13/08/2019

Chronique
DONOSTIAKO PIRATEN ABORDA
«SPARROWS» FINEK JENDEA ERRESKATATU ETA DONOSTIA ASKATZEARI EKIN DIOTE

MILA ETA BOSTEHUN PIRATEK ETA PIRATA SENTITU NAHI ZUEN BATEK EKIN ZIOTEN ABORDATZEARI. NORAEZEAN ETA BALTSEN ARTEAN, ITSASOAREN ASKATASUNAREKIN BAINA JENDEZ PILATUTA, INDARTU EGIN ZEN PIRATA AMATEURRA ETA «SPARROW» FINAK TOPATU ZITUEN BIDELAGUN.

Ane URKIRI ANSOLA
0813_eh_abordaia2

Itsasoan gorputza aske sentitu daitekeela jakina da. Hegan egiten ez dakigunez –oraindik ez, behintzat–, urak askatasun puntu hori eskaintzen digu. Eta sentsazio horretatik abiatuta, Donostia kortsarioetatik askatzeko helburuarekin abiatu ziren 1.500 pirata. 1.500 pirata eta, tartean, pirata kamuflatu bat. Ez zuen turisten pare lehorrean geratu nahi, mugikorra eskuan eta ur zipriztin guztiak saihesten.

Pirata honek aske sentitu nahi zuen; intentzio onez beteriko piraten artean, aske. Eta ez dago askatasunik esfortzurik gabe. Hala diote, hala sinetsarazi digute. Eta ez zaie arrazoirik falta. 203 baltsa ur gainean eta 1.500 pirata Aquarium parean; lasterka egin eta beraien propietatearen bila joateko grinatsu –piraten artean ere badirelako lapurrak–. Hainbat nerabe jada piripi eta seriotasun gutxi, oso gutxi. Baina gorputz bihurriarekin, axola al du horrek?

Lehen helburua ez itotzea da. Kolperik ez jasotzea oso zaila da. Baltsa bat hemendik, igeri dabiltzanen oinak plisti-plasta... Eta hala ere, umorez. Bi baltsen artean bost pertsona katigatuta geratu arren. Ez al zen ba urak askatasun sentsazioa ematen zuela? Elkartasuna bilatzea ere nekeza da, benetan. “Yonkis” kuadrillakoen alboan suertatzen bazara, are gehiago.

Hamazazpigarren aldia zuen Abordatzeak eta esperientzia handia duten piratak daude. Gero eta pirata gehiagok zapaltzen dute Kontxako hondartza. Espero ez zenituenak ere bertara heltzen dira eta frogak ditugu.

Baxoaren aurkako kamiseta zutenekin ederki kamuflatu zen pirata berri hau. «Ahal danian dana ematen eta ezin danian ahal dana» lema herrikoia zuen elastikoa soinean zuela. Baina behin uretara jauzi eginda... Hara eta hona begiratu, baltsa bat bestearen alboan ikusi, pirata autentikoak beraien baltsa topatzen, beste batzuk lapurrak aldentzen... Eta erdibidean aurkitzen zen pirata amateurra zipriztin eta kolpe guztiak jasotzen. Indartzen, alegia –batzuk esango luketen moduan–.

Izozkailu eta arratoiak

Hogei minutu noraezean eta orduan entzuten da txupina. Orain hasi da Abordatzea. Eta ordura artekoa, zer zen ba? Auskalo. Baina indartu zen galduta zirudien pirata eta aurkitu zituen lagun berriak. “Sparrows” kamiseta zuen batek: 2014, 2015, 2016, eta 2017ko abordatzeak bete zituzten. «Eta iazkoa?», galdetu zuen, benetan egiaztatzeko fidatzeko lagunak ziren edo ez. «Baita ere, baina ez dugu kamiseta berritu».

Egia auzokoak eta Astigarragakoak ziren eta argi zegoen ez zirela gehiegi saiatu baltsarik politenaren saria eskuratzeko. Karramarro Uhartea irratsaioak abisatu zuen Abordatzean «alferrikakoa» dela baltsa hainbeste apaintzea. Eta aholku hori hartuta, baltsa eta lagun egokiak aukeratu zituelakoan zegoen.

Kide egokienak ziren edo ez galdetzen hasi zen inork garagardorik ez zuela ikusita. Alboan zegoen marrazo bat, Keler garagardoz beteriko izozkailua gainean zuela, eta ondoan, flotagailua zuten lau pirata. Piratek flotagailua edukitzea susmagarria da; garagardoak, ordea, erakargarriak. Azkenean, eta eskerrak, binomio perfektua eratu zela Sparrows taldearekin: elkartasuna bilatu eta garagardo bat lortu zuten, konpartitzeko, baina tira, bada zerbait.

Baltsa bat handik, plastiko bat bestaldetik, baina segi igerian; hondartza urrunegi ikusten zen. Baina, aizue, Abordatzean ez dago presarik. Kontxara iritsi eta bertan dagoen kurioso andanari zure gaitasuna erakustea da helburu. Une batez despistatu eta hormatik hurbil zaudela ohartzen bazara, berdin du. Olatuak olatu dira, eta nork kontrolatzen ditu olatuak piratek baino egokiago? Bai, surflariek; baina pirata hauek baltsa gainean olatua surfeatzen baldin badakite, zeinek irabazten du bataila? Ikusi nahiko nuke.

Dardarka zeuden inguruko guztiak. Ausartak bai, baina ez dago hotza ezkutatzeko modurik. Uretan kanpoan baino epelago zegoen eta Sparrows kuadrillakoak, bata besteari tentatzen, egin zuten dzanga uretara. Gurutzatu ziren itsasoetan pilatzen den zaborrarekin, baita arratoi batekin ere.

«Aizue, ukitzen duzue hondarra?», itaun egin zuen batek. Sorpresaz harrapatu zuen galderak kamuflatua zihoan pirata, baina ez zuen zalantza egin eta probatu egin zuen. Bai, gerriraino bakarrik zegoen ura. Zenbat metro alferrik igerian, orduan? Irribarre egin –hotzari agur esatear zeuden– eta bi ukabilak igo. Zentzua hartu zuen ospakizunak: baltsa osorik lehorreratu, Abordatzera sartu zen kazetaria erreskatatu eta azkenik, Usurbilgo Xabi ere lagundu egin zuten Sparrows-eko bost piratek: Nahia, Maialen, Saioa, Iñigo eta Katrin. «Gauean txupito bat nire kontu», gonbita egin zien Xabik. «Kalbaixo jaietako (Mutriku) goitibehera jaitsieran lekua izango duzue», ziurtatu zien “gaizkile” amateurrak. Jai herrikoietan parte-hartzeko elkartasunak handitu egiten gaitu.