Imanol CARRILLO
Piraguismoa

Tokiora bidean Hungarian barna

Gaurtik igandera bitartean lau euskaldun arituko dira Szegeden jokatuko den Esprint Piraguismoko Munduko Txapelketan.

Szeged Hungariako hirugarren hiribururik handiena da, eta bertako Jokoak –1931. urtean egin zituzten lehen aldiz– hiriko ekintzarik erakargarriena dira. Hiriaren egunean ospatzen dira, udaberriro, maiatzaren 21ean.

Szeged izena “ertz” esateko erabiltzen zen hitz hungariar zahar batetik omen dator; zehazki, hiritik pasatzen den Tisza ibaiaren ertza adierazteko erabili ohi zuten. Beste teoria batzuen arabera, hori bai, “uharte” esan nahi duen sziget hitz hungariarretik dator. Hirugarren teoria baten aburuz, szeg hitzak “horail iluna” esan nahi du, Tisza eta Maros ibaiak nahasten direnean urak hartzen duen koloreari erreferentzia eginez.

Gaurtik igandera Esprint Piraguismoko Munduko Txapelketa jokatuko da 1981ean inauguratutako Matyko estropada eremuan –Szegedeko Zentro Olinpikoa–. Urtegi bateko presak baliatuta eraiki zuten eta horregatik ez du aparteko korronterik eta haizeak ez du gogor jotzen. 2.400 metroko luzera du.

Laku Zurian –20 metro karratuko azalera du– ere lehiatuko dira kirolariak. Maty errekak eta Szegedeko Zentro Olinpikoak munduko estropada eremu onena osatzen dute. Nazioartean eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditu eta kayak eta kanoa txapelketetarako guztiz aproposa da.

Azken plazak jokoan

Gauzak horrela, bertan arituko dira gaurtik aurrera, besteak beste, Iñigo Peña, Begoña Lazkano, Aitor Gorrotxategi eta Higinio Rivero kirolari euskaldunak. Aurtengo Munduko Txapelketa oso garrantzitsua da Tokioko Jokoetako sailkapena lortzeko.

Aitor Gorrotxategi ez da txartelaren bila joango, baina bai beste hiru kirolariak. Iñigo Peñaren kasuan, hamar plaza daude jokoan K2-1.000 metro proban: sei Szegeden, bat Europako sailkapenean (Poznan, 2020ko maiatzak 21 eta 22) eta beste hiru gainontzeko kontinenteetan.

Plaza berak daude jokoan Begoña Lazkanoren proban, K4-500 metro, baina denak Szegeden banatuko dira. Azkenik, Higinio Riveroren probetan, VL2-200 metro eta KL2-200 metro alegia, beste hamar txartel daude jokoan, sei Szegeden eta beste lau 2020ko Munduko Txapelketan.

Higinio Rivero (Bilbo, 1982) izango da lehena lehiatzen. 2013. urtean eskalatzen zegoela izandako istripu larri batek paraplegia eragin zion eta errehabilitazioan onurak ekartzen dizkiolako hasi zen piraguismo egokituan. Denbora gutxi badarama ere, 2016an Branderburgen jokatutako Parakanoa Maratoiko Munduko Txapelketan nagusitu zen, baita 2017an Pietermarithburgen (Hegoafrika) ere. Horrez gain, 2016an Europako txapeldun izan zen Pontevedran.

Aitor Gorrotxategik (Irun, 1998) etorkizun oparoa du eta 2018an izan ditu bere ibilbideko emaitzarik onenak. 2.000 metroko proban garaipena lortu zuen martxoan 23 urtez azpiko kategorian. Horrez gain, K1- 1.000 metroko hautapen probetan laugarren izan zen (bigarren 23 urtez azpikoan) eta horrek Belgradeko Europako Txapelketa Absoluturako eta Plovdiveko 23 urtez azpiko Munduko Txapelketarako txartelak eman zizkion. Europako Txapelketan brontzezko domina lortu zuen 1.000 metroko K4ko proban.

Iñigo Peña (Zumaia, 1990) eta Begoña Lazkano (Pasaia, 1994) dira Tokiorako txartela eskuratzeko aukera gehien dituztenak. Zumaiarrak badaki zer den Olinpiar Jokoetan izatea (Rion bosgarren izan zen, diploma olinpikoa irabazita). Oraingoan, Paco Cubelosekin lehiatuko da.

Pasaitarraren kasuan –Munduko eta Europako Txapelketetan, Europako Jokoetan eta Munduko Kopan esperientzia du–, Sara Ouzande, Natalia Garcia eta Isabel Contrerasekin lehiatuko da Szegeden.