortzea.

Txapela aldatu duzu, Garapen Kontseiluko presidentea hautatua izan zinen joan den astean.

Bertan naiz Seaskagatik, Seaskak bazuen postu oso bat hango zuzendaritzan, eta ni sartu nintzen 2008an. Gero interesatu eta lotu nintzaion hainbat lani, hala nola: estatutu bereziko lurralde kolektibitateari buruzko eztabaida eta borroka, lurralde elkargoa sortzeko, eta Garapen Kontseilu berria.

Erakundea sortu zen garaian, ez zen beste egiturarik, Iparraldearen gobernatzeko ez zen deus, eta garaian aktiboa izan da politikak eramaten. Zer bilakatu behar da gaur egun Elkargoa badelarik? Sinpleki segitu behar du, Elkargoak ez ditu konpetentzia guztiak. Zer egiten dugu gelditzen direnekin, uzten dizkiogu Bordeleri, Paueri, Pariseri? Ezin da, guk hemendik erran behar dugu zer nahi dugun, eta Garapen Kontseilua baliatuko dugu horretarako, Iparraldetik Iparraldea nola ikusten dugun errateko, eta zerendako ez, egun batez mugaz gaindikoan eta beste zenbait gaitan ere.

Zer ekarpen egin nahi diozu zure presidentetzaren bitartez?

Ez dut uste nik ekarpen handirik eginen diodanik pertsona gisara, beharbada, hor ere, komunikazioan beste erritmo bat, beste sistema bat. Egiten diren gauza guztiak ez dira baitezpada komunikatuak, azken finean elite baten historia gelditzen da.

Garapen Kontseiluak baditu 25 urte, denbora horretan izan den berrikuntza bakarra Elkargoa izan da, baina horren sortzeak baztertzen ote du Garapen Kontseiluaren beharra? Ez, beraz, segi dezagun berdin izaten: kontseilari alde batetik eta akuilu bestetik. Garapen Kontseilua ez da aldarrikapen gune bat, aldarrikapenak posible egiten dituen gune bat baizik. Denen artean erraten badugu ongi legokeela zerbait zehatza, ikus dezagun egin daitekeen. Ikertu ondoren, hautetsiei proposatzen diegu, eta horiek hartzen dute edo ez. Eta irringarria da, ez badute berehala hartzen ere, hasten da infusioa, ideia hori eman zaie eta burmuineko leku batean gelditu da, eta ideia ona bada noizbait hartuko du.

Gauza da ez garela denbora berdinez ari: Garapen Kontseiluko kideen artean ideia bat baldin badugu eta pentsatzen badugu 20 urteren buruan egin daitekeen zerbait dela, amets egin dezakegu; baina politikariek bost urte dituzte hori egiteko, gizarte zibilaren rola hori da. Urruneko amets horiek nahi genituzke, baina Baionan diren auto ilara horiek biharko nahi genituzke konpondu. Erran nahi baita, guk ere denbora paradoxa horiek baditugu. Hori da Garapen Kontseiluaren ibilbide arrunta, eta hori ez dut aldatuko, horrelakoa baita tresna.

Garapen Kontseiluan irabazi dugu independentzia zerbait ni izanez lehendakaria, Xabi Harispe baizik. Ez dut fitsik bere kontra, eta galde egin diot presidenteordea izatea, denen beharra baitugu. Nik ez dut nire burua ikusten gure artean partidu bakar batekoak, zinez denen beharra dugu bertzenaz ez du funtzionatzen. Hori da Garapen Kontseilua, denen arteko pentsamolde bateratu bat Iparraldea aintzinaraziko duena.

Zein erronka dira orain?

Lehenik bukatzea Elkargoak galdetu dituen hainbat lan, eta demokrazia parte-hartzailea berriz martxan ezartzea. Zenbait hilabetez berriz idatzi behar izan ziren gure estatutuak, gero izan ziren bozak, gero izan da krisi ttipi bat, Caroline Phillipsen joatea, eta Philippe Mayteren ailegatzea hiru hilabeterako, orain nire bozak… Nahiz eta egin diren gauza anitz, batzuk bazter utzi ditugu, eta berriz hasi beharko gara demokrazia parte-hartzailea plantan ematen.

Zein izan da krisiaren iturria?

Norabide ezberdinak baziren, batzuetan pertsona istorio bilakatzen ahal direnak, eta horrela delarik ez da norabiderik eramaten ahal, ez zentzu batean, ez bestean. Gaindituko dugu, eta horren gainditzeko erarik hoberena lehendakaria aldatzea da.

Krisi egoera dago oraindik.

Bai, baina hori itzulikatuko da. Badira bi gauza on momentu honetan: lehendakari berri bat badela eta udako oporrak badatozela. Biziki ona da bazterrak kalmatzeko, beraz, segur naiz irailean hasiko garela berriz lanean. Orain ekipoa osatua da, gaur egun den bulego osoari galdetu diot gelditzea, eta batzuei sartzea ere bai; beraz bagara batzuk lan egiteko prest, ez dut dudarik lortuko dugula krisi ttipi hori pasatzea.

INDEPENDENTZIA


«Garapen Kontseiluan irabazi dugu independentzia zerbait ni izanik lehendakaria, Xabi Harispe izan beharrean. Ez dut fitsik bere kontra, galdetu diot presidenteordea izatea nirekin»

UMORE ETA OLIO


«Seaskan umore zerbait ekarri dut, eta olio pixka bat engranaje guztien aintzinarazteko»

MESPRETXUA


«Inspektoreak erakusten zigun mespretxua euskararekiko eta gure kulturarekiko; enbeia ematen zuen berarekin joka hastea»