Haritz LARRAÑAGA
BAIONAKO BESTAK

HERRI KIROLEN BITARTEZ IRUÑEAREN ETA BAIONAREN ARTEKO ZUBIAK SENDOTZEN

EGUZKIAK IRUÑEAREN EGUNA ARRAKASTAZ IRAGATEN LAGUNDU ZUEN, BAINA PROTAGONISTAK BESTAZALEAK IZAN ZIREN. MUSIKAK, DANTZAK ETA GIRO ONAK EZ ZUEN ATSEDENIK HARTU, ETA AITZINEKO ALDIZ EGIN ZUTEN BAIONA ETA IRUñEAREN ARTEKO HERRI KIROL SAIOAK JENDETZA BILDU ZUEN.

Argitsu esnatu zen Baiona Iruñearen egunean. Kanpin eremuan, dendak desmuntatzen zebiltzan aurpegi zurbileko gazte batzuk, eta besteak, bestarako gogoari eutsi ezinik, bezperan bustitako arropak lehortzen jartzen ziharduten bestari berriz ekiteko.

Baionako karrika hesituak ohiko moduan esnatu ziren, txistulari eta dultzaineroen doinuekin, eta peñek indarberritzeko gosari oparoa egin zuten. Bestetik, jainkoak atseden hartzeko sortu zuen eguna izaki, San Andres eliza leporaino zen.

Bestetan egiten diren gehiegikeriek sortzen duten kontzientzia txarragatik, edo fedeak hala eskatzen duelako, eliztarrek ez dute huts egiten igandeko mezara eta, atzo, hiru meza eskaini zituzten jarraian San Andresen. Ateak irekita, barrura sartu ezin zutenek atarian ezarritako bozgorailuetatik entzun behar izan zuten meza santua.

Atzeko atetik atera ziren herri agintariak azken mezaren ostean, baita Iruñeko Udaleko ordezkariak ere. Jarraian, txandarik itxaron gabe, Estatu frantses osotik etorri ziren txaranga taldeen artean sartu eta herriko etxera abiatu ziren, prozesioan.

Artean, txaranga guztiak Marengo karrikan zirenez, dultzaineroak ziren nagusi Baionako gainerako txokoetan. Zizpa gaztetxeko kideek Baigorriko gaiteroekin zein Kanboko zigante eta buruhandiekin egin zuten itzulia, bisitarien ikusmina erakarriz. Mugikorrek inguratzen zituzten Sukila elkartearen gizandiak, atseden hartzeko gelditzen zirenean.

Patxa plazan presoen aldeko bazkaria prest zenean amaitu zen «zizpaperitifa». Oholtzan, Nat eta Wats kantariek hartu zuten lekukoa, mahaietan ziren 200 bazkaltiarrak animatzeko. Amaieran, aurten espetxetik atera diren Mikel Barrios eta David Pla iruindarrek omenaldi beroa jaso zuten.

«Euskal Hercul»

Bost urte pasa zituen Gabi Etxart 72 urteko ezpeletarrak Baionako Udalari herri kirolak antolatzeko baimena eskatzen. Aurten eskaera onartu diote eta itzelezko arrakasta izan zuen “Euskal Hercul” deitu zuten probak. Milaka ikusle bildu ziren Paul Vert plazan, Iruñeko taldeak eta Baionakoak lehiatzen ikusteko.

Zuri-gorriz, baionarrak eta gorri-zuriz, Iruñeko Txantrea auzotik etorri ziren herri kirolariak. Kronometroari txandaka egin zioten aurre lehiakideek, gurdia mugitzen, aizkoran, ingude proban, artaburuak biltzen, txingak eramaten, harriak jasotzen, sokatiran eta sardeaz zakuak jaurtitzen. Gupidarik gabe gaztigatzen zituen eguzkiaren azpian, izerdia erruz bota zuten bi taldeetako lagunek.

Ikusleek arretaz entzun zituzten hizlariak mikrofonotik ematen zituen azalpenak, eta eskatu gabe txalotu zituzten bi hiriburuak ordezkatuz lehiatu ziren kirolariak. Zalantzarik gabe, Iruñearen egunean izan zen berrikuntza esanguratsuena izan zen “Euskal Hercul” saioa. Aurrerantzean ere programa ofizialean leku bat izango duela aurreikus daiteke. «Lau urteren buruan dozena bat kirol biltzera iritsiko gara», nabarmendu zuen pozarren Gabi Etxartek.