GARA
GASTEIZ

GIBagatiko 169 infekzio izan ziren iaz EAEn, 2017an baino 34 gehiago

GIBagatiko 169 infekzio erregistratu ziren 2018an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, aurreko urtean baino 34 gehiago. Diagnostikatutako pertsonen batez besteko adina 36,7 urtekoa zen. Nekane Murga Osasun sailburuak atzoko agerraldian iragarri zuenez, datozen egunotan berariazko kontzientziazio kanpaina abiaraziko da, «Zeuk aukeratzen duzu zer sartzen den zure harremanetan; baita kanpoan zer geratzen den ere» mezua zabaltzeko asmoz.

GIBagatiko 169 infekzio erregistratu ziren 2018an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko urtean baino 34 gehiago (2017an 135 izan ziren) eta 2016an baino 11 gehiago (158). Horrek esan nahi du 100.000 biztanleko tasa 7,75ekoa izan zela iaz EAEn, Estatu espainoleko tasa baino puntu bat beherago. Diagnostikatutako pertsonen batez besteko adina 36,7 urtekoa izan zen.

Nekane Murga Osasun sailburuak eman zituen datuak atzo Gasteizen, sexu transmisioaren bidezko infekzioen gorakadari buruz sentsibilizatzeko abiaturiko kanpainaren aurkezpenean. Marta Pastorrek, Euskalsida EAEn GIBaren eremuan lan egiten duten elkarteen federazioko presidenteak, eta Antonio Arraiza doktore eta Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren koordinatzaileak ere parte hartu zuten Lakuan izandako agerraldian.

Azaldu zuenez, 2018an, Osakidetzak 5.852 pazienteri eman zien arreta erretrobirus-kontrako tratamenduen bidez, eta, horretarako, 22,5 milioi eurotik gorako inbertsioa egin zuen. Hartutako prebentzio neurrien irismena dela eta, nabarmentzekoa da GIBaren 2.210 test laster egin zirela EAEko botiketan eta, horien bidez, bederatzi positibo detektatu direla.

Halaber, establezimendu horiek etxean egiteko 883 autotest banatu zituzten, 96 proba egin ziren GIBaren probetan espezializatutako kontsultetan eta 125.593 xiringa-kit banatu ziren (90.000 baino gehiago botiketan eta 35.000 baino gehiago GKE-en bidez).

GIBagatiko infekzioa nagusiki sexu transmisiozko gaixotasuna da, eta gizonekin sexua duten gizonetan transmisioak nagusi izaten jarraitu zuen iaz, diagnostiko guztien %56,2 (2017an %55,6); bide heterosexualaren bidezko transmisioa %32,6 izan zen (2017an %38,3). Kasuen %51,5ean diagnostiko berantiarra egon zen, alegia, immunitate sistema oso eraginda zegoenean detektatu zuten (350 CD4 zelula baino gutxiago).

Sexu transmisiozko infekzioak direla-eta, Osakidetzak sexu transmisiozko infekzioen hiru kontsulta berezi ditu Bilbon, Donostian eta, 2017tik, Gasteizen. 2018an, aurrez aurreko hiru kontsulta horietan, 599 Chlamydia, 156 herpes genital, 355 infekzio gonokoziko eta sifilis goiztiarreko 184 kasu detektatu ziren. Bilboren kasuan, mota guztietako infekzioen gorakada orokorra erregistratu zen eta Donostian, diagnostikoen kopurua egonkor mantendu zen. Arabako hiriburuko kontsulta 2017an hasi zen, eta, beraz, 2018ko datuek diferentzial altua erakusten dute Gasteizen.

Osakidetzak, aurrez aurreko kontsulta horiez gainera, sareko kontsulta ere eskaintzen du gizonekin sexua duten gizonentzat. Zerbitzu hori abian jarri zenetik, 717 pertsona aplikazio horretan sartu dira eta galdera sorta bete dute.

Halaber, pasa den ikasturtean, guztira 102 zentrotako 7.800 nerabek parte hartu zuten EAE osoko ikastetxeetan garatzen diren GIB/hiesa, STI eta nahi ez den haurdunaldia prebenitzeko programetan (aurreko ikasturtean 6.100 izan ziren).

Murgak berretsi egin zuen Osasun Sailak Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Euskal Planean aurreikusitako ekintza ildoei eusteko eta horiek sustatzearen aldeko apustua. Ildo horretan, datozen egunotan berariazko kontzientziazio kanpaina abiaraziko dela iragarri du, “Zeuk aukeratzen duzu zer sartzen den zure harremanetan; baita kanpoan zer geratzen den ere” mezua zabaltzeko asmoz.

Kanpainak helburu bikoitza du: herritarrak sentsibilizatzea GIBaren eta sexu transmisiozko infekzioen indarraldiaren inguruan, eta sexu harremanetan preserbatiboak erabiltzeko beharrean eragitea.

GIBari dagokionez, Murgak gogorarazi zuenez, instituzioek eta gizarte erakundeek azken urteetan nabarmendu izan dute beharrezkoa zela –eta oraindik ere badela– «baikorregiak ez izatea eta arreta jartzea betetzeko dauden erronketan».