Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

Link Sar mendiaren lehenengo igoerak baditu protagonistak

Steve Swenson, Chris Wright, Mark Richey eta Graham Zimmerman estatubatuarrek sei egun behar izan dituzte Karakorumen dagoenzazpimilakoa lehendabiziko aldiz igotzeko. «Hego-ekialdeko aurpegia» deitu diote eskalatutako bideari: M6+, WI4, 90º, 2300 m.

Link Sar mendia lehen aldiz igo duen taldea berezia izan da oso. Gazteak eta beteranoak uztartu ditu; hots, freskotasuna eta eskarmentu handia. Eta irrakurri bezala, ekuazioaren emaitza biribila izan da. Zaharrenak Steve Swenson (65 urte) eta Mark Richey (61) dira. Gazteak, berriz, Chris Wright (36) eta Graham Zimmerman (33).

Bada, laukote estatubatuarrak Karakorum mendilerroan dagoen 7.041 metroko mendia lehen aldiz igo du. Sari preziatu horren atzetik makina bat espediziok jardun dute; hain zuzen ere, bederatzik. Igo duten bide berriari “Hego-ekialdeko aurpegia” deitu diote: M6+, WI4, 90º, 2.300 m.

Link Sar mendiaren lehen igoera egin ahal izateko sei eguneko lan eskerga behar izan zuten. Lehen urratsak uztailaren azken egunean egin zituzten; tontorra, berriz, abuztuaren 5ean zapaldu zuten.

Egin diren aurreko ekinaldietako batzuetan, lerrootako protagonistak izan dira tartean. Duela hemezortzi urte, Swensonek eta beste lau kidek hego-ekialdeko aurpegiari lehenengo bisita egin zioten. Nahiz eta garaiera handia ez lortu, talde horrek aukera bikaina izan zuen horma ondo ikusi eta aztertzeko. Gogoratu behar dugu, Link Sar mendia Kaxmirretik oso gertu dagoela, eta urte luzez hara joatea debekatuta izan dela.

Hamalau urte geroago, Swenson, Zimmerman eta Scott Bennett inguru haietan eskalatzen izan ziren. Changui Tower mendiaren lehen igoera lortu zuten, eta gailurrak Link Sarreko 3.400 metroko hego-ekialdeko hormaren ikuspegi bikaina eskaini zien. Informazioa, beraz, esku-eskura zuten. Zenbati urtez alderdi hura itxita egon ostean, duela pare bat urte Swenson eta Zimmermanek hormatzar hori eskalatzeko baimena jaso zuten. Wrightek ere jaso zuen gonbidapena, baina, eguraldi oso gaiztoarengatik, ezer gutxi egiteko aukera izan zuten.

Protagonistok ez zuten nahi xede hori erabat ahantzi eta zintzilik uzterik, eta, hala, aurtengo ekainaren 4an, AEBetatik irten ziren Richeyrekin batera Link Sar igotzen saiatzeko asmoz. Bi hilabete eta lau egun geroago, laukotea igo gabe zen zazpimilakoaren tontorrean zen. Espedizioaren inguruko informazio gehiago jasotzeko Zimmermanengana jo dugu, eta, hala, hurrengo lerroetan luze eta zabal jaso ditugu estatubatuarrak emandako azalpenak.

Link Sar

«Ekainaren 10erako kanpaleku nagusia antolatuta genuen; hain zuzen ere, 3.600 metrora. Jakin bagenekien girora ondo egokitu beharra genuela, baina fase hori aurrera eramateko zailtasun ugari izan genituen. Inguruko mendiak ere zailak dira, eta, ondorioz, Link Sarren hego-ekialdeko lehen metroetan jardun genuen. Kanpaleku nagusi aurreratua 1.100 metro gorago altxatu genuen. Lan horiek aurrera eramateko bost langile kontratatu genituen, eta, inguru nahasia denez, soka finkoak jartzera behartuta egon ginen. Bosgarren graduko plaka batzuk ziren, eta, beraz, segurtasunari lehentasuna eman genion.

Lan horiek guztiak uztailaren 4rako amaituta genituen. Gogoz eta ilusioz geunden aurrera jarraitzeko, baina mendiaren baldintzak ez ziren batere egokiak. Gogoratu behar dut joan den neguan elur asko bota zuela; Karakorumen datuak dituztenetik elurtsuenetarikoa izan zen. Mendia oso-oso arriskutsu zegoen. Uztailaren 7an, adibidez, hormaren lehen zatian hirugarren mailako elur-jausi bat ikusi genuen. Zorionez, uztailaren lehen hamabostaldian eguraldia oso egonkorra izan zen, eta horri esker aipatu ditudan baldintza arriskutsuek nabarmen egin zuten hobera.

