GARA
Karatea

Jagoba Vizuetek amaitutzat eman du bere ibilbidea

Munduko txapelketan brontzezko domina irabazitakoa da bakarka, eta Europakoan zilarrezkoa taldeka.

Hausnarketa sakon baten ostean, Jagoba Vizuetek karatean izan duen ibilbide profesionala amaitutzat ematea erabaki du, diziplina honi eskaini dizkion 25 urteren ondoren pilatutako nekeagatik. Arabarrak prentsaurrekoa eskaini zuen atzo Gasteizko gobernuaren egoitzan, eta azaldu zuenez, egin duen lan guztiaz gain, urte hauetan sekulako zortea izan duela uste du. Horregatik, bere garapen profesionalean lagundu dioten pertsona eta instituzio guztiei eskerrak eman zizkien.

Vizuetek Tokioko Olinpiar Jokoetan lehiatzeko aukera guztiak agortu nahi izan ditu, lehen aldiz karatea programa olinpikoan sartuko baita, baina sailkatze prozesua asko zaildu da. Hiru pisutara mugatu dute eta pisu bakoitzean hamar onenak lehiatuko dira soilik. Vizuete azken unera arte ahalegindu da hori lortzen, baina helburua ia ezinezkoa da gaur egun.

Jagoba Vizuete (Gasteiz, 1988/07/15) bost urterekin hasi zen karatea praktikatzen, anaiek animatuta, eta hamabi urterekin Espainiako txapeldun izan zen haur kategorian. Gerora, estatu mailako 19 titulu lortu ditu eta nazioarte mailan ere arrakasta ugari izan ditu.

Karateko munduko txapelketa batean banakako domina bat lortu duen lehen euskalduna izan da Vizuete. 2014an Bremenen (Alemania) jokatutako Munduko Txapelketan gertatu zen, hirugarren postuan amaitu baitzuen. Ez zuen uste dominengatik borrokatzeko aukera izango zuenik, baina txapelketa ikaragarria eginda, munduko onenen artean sartu zen. Orduan jakin zuen karateko elitean egoteko gaitasuna bazuela.

Munduko txapelketako brontzeaz gain, 2018ko maiatzean Serbiako Novi Saden jokatutako Europako Txapelketan erdietsitako taldekako zilarra ere nabarmentzekoa da.

Vizuete gorengo mailan aritu da 2018an eta 2019an. Leganeseko Espainiako Txapelketan, hain zuzen ere, finalera iritsi zen eta bertan Babacar Seck (egungo Munduko brontzea) izan zuen aurrez aurre. Zilarra eskuratu zuen Jagobak.

Hala ere, txapelketek asko eskatzen dute eta gasteiztarrak agur esateko unea heldu zaiola sentitu du. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziaduna da, eta kirol munduari lotuta jarraituko du, “Fitness Gasteiz”-eko karate eskolan.