Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Familia ez perfektuari buruzko Iñaki Irasizabalen ipuin ilunak

Hamar kontakizun biltzen ditu «Zorioneko familia»-k (Elkar). Iñaki Irasizabalek nobela beltza idatzi ohi du, baina oraingoan urteetan zehar idatzitako ipuinak argitalpen batean biltzea erabaki du. Familiaren gaia ardatz hartuta, ironiaz betetako istorioak dakartza.

«Aita lapurra zen, ama mozkorra eta ni gezurtia». Horrela hasten da “Zorioneko familia”, Iñaki Irasizabalen liburu berria. Urteetan nobela beltza landu ostean –bere aurreko lana “Aramotz” izan zen–, oraingoan ipuin bilduma bat osatu du.

Elkarreko editore Xabier Mendigurenek ostiraleko aurkezpenean azaldu zuenez, Durangon jaiotako egilea duela bi urte hasi zen ipuinak idazten. «Iñaki Irasizabalen liburu asko aurkeztea tokatu zait, baina hau desberdina da», esan zuen ilusioa egiten ziola aitortuz.

Idazleak ipuin asko bidali zizkion Mendigureni eta bien artean aukeraketa bat egin zuten bi irizpideri jarraituz; alde batetik, kalitateari, eta bestetik, koherentzia tematikoari. Kasu honetan familia hartu dute gaitzat, ipuin guztiek lotura bat izan dezaten. Familiari buruz gauza txar eta on asko esaten dira, familia baita maitasunaren habia, gizartearen zutabea, elkar laguntzeko tresna, umeen haztoki eta zaharren babesa, baina baita itxurakerien tenplua, gezurren zuloa, gorrotoen gordailua, zurruntasunaren eskola ere.

Hamar ipuin batu dituzte “Zorioneko familia” lanean. Horietan familia mota desberdinak erakusten dira, baina garrantzitsuena pertsonaiak eta horien arteko harremanak dira. Egilearen esanetan, «kontakizun latzak dira, baina badute ironia eta umorea; samurrak izan daitezen saiatu naiz».

«Idaztea, hitz egitea bezala, zerbait komunikatzean datza. Nire helburua beti da ahalik eta istoriorik onena ahalik eta ondoen kontatzea. Gero, gerokoak», kontatu zuen bere estilo aldaketaren inguruan.

Familia tradizionalen rolak islatu ditu ipuin batzuetan, baina horiekin jolastuz. Beste ipuin batzuetan, protagonistak gazteak direnez, rol modernoak txertatu ditu. Pertsonaia batzuk ez dira gizartean eroso sentitzen, eta beste batzuk –batez ere gazteak– alkoholarekin zein drogekin arazoak dituzte, edo ez dira oso azkarrak.

Mirinda fresko bat

Kontakizunek familiaren gaia ardatz badute ere, funtsean beste gai batzuk jorratzen dira. Adibidez, krisi ekonomikoa aipatzen da behin baino gehiagotan: «Idazleek nahi eta nahi ez aipatzen dute bizi duten testuingurua. Edozein krisi oso literarioa izan daiteke, azken finean gatazka baita narrazio baten muina. Ekonomikoa luzea izan zen eta nireak bezalako pertsonaiek gogor sufritu zuten. Nola ez azaldu!», azpimarratu zuen.

Istorio batzuk askoz lehenago kokatu ditu, 1970eko hamarkadan. «Ni txikia nintzeneko garaia. Hamarkada horretako bigarren erdikoa da gogoratzen dudan lehen mundua. Garai hartako hainbat irudi modu indartsuan daude erroturik nire barruan. Noizean behin paseatzera ateratzen dira», adierazi zuen.

Mendigurenen iritziz, «Iñaki oso ona da detaile txikiekin leku eta garai batera eramaten». Adibidez, txakur bati Tacaton izena jarri dio (Yupi estralurtarraren planetaren izena, 80ko urteetako telesaila) eta beste batean Mirinda freskagarria aipatzen du (60-70eko urteetan arrakasta izan zuena).

Oro har, ipuinak errealistak dira, nahiz eta pertsonaiek egiten dituzten hautuak ez diren logikoenak. Estereotipoetatik aldentzen ere saiatu da. Adibidez, badaude gaiztoak diren pertsonaiak, baina ñabardurak dituztenak. «Agian gaiztoekin gaiztoak izan dira», argitu zuen.

Nobela beltzaren zantzurik ez dute istorioek, ez dagoelako argitu beharreko heriotzarik, baina «beltza» badela aipatu zuen Irasizabalek. Izan ere, kontakizun ilunak dira, ez oso alaiak. «Konturatu naiz niretzat oso normalak direnak besteentzat ez direla hala», aitortu zuen.