Girora egokitzeko fasea 6.000 metroko kotan amaitu genuen. Buruz eta sasoiz ondo geunden, soilik D eguna noiz helduko zen zehaztea falta zen. Eta hori uztaileko azken eguna izan zen.

Kanpaleku nagusi aurreratuan ginela lehen urratsak egin genituen. 07.30ean, estilo alpinoan, horma eskalatzen hasi ginen. Link Sar mendiaren hego-ekiko aurpegia handia da oso: 3.400 metro ditu. Guk eskalatutako bideak, berriz, 2.300 metroko luzera du. Kontuak eginda, irakurlea ohartuko da igo genuen marra kanpaleku nagusi aurreratutik hasi genuela.

Lehendabiziko metroetan oso tenteak ziren elurrezko aldatsak eta eremu glaziar bat gainditu genituen. Arratsaldean, berriz, 5.100 metrora ginela beste kanpaleku bat antolatu genuen. Atseden hartzea beharrezkoa zen; izan ere, bidearen beheko aldean zegoen lehen giltzari ekin behar genion.

Hego-ekialdeko aurpegian eskalatzen ari ginenez, beroa saihestu eta gauez jarduteko erabakia hartu genuen. Nahiz eta gaua izan, tenperatura ez zen batere hotza. Hezetasun handia zegoen, eta, hori dela eta, lehen giltza gainditzeko baldintzak oso kaskarrak izan ziren. Sekzio hori, berez, zailtasunean oso iraunkorra zen. Hamar luze igo genituen, eta zailtasun teknikoei dagokienez, gehienez M6+ eskalatzera behartuta egon ginen.

Ostean, 09.30ak inguruan, segurtasun handia ematen zigun bibak eroso bat egin genuen. 5.900 metrora ginen, eta gauean zehar eginiko lanetatik errekuperatzeko baliatu genuen; beroa apaldu arte hartu genuen atseden.

Eguna argitu aurretik martxan jarri ginen. Bigarren kanpalekuaren gainean serac murru bat genuen. Oso handia eta arriskutsua zen. Esan beharra dut duela bi urte ikusi genuenean beste neurri batzuk zituela; erabat aldatuta zegoen. Ezusteko handia izan zen hori. Zorionez, murruaren eskuinaldean serac erraldoi hori saihesteko bide egoki bat aurkitu genuen. Ez zen oso arriskutsua izan, zehazki, WI4 zailtasuneko tarteak eskalatu genituen. Ondoren, eskalada erraza egin eta 6.200 metrora beste bibak on eta seguru bat aurkitu genuen.

Hormaren azken zatian ginen, mistoko murru baten azpian. Hirugarren eskalada eguna zen, eta eguraldi gaiztoak eskalada gelditzera behartu gintuen. Biharamunean, 03.00etan, hirugarren bibaketik eguraldi txarrarekin irten ginen. Ordubete eskasera geratu ginen. Mistoko sekzio zaila genuen aurretik, eta eguraldia ez zen baretzen. Elur-bisutsetik babesteko koba bat prestatu genuen. 09.00etan, berriz, eguraldia lasaitu eta mistoan zein izotzean hiru luze zoragarri eskalatu genituen. Luzeok elurrezko sekzio nahasi batera eraman gintuzten. Ondoren, serac batean luze gogor eta tentea gainditu genuen, eta, iluntzean, 6.700 metrora ginela, igoeraren azken bibakera heldu ginen. Abuztuaren 5arekin batera iritsi zen gailurra zapaltzeko eguna. Azken metroetan denetarik eskalatu genuen: izotz ona, elur nahasia, mistoko sekzioak...

Ilunabarrarekin batera erdietsi genuen gailurra. Sei eguneko eskalada izan zen, eta, denera, 30 luze tekniko egin genituen 2.300 metroko bide hori gainditu ahal izateko.

Jaitsierak, berriz, hiru eguneko lana eskatu zizkigun. Rappelatzeko bilera asko antolatu behar izan genituen. Eta, gainera, eguneko beroak ez zigun batere lagundu. Jardun honek dena ematea eskatu zigun. Pozarren gaude lortutakoarekin».