GARA
BILBO

Begoñako basilika, dozenaka mila erromesen zain

Bizkaian zeharo errotuta dagoen ohiturari eutsiz, dozenaka mila lagunek bisitatuko dute etzi eta etzidamu artean Begoñako basilika, eta haietako askok hiriburura iristeko gau osoko erromesaldia egingo dute, gainera. Bizkaiko Batzar Nagusiek 1735. urtean izendatu zuten herrialdeko zaindari eta urtero milaka pertsona gerturatzen dira Ama Birjinaren eguna ospatzera Bilboko basilikara, erlijioa eta tradizioa uztartzen dituen hitzorduan.

Urtero legez, jendetza bilduko da aurten ere Bilboko Begoñako basilikan, Ama Birjinaren egunean, Bizkaiko zaindariaren eguna ospatzeko asmoz. Etzi eta etzidamu artean, 150.000 lagun espero dira, eta haietako askok herrialdeko puntu desberdinetatik abiatuta tenplurainoko erromesaldia egingo dute.

Santutegiarekin koordinatuta, Begoñako kofradiak erromesaldietan parte hartzeko deia egin zuen. Tenplua etengabe irekita egongo da bi egunotan. Bertaratzen direnetako askok “Amatxu” ikusteko eta hari otoitz egiteko aprobetxatzen dituzte gaueko ordu txikiak, 4.00etako meza jendetsua hasi aurretik.

Halere, meza nagusia eguerdian egingo dute, eta udal ordezkaritza batek ere bertan parte hartuko du, Juan Mari Aburto alkatea buru dutela. Behin elizkizuna amaitutakoan, alkateak ‘‘Amatxuri’’ aurreskua eskaintzea ere ohitura bihurtu da dagoeneko.

Jatorriz festa erlijiosoa den arren, askorentzat ohitura bihurtu da erromesaldia egin eta basilikaren atarian egiten den erromeriaz gozatzea.

Jana eta edana

Txistulariek, Bilboko Udal Musika Bandak edota dantzariek ingurua girotzen laguntzen dute eta, ez dira faltako taloak, erroskillak eta bestelakoak saltzen dituzten postuak. Hori guztia laguntzeko sagardoa eta txakolina izaten dira askoren aukera.

Basilikaren inguruan, beraz, ez da girorik faltako egun hauetan zehar hurbilduko den jendetzarekin. Erlijioso izan edo ez.