23/08/2019

Bertsolaritzaren emaria, kultur panorama iraultzeko akuilu

Bertsolaritzatik abiatuta, kulturak egun dituen erronkez eta horiei aurre egiteko estrategiez aritu dira Donostian, «Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak» Udako Ikastaroan. Kulturgintzan zein sorkuntzan, artikulatzea estrategikoa dela ebatzi dute. Ikastaroek gaur izango dute segida, eta komentatutako bertso saio feministak itxiko du jardunaldia.

Amalur ARTOLA|DONOSTIA
0823_kul_bertsolaritza

Bertsolaritzak jakin izan du garai eta molde berrietara egokitzen, baita komunitatea sortu eta mantentzen ere, horretarako estrategiak garatu eta bertsolaritza bera etengabe birpentsatzeko gauza izan delako. Hala ebatzi zuten atzo Donostiako Miramar jauregian “Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak” Udako Ikastarora batu ziren hizlari zein solaskideek, eta urrutirago ere joan ziren: euskal kulturak, bere osotasunean, etorkizunean izan ditzakeen erronkak identifikatu eta bertsolaritzaren esperientziatik zer eskaini dakiokeen ere eztabaidatu zuten solaskideek.

Bana-banako mintza-saioen ostean, mahai-inguruan bildu eta ikastaroan izena eman dutenekin solasean aritu ziren Josu Amezaga, Iratxe Retolaza eta Harkaitz Zubiri, hirurak EHUko irakasleak eta kulturako alor ezberdinetan berezituak, Karlos Aizpurua moderatzaile lanetan zutela.

Bertsolaritzak egun duen egoera ez da ez kasualitatea eta ezta zorte ona ere, Amezagaren iritzian. «Bere momentuan gauza batzuk ikusi eta zenbait mekanismo jarri ziren martxan, hezkuntzan, sustapenean, ikerkuntzan… Bertsozale Elkartean hemezortzi pertsonak egiten dute lan horretan. Euskarazko komunikabideen kasuan, guk EHUn behategi bat dugu, baina ez dago egitura bat. Ez al da behar sektoreka halako planik?», galdegin zuen, eta bertsolaritzan egin den lanketa euskararen zein kulturaren esparrura zabaltzearen aldeko azaldu da: «Bertsolaritzan egin dena modu globalago batean landu behar da, gero emaitzak ikusi egiten direlako». Komunikabideen kasuan, Amezagaren hitzetan, oraindik oso urrun gaude egon beharko genukeen lekutik.

Zubiri kritiko agertzearen aldeko azaldu zen, baina kritikek eraikitzeko balio behar dutela azpimarratuz. Ez immobilismorako aitzakia gisa. «Ez da oso sanoa beti kritikatzen egotea. Egoera orain oso aproposa da erabakitzeko zer egin nahi dugun, eskura inoiz baino informazio gehiago daukagulako ikusteko zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, bada, erabili dezagun», egin zuen arrapostu.

Argitaletxeen gainbehera

Retolazak hartu zion segida Zubiriri, baliabide materialez gainera giza baliabideak ere aintzat hartu beharko liratekeela nabarmenduz. «Arlo askotan jardun duen jende asko daukagu, eta ni alde horretatik baikorra naiz». Kezkatuta agertu zen, ordea, literaturaren kasuan argitaletxeek izan dezaketen gainbeherarekin. «Elkar kenduta, beste egitura bat duelako», euskaraz argitaratzen duten argitaletxeetan oinordekotza ez dela landu esan zuen, eta edizio lanei segida emate horretan hutsunea ikusten duela gaineratu. «Badaude kapital sinboliko-humanoak non ez den birpentsatu, eta hor metatuta dagoena erori eta galdu egingo da ez badugu lantzen», ziurtatu zuen, egoeraren «urgentzia» nabarmenduz.

