GARA
DONOSTIA

«The Song of Names» filmak itxiko du 67. Zinemaldia

François Girarden «The Song of Names» dramak itxiko du Donostiako Zinemaldia. Tim Roth, Catherine McCormack eta Clive Owen dira oinarri historiko eta musikala duen filmeko protagonistak.

“The Song of Names” filmaren nazioarteko estreinaldiak itxiko du Donostiako 67. Zinemaldiko Sail Ofiziala, lehiaketaz kanpo, irailaren 28an. Tim Roth, Catherine McCormack eta Clive Owen dira filmeko protagonistak. François Girard kanadarrak zuzendu du oinarri historiko eta musikala duen drama hori, eta Howard Shorek sortu du soinu-banda.

Kanada, Erresuma Batuak eta Hungariaren arteko koprodukzio bat da filma eta Norman Lebrecht idazlearen izen bereko eleberrian dago oinarrituta. Bederatzi urte dituenean, Martinek Dovidl ezagutuko du: biolina jotzeko talentu harrigarria duen judu poloniar bat, II. Mundu Gerra piztu ondoren Londresen errefuxiatu dena. Debuta egin aurretik, baina, arrastorik utzi gabe desagertuko da Dovidl, eta lotsa eta hondamena ekarriko dio familia osoari.

Girardek (Saint-Felicien, Kanada,1963) aurrez ere zuzendu ditu musikaren inguruan ardaztutako zenbait lan. “Thirty Two Short Films About Glenn Gould” (1993) filmean, Glenn Gould piano-jotzaile talentudunaren bizitzara hurbildu zen eta, ondoren, “Le violon rouge” lanean, mendeetan eta kontinenteetan zehar eskutik eskura bidaiatzen duen biolin baten bidea irudikatu zuen. Gainera, Boychoir filmean haur-abesbatza bateko zuzendari zorrotz baten istorioa kontatu zuen Dustin Hoffman aktorearen bidez. Alessandro Bariccok idatzitako “Zeta” eleberri ospetsuaren egokitzapen zinematografikoa egiteagatik ere ezaguna da Girard.