Maite UBIRIA BEAUMONT
kalakan...

«Kontent naiz 50 urtez bestazaleen sabela goxatu izanagatik» . JOSETTE ERRAMUN

gara-2019-07-27-Noticia

Josette Erramunek ez du inoiz Baionako besten denboran kalez kale ibiltzeko aukera handirik izan. Hala ere, adin guztietako baionarrek Merkatuko Ostatura jauzi bat egiteko ohitura dute –«gure piper moleta xingarrarekin sabela goxo-goxo bete ondoren bestarekin segitzeko»–.

Berrogeita hamar urtetik goiti –bederen 54ren bat, zehaztu duenez– egin ditu sukaldean Josettek.

Banka herri txikitik heldu zen Baiona Handira, hogei bat urte zituela. Oroitu duenez, «hastapenean langile gisa aritu nintzen, eta gazte izanik benetan gogorra zen niretzat sukalde itxi batean sartuta izatea, baina gero ohitu nintzen».

40 urte zituela ostatuaren jabe bilakatu zen. Aro ezberdinetan, «familia giroa» atxiki du ostatuak. Arrautza, piperra eta xingarra, horiek dira, atzo bezala gaur ere, Merkatuko Ostatuari fama ematen dioten osagaiak.

Urteak joan urteak etorri «Baionako bestak arrunt aldatu dira» eta, bere irudiko, «horregatik inportantea da guk berdin segitzea, garaiko giro hurbil eta familiarra atxikiz». Erretreta hartuta –gutxi gorabehera– Christian semeak hartu du segida. Hala eta guztiz ere, ostatura hurbilduz gero... zaila izanen da Josette eta bere irribarrearekin topo ez egitea.

79 urterekin, harro dago besten denboran familiako gazteek –dozena erdi bat– milaka bestazaleren sabela asetzeko ardura hartu dutelako berarengatik.

Hala eta guztiz ere, ostatuaren martxa guztiz galtzeko prest ez dagoela aditzera eman du Josettek berehala, «gazteei esku kolpe bat ematea ez dela inoiz soberan» erranez.

Ostatura hurbildu diren «urtetako lagunak» agurtzea izan da, ordea, bere eginkizun nagusienetarikoa aurten, «baita gehien maite dudana ere».

Buruhandi bat bere omenez

Bere lanari esker, herri txiki batetik heldutako sukaldari gazte hura denboraren poderioz baionarrentzat erreferente bilakatu da. Aurten, ibilbide hori goraipatzeko, Josetteren irribarrea eta «dantzarako zaletasun handia» bere egin dituen buruhandia sortu dute. Berarekin batera beste hiru herritarrek izan dute ohore hori: Didier Deschamps futbol entrenatzaileak, Jean Codega harakinak eta Michou Padrones ilustratzaileak.

Bestetako azken egun honetan ere karriketara jauziko da laukote berria. Josettek barre egin zuen bere omenezko buruhandiak bere «antz handia» duela deskubritu zuenean. Bere buruhandia jendea zirikatzen bai baina haurrak beldurrarazten ez luke ikusi nahi. «Goxoki aritzea hobe da. Gurasoen kexak ez ditut bueltan entzun nahi gure ostatuan!».