Aldaketa horiek eman daitezen erakundeetan jarria dute begia, baina erakundeei, gaur-gaurkoz bederen, eragin egin behar zaiela ere argi dute. Eta hor, beste behin, mobilizatzeko gai den gizarte bizia sartzen da jokoan. «Gobernuak ez du erabaki DSBE [edo diru-sarrerak bermatzeko errenta] sortzea, hori egin da presio bat egon delako. Gizarte mugimenduek bultzatuta funtzionatzen dute gauza askok», ziurtatu zuen Zubirik, eta hariari tiraka politikarien agendan kulturak betetzen duen lekuaz aritu zen Retolaza: «Hauteskunde garaian kultura ez dago agenda politikoan, ez dago mapan, ez da aipatzen debateetan. Gizarte mugimenduen esku-hartzeetako bat ere izan behar da kultura lehen lerrora eramatea».

Kultur sortzaileak, baina, gutxirekin asko egitera ohituta daude. «Eta, askotan, egiten uzten badigute, pozik», nabarmendu zuen Amezagak: «Uste dut honezkero gehiago exijitu behar dugula eta hau eztabaida politikora eraman behar dela». Eta, bide horretan, erakundeez gainera kulturgintzako agenteek duten papera nabarmendu zuten hizlariek.

Euskal kulturaren hartzailea

Nori begira jarri behar dugu, ordea, euskal kultura? «Momentu kritiko batean gaude Euskal Herrian, herri bezala, kultura bezala eta hizkuntza bezala. Euskal komunitatea milioi bat pertsona izatera irits gaitezke, baina milioi horrek ez du osatzen hiztun komunitatea, askoz txikiagoa da, eta bada garaia hori mugitzeko», aldarrikatu zuen Amezagak.

Euskarazko komunikabideen kasuan ere, kontsumoa igo den arren kontsumitzaile kopuruak berean jarraitzen duela esan zuen, hau da, euskaldunok gero eta gehiago kontsumitzen dugu, trinkotu egin da hiztun komunitatea, baina nekez zabaldu. «Nik uste dut masa trinko hori zabaldu egin behar dela, ezin gara geratu egungo komunitatearen trinkotzearekin. Zabaltzen ez badugu zerbait aldatu eta pare bat egunetan hori guztia erori egingo zaigu», ziurtatu zuen.

Bertsolaritzara itzulita, fenomeno bera ikusten du Zubirik: nabarmen trinkotu da bertsozaletasuna ere, baina, zabaldu, gutxi. «Nukleo hori ez badago ez du funtzionatzen, baina zabaldu behar dugu», esan zuen, eta gakoak ere identifikatu zituen: generoa, etnia eta hizkuntza komunitatea.

Eta, berriro ere, erakundeen erantzukizuna jarri zuten mahai gainean. “Euskal kulturaren plana”-ren ordez “kulturaren euskal plana” behar dela aldarrikatu zuten, eta, Amezagaren hitzetan, «erakundeak konbentzitu behar ditugu, herri honen zioa ziurta dezakeen bakarra kultura baita, eta hizkuntza». Retolazak ere heldu zion gaiari, “idazleen marka” hizpide: «Kirmen Uriberi turismo gida bat balitz bezala ematen zaionean dirua nobela bat eraikitzeko, idazleen marka ari gara sortzen. Kontradiskurtsorik egiten ez dugun bitartean, hori indartzen ari gara», ziurtatu zuen, batzuetan sortzailearen sorlanak baino haren gainean eraiki den markak gehiago balio duela ziurtatuz.

AGENDA


«Hauteskunde garaian kultura ez dago agenda politikoan, ez dago mapan, ez da aipatzen. Gizarte mugimenduen esku-hartzeetako bat ere izan behar da kultura lehen lerrora eramatea», esan zuen Retolazak.

GAUR


Bertsolaritzaren artikulazioak izango dituzte hizpide gaur ikastaroan. Jardunaldia bukatzeko, komentatutako bertso saio musikatua eskainiko dute Miren Amurizak eta Nerea Ibarzabalek (17.00).