GARA
BILBO

BilbaoBiziko langileek beste alde batera ez begiratzeko eskatu diote Udalari

Baldintza prekarioetan lanean dabiltzala ohartarazi zuten BilbaoBiziko langileek udara hasi aurretik, ekainean, hain zuzen ere. Salaketa publikoa egin zuten, eta atzo kalera atera ziren «mobilizazio zaratatsua» eginez udaletxe parean.

Zerbitzua azpikontratatua dago. Nextbike enpresak irabazi zuen esleipena, eta aurreko urteko urri-azaroan hasi zen martxan proiektu berria. LABek ohartarazi zuen hiritarrengan izandako harrera onak espero baino desgaste eta matxura gehiago sortu dituela; beraz, «lanez lepo» daude.

Egoerarekin nazkatuta, atzo, LABek iragarritako elkarretaratzera batuz, mobilizatu egin ziren langileak. «Egoera honen aurrean, Bilboko Udala beste alde batera begiratzen ari da, zerbitzua merke azpikontratatuta, langileak ondorioak pairatzen ari direnean», protesta egin zuten beharginek.

LABek azaldu duenaren arabera, BilbaoBiziko lantaldeari ez diote dagokion hitzarmen kolektiboa aplikatzen eta irabazten duten soldata justu-justu iristen da mila eurora. Horrez gain, pairatzen duten lan kargengatik, presaz egin beharreko lanengatik eta langile gehiago behar direnean enpresak ETTra jotzen duelako kexatu ziren.

Baldintza hauen ondorioz, jada lan istripu bat ere gertatu dela jakinarazi zuen.

EH Bildu ere atxiki zen protestara, eta eskatu zuen Mugikortasun eta Iraunkortasuneko zinegotziak, Alfontso Gilek, langile hauen lan baldintzak azaldu ditzala batzorde orokorrean.