Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Harri Txikien Txapelketa igandean, Alegian

Igandean, 18.30ean jokatuko da Alegian, Larraitz auzoko plazan, Euskadiko Harri Txikien Harri-jasotze Txapelketa. Alegian urtero egin izan dute harri-jasotze ekitaldi garrantzitsua, eta orain Euskal Herri mailako txapelketa bihurtu dute. Erabiliko dituzten harriak 100 kiloko bola, 112,5eko kubikoa, 125 kiloko zilindroa eta 125 kiloko errektangularra izango dira.

Harri bakoitzarekin hiru minutuko txanda izango dute zazpi parte hartzaileek: Inhar Urruzuno, Imanol Albizu Goikoetxe, Iñigo Eizagirre, Hodei Iruretagoiena, Mikel Lopetegi, Xabat Olaizola eta Aimar Irigoien.

Nafarroako Txapelketak

Iruñean Nafarroako txapelketak ari dira jokoan, San Fermin jaiak baliatuz. Gaur, 12.00etan, emakumezkoen arpana edo trontza txapelketa jokatuko da. Parte hartuko duten bikoteak Maika Ariztegi-Leire Astiazaran eta Itxaso Onsalo-Irati Astondoa dira. Bikote bakoitzak 45 ontzako lau enbor moztu beharko ditu. Toki berean sokatira ere izango da: 280 kilokoan, Berriozar, Beti-Gazte, Antsoain eta Txantrea ariko dira.

Bihar, ordu berdinean, Nafarroako Harri-jasotze Txapelketa jokatuko da. Lehiakideak Josetxo Urrutia (Leitza), Albaro Zugarrondo (Iruñea), Xabier Ariztegi Santxin (Etxalar) eta Jon Irañeta (Irurtzun) dira. Hiru harri desberdinekin bi minutuko txandak izango dituzte: 125eko zilindroa, 112,5eko kubikoa eta 100 kiloko bola.

Igandean, ordu berdinean, bi-bitako aizkolarien txapelketa jokatuko da. Iker Vicente-Juan Jose Lopez, Jon Rekondo-Oier Kañamares eta Ruben Saralegi-Joxean Etxeberria neurtuko dira. Sei kana-erdiko eta sei 60 ontzako moztuko dituzte.

Orga-jokoa ere jokatuko da, orgari (gurdiari) atzeko aldetik heldu eta gurpilek lurra jo gabe, ahalik eta bira gehien eman behar zaizkio. Gurtaga edo pertika lurreko puntu jakin batean izango du lotua orgak. Ea norbait iristen den bost itzuli ematera, marka polita litzateke.

Nafarroako txapelketa guztien emaitzak denak batera emango ditugu datorren astean.

Sega

Bihar, Gipuzkoako gizonezkoen azkartasuneko sega txapelketa jokatuko da Zizurkil Goikoan, 18.00etan. Zazpi segalarik eman dute izena: Peio Argala, Arkaitz Arteaga, Julen Gabirondo, Suharri Irazustabarrena, Mikel Lizartza, Jon Otegi eta Iban Pardo. Egin beharreko lana 100 metro karratuko sail bat moztea izango da. Ongien egiten duten lau segalariek bigarren sail bat moztu beharko dute txapelaren jabe egiteko.

Sokatira

Azkenik, Euskal Herriko lur gaineko txapelketak helmugara iristen ari dira. Lau jardunaldi falta dira, eta igandean, 11.00etan, Erandioko San Kristobal baselizaren parean izango da beste hitzordu bat 560 kilokoan. Gaztedik hiru talde aurkeztuko ditu, Goiherrik bi eta Akelarre, Mutriku eta Getxo ere bertan izango dira. Pisu arina denez, Gaztedik orain arte baino izerdi gehiago bota beharko du txapelaren jabe egiteko.