GARA
MUNGIA

Lamincerreko langileek kidearen heriotza argitzeko eskatu diete administrazioei

Mungiako enpresako langileek 24 orduko lanuztea egin zuten atzo, baita elkarretaratze bat ere, joan den ostiralean hildako lankidea oroitzeko eta «ugaritzen ari diren» istripu hilgarriak deitoratzeko. «Egon litezkeen erantzukizunak garbitzeko» eskatu zieten agintariei.

Mungiako Lamincer enpresako langile batzordeak administrazio publikoei eskatu zien joan den ostiralean gertaturiko lan istripuan hil zen 57 urteko lankidearen heriotzaren «arrazoiak argitzeko eta egon litezkeen erantzukizunak garbitzeko».

LABek jakinarazi zuenez, enpresako langileek 24 orduko lanuztea egin zuten atzo. Lehenik eta behin, elkartasuna eta babesa erakutsi zieten hildako Sukarrietako 57 urteko lankidearen familiari eta ingurukoei. Elkarretaratzean bildu ziren goizean, enpresaren atarian, “Lan istripu gehiagorik ez. Txema gogoan” pankartarekin.

Iturri berek azaldu zutenez, antza denez, beste langile batek bobina handi bat zeraman Fenwick orga jasotzaile batean, bobinak ez zion lankidea ikusten utzi eta harrapatu egin zuen.

LABen datuen arabera, gutxienez 28 dira urte hasieratik Euskal Herrian lanean hildakoak, horietariko bederatzi Bizkaian. «Hilabete hasieratik Euskal Herrian hil den hirugarren langilea da; ematen du berriro gaudela istripuen udako gorakadaren aurrean, astean langile bat hiltzera eramaten duena. Gure ustez, igoera hau ez da kasualitatearen ondorio», adierazi zuen sindikatuak ohar batean.

CCOOk ere bat egin zuen 24 orduko lanuztearekin eta elkarretaratzearekin. Lan istripuak urtetik urtera ugaritzen ari direla azpimarratu zuen eta agintariei eskatu zien «neurri askoz ere irmoagoak hartzeko» prebentzio legeak betetzen ez dituzten enpresekin. UGTk bere aldetik deitu zuen kontzentrazioa, sindikatuak Bilbon duen egoitzaren aurrean, bertako ordezkaria zen langilea oroitu eta lan istripuen gorakada salatzeko, «bereziki siderurgia arloan».