Nerea GOTI
BILBO

Presoen eskubide urraketen txostena helarazi diote NBEri

Sarek eta ikasketa juridikoetan aritzen den EHUko Ikasmirak zentroak egun Estatu espainolean dauden 203 euskal presoen egoera jasotzen duen txostena aurkeztu dute NBEko Giza Eskubideen Batzordean. Bost urtean behin giza eskubideen egoera aztertzen du erakundeak partaide diren herrialdeetan, eta Estatu espainolari dagokio hurrengo hilabeteetan.

Urria eta azaroa bitartean NBEko errelatoreek Estatu espainolean giza eskubideen egoera aztertuko dute, eta horren araberako gomendioak ezarriko dituzte. Hori dela eta, Sare dinamika herritarrak eta EHUko ikasketa juridikoen diziplinarteko Ikasmirak ikerguneak euskal presoen egoera jasotzen duen txostena helarazi diote erakundeari, errealitate hori kontuan har dezan.

Ekimenaren berri agerraldi jendetsu batean eman zuten Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko bozeramaileek, Ikasmirak zentroko kide den Iñaki Lasagabazter juristarekin batera.

Zehaztu zutenez, txostenak egungo kartzela politika espainolak urratzen dituen eskubideak biltzen ditu, bai urrunketari dagokionez, bai preso gaixoen egoerari zein zigorren metaketari dagokienez.

Lasagabazterrek azaldu zuen Estatu espainoleko espetxe politika legalitate printzipioaren aurkakoa eta nazioarteko arauen kontrakoa dela. Horrekin lotuta, “Mandela arauek” edo Europako Kontseiluak ezarritakoa ekarri zuen gogora.

Osasun eta bizitza eskubideak

«Gaixotasun larriak dituzten euskal presoak daude eta kartzelan jarraitzen dute indarrean dauden arauek ezartzen duten arreta jaso gabe», esan zuen Lasagabazterrek. «Argi utzi behar da bizitza eskubidea eta espetxean dauden pertsonen osasun eskubidea gainontzekoen bera dela», gaineratu zuen.

Nabarmendu zuenez, «espetxea ez da pertsonak hiltzeko» eta legearen kontrakoa da preso bat «kartzelan edukitzea gaitz terminala izan arte». Era berean, Euskal Herrian eta inguruan dauden espetxeetan tokia egonik, presoak ehunka eta milaka kilometrora zergatik edukitzen dituzten galdetu zuen.

Lasagabazterrek adierazi zuen Estatu espainolean botere judizialaren zati garrantzitsu batek erabaki duela presoen zigorren betetzea «ahalik eta gogorrena izatea», eta «legeak dioenaren gainetik» jokatzen ari direla.

«Ez da pribilegiorik eskatzen baizik eta legediaren aplikazioa», esan zuen EHUko juristak, eta gaineratu zuen espetxea ezin dela presoen eta euren senitarteko eta hurbilekoen sufrimendua areagotzeko erabili.

Ildo beretik, Joseba Azkarragak azaldu zuen elkarbizitzaren eta normalizazioaren bidean ez dela sartzen preso batzuei aplikatzen zaien salbuespenezko erregimena. «Ez dauka zerikusirik 2011ko urriko ETAren erabakiarekin egin izan diren urratsekin», zehaztu zuen.

Gogoratu zuenez, urrunketa politikak eskubideak urratzen ditu eta gaixo dauden presoen kasuan «neurriak muga susmagaitzetaraino eramatea delitua da». Txostenak egoera horiek guztiak biltzen dituela argitu zuen, eta errelatoreen eskuetan jarri dutela, Estatu espainoleko giza eskubideen egoera aztertu behar baitute hurrengo hilabeteetan.

Babes zabal eta askotarikoa

NBEren aurreko ekimenak arlo ezberdinetako ordezkari esanguratsuen babesa du. Hala dela erakutsi zuten atzo txostenarekin atxikimendua adierazi dutenetako askok Bilbon eginiko agerraldi jendetsuan parte hartuz. Politika, sindikalismo, kultura edota unibertsitate munduko ordezkari ugarik eman diote babesa txostenari.

Bilbon bildutakoen artean, Bel Pozueta Altsasuko Gurasoetako kidea izan zen, baita Bizkaiko gobernadore zibila izan zen Daniel Arranz ere edota Rosa Rodero ETAren atentatuan hildako Joseba Goikoetxearen alarguna. Era berean, Jone Goirizelaia, Arantza Zulueta edota Iñigo Santxo egon ziren abokatuen artean, baita Pili Zabala, Joxi Zabala GALen biktimaren arreba, Pako Letamendia Ortzi EHUko irakaslea edota Ilaki Zarraoa Getxoko alkate ohia, besteak beste.

Azkarragak agerraldian bildu zirenei eskerrak eman, eta nabarmendu egin zuen euren atxikimenduaren garrantzia, jarrera ideologiko ezberdinetatik, urrunketaren alde, preso gaixoak aske uztearen alde eta ia biziarteko zigor ezkutuak ekartzen dituen salbuespeneko erregimenaren aurka azaltzen diren herritarrak direlako.

Giza eskubideen defentsa guztion ardura dela eta zauri kolektiboak osatzen laguntzeko behar den elkarbizitza klima indartzeko «guztion» beharra dela nabarmendu zuen, euskal jendarteari zuzendutako mezuan.