16/08/2019

Donibane Garaziko zitadela antzerkiz eta festa giroz beteko da

Bosgarren edizioa egingo du aurten Citadelle en Scenes jaialdiak. Agorrilaren 21etik 23ra bitarte Donibane Garaziko harresiaren barneko patioan «kalitatezko antzerkia» eskainiko da.

Idoia ERASO|DONIBANE GARAZI
0816_kul_donibane_garazi

«Herriko ondarea agerian jartzea eta kalitatezko antzerkia ekartzea dira jaialdi hau sortzera bultzatu gintuzten arrazoiak», azaldu du Laurent Inchauspek, Donibane Garaziko animazio batzordeko kideak. Zitadela herriko eraikin nagusietakoa bada ere, bertan ekimenik ez dela egiten ziurtatu du Herriko Etxeko kideak, eta hori dela-eta, kulturarako erabiltzea deliberatu zuten. Aldi berean, landa eremuan egonik «kalitatezko antzerkia» ikusteko aukera handirik ez dagoela kontuan izanik sortu zuten hitzordua.

Festibalaren arrakasta urtetik urtera handitzen doa: «Gero eta ikusle gehiago dauzkagu, aurreko edizioan 1.500 sarrera saldu ziren, aurrekoan baino %20 gehiago. Ikusiko dugu aurten ere joerak segitzen duen».

Ikusleriari dagokionez, sorpresa polita hartu zutela jakinarazi du antolatzaileak: «Jaialdia abiatu genuenean, turista anitz etorriko zirela pentsatu genuen, baina azkenean bertako jendea da gehienik, %80 garaztarrak dira. Oso fidelak dira, horrek erakusten du horrelako ekimen baterako gogoa eta beharra bazela». Ikusle mota guztiei irekia izatea da antolatzaileek eman nahi izan dioten beste ezaugarrietako bat; hori dela-eta, 7 eta 99 urte arteko jendearentzat dela baieztatu dute antolatzaileek.

Antzerkiari festa giroa gehitu nahi izan diote, bizikidetasuna sustatzeko. Horretarako, ardo ostatua ezarri dute zitadelan, ondoan dagoen Irulegi sor-markako kideak gonbidatu dituzte, eta arrats guztiz, antzerkiaren aurretik Baigorri aldeko ardoak dastatzeko aukera egonen da.

Antzezlanak

Asteazkenean, ACME konpainiaren eskutik “Le porteur d´histoire” izanen da ikusgai. Alexis Michalikek idatzitako obra honek 2014an bi Molieres antzerki sari irabazi zituen, aktore eta zuzendari hoberenenak. Ostegunean, Nicolas Devorten “Dans la peau de Cyrano” aurkeztuko du Pony Production konpainiak.

Ostirala, etxera eta kanpora begirakoa izanen da: Pariseko Atelier Theatre Actuel konpainiak “La famille Ortiz” aurkeztuko du, baina idazleari begiratuta garaztar bat atzematen dugu, Jean-Philippe Daguerre. Sortzaile hau jaialdiaren sorreran egon zen, bere gidaritzapean abiatu baitzen. Orain antolaketaz animazio batzordea arduratzen bada ere, Daguerrerekin lotura atxikitzen da.

GARAZTARRAK


Landa eremua izanik, hiri handietan eskaintzen diren antzezlanak ikustea zaila izaten da. Hori kontuan harturik antolatu du Herriko Etxeak jaialdia. Eta eskaintzari pozik erantzun diote garaztarrek, ikusleen %80 baitira. Udan izanik, turista gehiago izanen zirela uste zuten antolatzaileek.