Patxi GAZTELUMENDI
AMEZTOYREN MUNDUAN BARNA

VICENTE AMEZTOYREN LANAK REMELLURITIK MADRIL ETA BILBORA

BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOAK DENBORALDI BERRIA AURKEZTU DU REMELLURIN (BASTIDA). GARAI BATEAN VICENTE AMEZTOYK EGONALDIAK EGITEN ZITUEN ERMITATXOAN EMAN DUTE JAKITERA MADRILEKO ARTE EDERREN ZIRKULUAN LEHENBIZI –URRIAREN 17TIK URTARRILAREN 6RA– ETA BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOAN GERO EGINGO DEN VICENTE AMEZTOYREN ATZERABEGIRAKOA. MAHASTI ARTEAN ETA GIRO EDERREAN, LAGUNARTEAN EGINDAKO AURKEZPENA IZAN ZEN.

Ia hamar urte eman zituen Vicente Ameztoy pintoreak (1946-2001) Remellurin egonaldiak egiten. Rodriguez Hernandorena familiak ardogintzan jarduteko erositako etxaldean pinturak eta kulturak oro har toki garrantzitsua izan zuen. Bertako ermitan ikusgai daude Ameztoyk margotutako santuen koadroak, eta urrian, artelan horiek guztiak artistaren atzerabegirakoan aurkeztuko dituzte Madrilen. Ostiraleko aurkezpenera Ameztoyren lagun eta senitartekoak, kultur arduradun ezberdinak eta kazetari andana bat batu ziren okasiorako; pintoreari buruz jardun, arteaz gozatu eta paraje eder horretan egun atsegina igarotzeko, garai bateko egonaldiak, solasaldiak eta kultur lanak gogoan.

Miguel Zugazak, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak, azaldu zuenez, Bernardo Atxaga idazlearen iradokizuna izan zen Ameztoyren obra gogoratzeko erakusketa egitea. Bilboko museoan beti izan dute halako erakusketa bat egiteko gogoa, eta Javier Viar museoko zuzendari ohiari eta Miriam Alzuri Bilboko Arte Ederren Museoko adituari eskaini zioten erakusketa prestatzeko ardura. Aspaldiko gogoa egungo ilusioarekin uztartuz, Vicente Ameztoyren obrak bilduko dituen erakusketa erraldoia ikusi ahal izango da Madrilen bezala Bilbon ere.

Museoko arduradunek gogoratu zutenez, artezaleek ondo gogoan dute Ameztoyren lanen inguruan egin izan diren erakusketa ezberdinak. Zugazak aipatu zuenez, eta parean zituen Santi Erasori –Artelekuko zuzendaria izandakoa– eta Frantxis Lopez Landetxeri –Donostiako KMK-ko arduraduna– begira, 1990. urtean Artelekun eta 2000n Koldo Mitxelena Kulturunean egindako erakusketak eta orduan argitaratutako katalogoek hitz onak besterik ez zituzten jaso. Ameztoy bizirik zela egin ziren erakusketok. Orain, atzerabegirakoan, egungo belaunaldiek ere Ameztoyren lana ezagutzea izango dute xede.

Aurkezpenean izan ziren Ameztoyren etxekoak, Virginia Lopez emaztea eta Virginia Ameztoy alaba buru zituztela; Vicenteren anaia eta arrebak; Remelluri etxalde eta upategiko Jaime Rodriguez eta Amaia Hernandorena –Ameztoy lagun eta pintoreari aterpe eman zioten irundarrak–, beraien aldamenean Telmo, Amaia eta Santxo seme-alabak zituztela; Gasteizko Gobernuko Bingen Zupiria kultura sailburua eta Joxean Muñoz sailburuordea; EHUko Arte Ederretako irakasle Fernando Galvano –Ameztoyren obran aditua, eta katalogo ezberdinetan berari buruz luze idatzitakoa–, Madriletik etorritako Arte Ederren Zirkuluko zuzendaria den Juan Barja. Remelluriko ermitari buruz Telmo Rodriguezek emandako azalpenak adi-adi jarraitu zituzten. Frantxis Lopez Landetxek eta Santi Erasok garai bateko erakusketak gogoratu zituzten. Bernardo Atxaga ere han izan zen, kazetariei azalpenak eman, garai bateko lagunak berriz besarkatu eta agurtu, eta Ameztoyren artelanak hitzetara ekartzearen garrantzia azpimarratzen –eta bertaratutako gehienak, udazkenean plazaratu behar duen nobela berriaz berari galdezka–.

Atxaga eta Sarrionandia

Madrilerako zein Bilborako prestatu duten katalogoaren berri ere eman zuen Miguel Zugaza zuzendariak. Bi komisarioen –Viar eta Alzuri– testuez gain, familiakoen eskariz Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandia idazleen testu bana ere argitaratuko da. Horrez gain, Fernando Galvanok Ameztoyren obrari buruzko gogoeta idatzi du. Bernardo Atxaga Vicente Ameztoyren lagun ona izan zen, maiz joaten zitzaion bisitan Remellurira bertara, eta horretaz aritu zen Amaia Hernandorena bera ere, Vicenteren adiskidantza sakona nabarmenduz. Sarrionandiak berriz, “Zeruko Argia” aldizkarian kointziditu zuen Ameztoyrekin, artista donostiarrak 70eko hamarkada bukaerako portadak diseinatu eta marrazten baitzituen. 2013an “Argia”-n argitaratutako “Bixente Ameztoyren azalak” artikuluan gogoratzen duenez, «irudi enkantatuak ziren, xamurrak, umorezkoak. Koadro bakoitzak bazuen zerbait ustekabekoa. Susmatzen zen pintura bakoitzeko naturaltasuna eta aldi berean, lan lasai eta zaindua. Hitzik gabe, imajina poetiko ikusgarria izaten zen koadrokoa, non atseginaren zentzua errealitatearen zentzuaren gainean lebitatzen ikusten baitzen». Sarrionandiak horrenbeste maite duen surrealismoa ere topatuko du Ameztoyren lanetan: «Magritte Donostian, eta Villabonan. Paisaian eta jendearen artean. Ikusten zen Bixente hiriko kaleetatik ibiltzen zela gau zatiak biltzen. Baserrien arteko bideetatik egurasten zela, tresna desagertuak biltzen zituela soro eta troken ertzean. Ematen zuen kostaldeko bidetik autoan joan eta ostadarrari begira geratzen diren horietakoa zela, ostadarra alboan edo atzean agerturik ere autoa martxan begira geratzen direnetakoa».

Vicente Ameztoyren lanak –“Karne & klorofila” erakusketa hartakoak adibidez– ikus daitezke Sarrionandiaren hitzen artean. 1975 eta 80 urte arteko portadak izan ziren, eta garaia horrela deskribatzen du berak: «Ez dut data zehatzik gogoan eta, gainera, data zehatzekin markatzeko modukoa den ere ez dakit, apur bat itxuragabekoa ere bazelako denbora hura. 1975-1980 aldia zaila izan zen jendearentzat eta paisaiarentzat ere. Takateko asko ematen zizkiguten orduan. Bazirudien dena ari zela laster aldatzen eta bazirudien gau harrizko luzea astiro eta gutxi argituko zela. Egunak luzeak zirela ematen zuen eta aldrebesak, eta gauak are arraroagoak». Ordukoak bezala, Ameztoyk 2001. urtera bitartean landutakoak udazkenetik aurrera izango dira ikusgai, Madrilen zein Bilbon.