Ibai AZPARREN
IRUÑEA

Trafiko-transferentzia itopuntuan dagoela berretsi du Grande-Marlaskak

Iruñeko Polizia espainolaren komisaria eta Guardia Zibilaren kuartela bisitatu zituen atzo Barne ministroak, eta Nafarroan erakunde armatuaren iraunkortasuna arriskuan ez dagoela azpimarratu zuen.

Jarduneko Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak Polizia espainolaren komisaria eta Guardia Zibilaren kuartela bisitatu zituen atzo Iruñean, Nafarroako lehendakari Maria Chiviterekin ordubeteko bilera izan aurretik.

Marlaskaren bisitak arreta piztu zuen, Barne Ministerioarekin zerikusia duten hainbat gairen gaurkotasuna kontuan hartuta: Foruzaingoari trafiko eta bide-segurtasunaren eskumena itzultzeko negoziazioak; Altsasuko auziko helegitearen inguruko biharko erabakia; eta 11/13 sumarioaren epaiketan adostutako akordioa.

Gehiegi busti gabe, Marlaskak «garrantzitsuena talde polizialen arteko koordinazioa» dela nabarmendu zuen. Hori bai, «Guardia Zibilaren presentzia Nafarroan arriskuan ez» dagoela azpimarratu zuen.

Horren harira, 200 guardia zibilek Nafarroako errepideetan egiten duten lana Foruzaingoak agenteen erdiekin bere gain har dezakeela kalkulatzen da. Aurreko legealdian, eskumen hori Nafarroako Gobernuari itzultzea adostu zuten Uxue Barkosek eta Pedro Sanchezek, baina hauteskundeak aurreratuta, transferentzia gauzatu gabe utzi zuten. Sanchezek jarduneko gobernu batek ezin duela horrelako erreformarik gauzatu azaldu zuen, eta argudio horretara heldu zen atzo Chivite, «jardunean ez dagoen gobernu bat» dagoenean gaia berrartuko dutela iragarriz.

Altsasuko bistaren inguruan, Marlaskak soilik «Auzitegi Gorenak ebazpen egokia ematea» espero duela azaldu zuen. Luzeago mintzatu zen 11/13 epaiketan 47 auzipetuek lortutako akordioari buruz galdetu ziotenean. Barne-ministroak akordio horrek «Guardia Zibilaren lana erakusten duela» azpimarratu zuen: «Arrazoia zeukaten ETA komando operatiboak baino gehiago zela adierazi zutenean».

Nafarroa, nafarren esku

Albert Riverak, berriz, hauteskundeak saihesteko helburuarekin, Pablo Casadori Sanchezen inbestiduran abstenitzea proposatu zion atzo, azken horrek hiru konpromiso hartzen baditu. Horietako lehenean Nafarroa «konstituzionalistentzat berreskuratzea» proposatu zien eta, horretarako, PSOEri «Otegirekin daukan ituna» hausteko eskatu zion. Ciudadanoseko buruari erantzunez, Marlaskak adierazi zuen «Nafarroak Gobernu konstituzionalista» daukala, «Nafarroa Espainia da» eta «nafarrek beraiek hautatu duten gobernua» daukatela gaineratuz.

Bestalde, Chivitek EH Bildurekin «inolako itunik» ez dutela azpimarratu zuen eta, beraz, ez dagoela «Espainian legegintzaldia abiatzea» eragozteko arrazoirik. Kexa bat ere gaineratu zuen: «Nafarroaren inguruko guztia manipulatzen jarraitzen dute, Espainian politika egiteko helburuarekin».