Haritz LARRAÑAGA
URRUÑA

Lorentxa Beyriren baldintzapeko askatasuna onartu du epaileak

Askatasunen epaileak Lorentxa Beyriek hirugarrenez eskatutako baldintzapeko askatasuna onartu du. Prokuradoreak gaur gauerdia aitzin helegiterik jarriko ez balu, 18 urtez preso izan duten kanbotarra baldintzapean aske aterako litzateke Roanneko espetxetik.

Euskal Herritik 683 kilometrora Lorentxa Beyrie preso dagoen Roanneko espetxean aztertu zuten ekainaren 21ean Kanboko presoak hirugarren aldiz egin zuen baldintzapeko askatasun eskaera, eta atzo arratsaldean kaleratu zuen epaileak bere erabakia. Zigorren aplikazioaz arduratzen den askatasunen epailea Beyrie baldintzapean aske uztearen alde agertu zen.

Orain prokuradoreari dagokio epaia errekurrituko duen edo ez erabakitzea. Hamar eguneko epea du fiskalak helegitea jartzeko, baina gaur gauerdia baino lehen errekurtsorik jartzen ez badu, preso lapurtarra baldintzapean aske uzteko prozedura martxan jarriko da, eta ondorioz, «baldintza gogorrekin», baina auziaren nondik norakoak kaletik jarraitu ahal izango ditu Kanboko presoak.

Familia pozik, baina zuhur

«Berri ona da, lehen aldiz bere baldintzapeko askatasun eskaera onartua izan baita, baina bestalde, orain prokuradoreak zer egingo duen zain egotea zaila da, zeren ate bat irekitzen da, baina itxi daiteke», azaldu zuen Amaia Beyrie Lorentxaren ahizpak. Haren amak, ostera, epailearen erabakia «esperantza txiki batekin, baina zuhurtziaz» hartzen duela aitortu zuen.

Izan ere, baldintzapeko askatasuna eskuratzeko baldintza guztiak beteak izan arren, aurrez egindako bi eskaerak errefusatuak izan ziren (2013. eta 2016. urteetan), eta horrez gain, ekainean egin zioten azken auzian ere, prokuradoreak jarrera zurruna azaldu zuen.

Esate baterako, 2011. urtean ETAk jarduera armatua utzi izana ez zuen kontuan hartzen fiskalak, eta nabarmentzen zituen argudioen artean, Beyriek «ezarritako baldintzak ez betetzeko arriskua» zegoela, edo, «berriz ere lehengo jardunera itzultzeko» zegoen aukera azpimarratzen zuen prokuradoreak.

Erreakzioak

Epaia zabaldu orduko Ipar Euskal Herriko alderdi politiko eta eragileek beren balorazioak argitaratu zituzten. EH Bai-k, adibidez, erabakia «txalotu» zuen. Alderdi abertzaleak honako mezua zabaldu zuen Twitter bidez: «Espero dugu prokuradoreak ez duela helegiterik aurkeztuko, Lorentxak aske egon behar du».

Bake Bideak ere antzeko mezua igorri zuen: «Bake Bideak eta bakegileek positibotzat jotzen dugu epaileak hartu duen erabakia eta prokuradorea interpelatu nahi dugu helegiterik jar ez dezan, zeren ulertezina izateaz gain, bake prozesuaren kontrako postura bat izango litzateke».

Beste kasuak

Baldintzapeko askatasuna eskuratzeko zorian egon zen azken euskal presoa Frederic Haranburu Xistor izan zen. 1990. urtetik espetxean den Senpereko presoa baldintzapean aske uztearen alde agertu zen Zigor Aplikazioko epailea pasa den uztailaren 5ean kaleratu zuen epaian. Ordea, prokuradoreak errekurtsoa jarri zuen, eta ondorioz, preso jarraitu beharko du 65 urteko senpertarrak.

Horren aurrean, Lannemezango espetxean aurkitzen den presoaren abokatua den Maritxu Paulus Basurkok helegitea jarriko zuela jakinarazi zuen.