EDITORIALA
EDITORIALA

Nafarroan leihoa txikiagoa da, baina ez da itxi

Uxue Barkos lehendakariak gaur pasako dio Nafarroako Gobernuko lekukoa Maria Chiviteri. Hitzorduak iragan hurbilera, urrunera, eta etorkizunera begiratzeko aitzakia paregabea eskaintzen du, Nafarroan azken legealdia ez baita izan legealdi bat gehiago soilik. Indar korrelazio berria atzerapausoa izanda ere, alderdi ezkertiar eta abertzaleei esker Chivite bera lehendakari hautatua izana da horren froga nabarmenena: Nafarroa ez da erregimen deitu izan den horretara itzuli. Aurretik zapaldu gabeko lurra zapalduko du datozen urteetan.

Azken bi egunetan Aritz Intxustak gogora ekarri ditu sail bakoitzean Aldaketaren Gobernuak azken legealdian lortutako gauzak eta topatutako zenbait arazo. Ez dira gutxi, ez lehenengoak, ezta bigarrenak ere, baina asko dira balantzan jartzeko lorpenak. Skolae bezalako programek eta abortuak sare publikoan egiteak Nafarroa XXI. mendera ekarri dute, baita Foruaren eguneratzeak ere. Hizkuntza eskubideen alorrean egitekoak oraindik asko diren arren, gaur egun euskaraz sare publikoan ikasi nahi duen orok bermatua dauka aukera hori. Errepideetan Guardia Zibila Foruzaingoarekin ordezkatzeko zorian egon zen Beaumont sailburua. Kupoa Nafarroaren interesen alde birnegoziatu, ogasuna indarberritu eta iruzur fiskala inoiz baino indar handiagoarekin jazarri da, eta errenta altuei zergak igo zaizkie –ikusi beharko da zer gertatzen den orain erreforma fiskal horrekin–. Errepaso azkarra ezin daiteke bukatu memoria historikoari erreferentzia egin gabe, 40 urtean egin ez direnak egin baitira lau urteotan.

Ez dakigu zer ekarriko duten hurrengo lau urteek –kalean eta instituzioetan egiten denaren araberakoa izanen da uzta–, baina badakigu Navarra Sumaren gobernu batekin zer gertatuko zen. Hori saihestea eta PSN behin-behinean erregimenaren sareetatik atera izana da aldaketaren indar guztien azken lorpena. Egindakoari eutsi, eta mantsoago bada ere, aurrera egiteko leihoak ez dira erabat itxi.