28/07/2019

EMILIE DUBOIS
LABORARIEN XOKOKO ARDURADUNA

Euskal Herriko Laborarien Batasuna (ELB) sindikatuko kidea da Dubois eta, Baionako bestetan, bertako produktuekin egindako jakiak eskaintzen dituen Laborarien Xokoa kudeatzeko ardura du. Lanpetua izan arren, GARAri erantzuteko tarte bat hartu du Lekorneko (Lapurdi) sindikalistak.

«Mila diskurtsok baino gehiago balio du zer egiten dugun erakusteak»
Haritz LARRAÑAGA|BAIONA
0728_eh_dubois

Bestetako nekeari aurre egin eta indarrak biltzeko erreferentzia gune bilakatu da Roland-Barthes zelaian ELB sindikatuko kideek ezartzen duten Laborarien Xokoa. Karpan dagoen pankarta handi batek ezin hobeki laburbiltzen du laborariek bestaz duten ikuspegia: «Besta bai, janari ona ere bai» .

Noiztik ezartzen duzue Laborarien Xokoa?

Aurten zazpigarren urtea da. Lehenik proba gisa egin zuen Herriko Etxeak eskaintza eta ongi atera zen, baina kontratuak hiru urtekoak dira; beraz, datorren urtean ere hemen egon ahal izateko lehiaketa irabazi beharko dugu, eta hori ez da emana. Hautatuak izateko aukera asko dugu, baina ez gara bakarrak.

Baldintza batzuk bete behar dira, hala nola, bertan ekoiztutako produktuak izatea, bertako jendeak landuak, eta abar. Guk eskaintzen dugun ereduak bat egiten du udalak kontratua sinatzeko eskatzen dituen irizpideekin, baina ezer ez da ziurra, baimena eskuratzeko lehiatu egin behar da.

Jendea jai giroan denean lan egitea gogorra izango da, ezta?

Ez, batere ez, giro oso ona daukagu gure artean eta lanean egon arren ongi pasatzen dugu. Antolakuntza zorrotza da, baina bakoitzak badaki bere lana zein den. Adin guztietako jendea biltzen gara, batzuk laborariak dira, besteak sindikatuko kideak, eta beste batzuk lagundu nahi dutelako etortzen dira. Urtero jende berria etortzen da.

Lehen urtea bai, biziki gogorra izan zen, denbora guztia telefonoari atxikita pasa genuen, batari zein besteari deika, baina ongi pasatu zen, zeren zerbait behar genuen bakoitzean oso ongi erantzuten zuten laborariek. «Izigarri gogorra izan da, baina hurrengo urtean berriz», esaten ziguten. Horrela, pixkanaka hobetzen joan gara, eta orain ontsa pasatzen da.

Zenbat laguntzaile izaten dira?

Egun 300 laguntzaile inguruk egiten du lan eta maiatz amaieran hasten gara guztia antolatzen. Egunero autobus bat iristen da goizeko 9.30erako eta gaueko 11:30ean itzultzen da, ondorioz txanda oso luzeak izaten dira, baina oso ongi erantzuten dute guztiek.

Asteazkenean Amikuzetik etorri dira; ostegunean, Larzabale, Oztibarre eta Irisarritik, eta ostiralean, Zuberoatik. Larunbatean Hazparne, Sara, eta kostako herrien txanda da, eta igandean Donibane Garazi eta Baigorriko laborariak etortzen dira.

Aurten lehen aldiz, asteazken eta ostiraleko txandak aldatu behar izan ditugu, zeren Amikuzeko taldean badira Pagolako hamabost boluntario “Domingo Garat” pastoralean buru-belarri lanean ari direnak; beraz, haiek etorri ahal izateko ostiralera pasa genuen xiberotarren txanda.

Zertara bideratzen duzue bestetan irabazitako dirua?

Epaileek ezartzen dizkiguten isunak ordaintzeko (irriz). Dirua bideratzeko ez da sekula arazorik izaten, beti badira gastuak. Esaterako, sindikatuko langileak ordaindu behar dira, abokatuak, egunerokoan ordaindu beharreko kontuak, eta abar.

Oso garrantzitsua da ere zailtasunak dituzten laborariak lagundu ahal izateko dirua bideratzea, edo lortutako etekinak beste elkarte batzuekin partekatzea. Azken finean, laborantza jasangarri baten alde ari gara lanean denok.

Laborarien Xokoan eskaintzen diren jaki guztiak bertako produktuekin eginak dira?

Soilik gatza, kafea eta txokolatea ez dira guk ekoitzitako osagaiak. Txokolatea Baionan egina da, baina kakaoa kanpotik ekartzen da; beraz, ezin dugu esan osorik bertako produktua denik. Gainontzeko guztia bai, bertakoa, jasangarria, ekologikoa eta kalitatezkoa da.

Laborarien Xokoa zuen lanaren erakusleiho ere bada?

Bai, dudarik gabe. Bezeroek, jaten duten gauza bakoitzak zein osagai dituen, non ekoiztu den, nork landu duen, hornitzaileen izenak eta behar den informazio guztia eskaintzen dugu.

Guretzat oso garrantzitsua da bezeroekin harreman zuzena izatea eta jendeak zer egiten dugun ikustea, zeren mila diskurtso eman ditzakegu zer egiten dugun azaltzeko, baina hemen zuzenean ikusten da zein den gure lana eta gure lan filosofia.

Laborantza eredu bat defendatzen dugu, jasangarria eta lekukoa izango dena, eta eredu hori Laborarien Xokoan irudikatzen da