GARA
DONOSTIA

Udaltzaingoak egoera larrian daudela ohartarazi eta itxaropen faltsurik ez sortzeko eskatu du LABek

Berriki iragarri den Espainiako Auzitegi Gorenaren 828/2019 epaiak ebatzi du behin-behineko langileek ezin dutela udaltzain lanetan segitu. «Administrazio ezberdinen utzikeria dela eta», udaltzainen artean behin-behinekotasun tasa %40 ingurukoa dela kalkulatzen du LABek, eta horrek ehunka udaltzainen egoera «are gehiago larritzen» duela ikusten du. Sindikatuak atzo ohar batean agertu zuenez, egoera horretan onartu da EAEko Polizia Legea, LABek defendatzen duen udaltzain ereduaren «guztiz kontrako norabidean» doana.

LABek argi du udaltzainen kolektiboa babesgabetasun eta ezegonkortasun egoera larrian dagoela. «Hainbat sindikatuk egoera honetaz baliatu nahi dute langileei mezu itxaropentsuak bidaltzeko. Gure ustez, erabat salagarria da bizi dugun egoera larri hau espektatiba faltsuak sortzeko erabiltzea. Ez da onargarria behin-behineko udaltzainen artean ‘zu geldituko zara’ mezua zabaltzea», baieztatu zuen.

Egoera zein den ikusita, udalez udal lan eskaintza publikoak martxan jartzeko unea dela aldarrikatu zuen, udaltzaingoaren plantillen dimentsioak aztertuz, herritarren beharrak kontuan hartuta zerbitzu publikoaren kalitatea handituz.

Sindikatuaren ustez, Lakuak bultzatzen dituen deialdi bateratuak ez dira udaltzainen integraziorako eredu egokia, eta lanpostuak egonkortzeko bideak langileen ordezkariekin adostu behar dira. «Kalitatezko udaltzain zerbitzu bat» defendatu zuen, gertutasunean eta berdintasunean oinarritua.