Ibai AZPARREN
BORROKA SINDIKALA

KIDE BAT KARTZELATU EZ DEZATEN, PARLAMENTURA KATEATU DA LAB

LAB-EKO ZORTZI SINDIKALISTA NAFARROAKO LEGEBILTZARRAREN ATARIAN KATEATU ZIREN ATZO, IMANOL SALINASEN BALIZKO ESPETXERATZEA SALATZEKO. PREKARITATEAREN AURKAKO EKINTZA BATENGATIK 21 HILABETEKO ESPETXE ZIGORRA ESKATZEN DIOTE LABEKO ARDURADUNARI. FORUZAINGOEK IDENTIFIKATU ONDOREN, LIBRE UTZI ZITUZTEN.

Iruñeko Zigor Arloko 4. Epaitegiak 21 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Imanol Salinas LAB sindikatuko kideari, 2018ko sanferminetan Iruñeko La Sangiovesa jatetxeko lan gatazkan protesta sindikal baketsu bat bozgorailu batekin dinamizatzeagatik. Helegitea aztertzen ari diren epaileek aurreko epaia berresten badute, Salinas kartzelan sartuko dute.

Horren aurrean, LAB sindikatuko zortzi kide Parlamentuan kateatu ziren atzo eta «Borroka sindikala aurrera», zioen pankarta zabaltzen saiatu ziren, baina Parlamentuko foruzaingoek galarazi egin zieten.

Izan ere, “Borroka sindikala aurrera” da sindikalisten aurkako jazarpen polizial eta judiziala salatzeko LABek martxan jarri duen kanpaina, Salinasen kasua ez baita izan sindikatuak azken hilabeteetan salatu duen jazarpen bakarra. Aurreko astean, Huerta de Peraltako lan gatazka dela-eta Abdenabi Mellase langileari urtebeteko espetxe zigorra eta 2.500 euroko isuna ezarri zioten, nahiz eta ez duten Marokora kanporatuko.

Hala ere, Mellase ez da Huerta de Peraltako gatazkak utzi duen kaltetu bakarra. Baratzeko sarrera furgoneta batekin oztopatzeagatik urtebeteko kartzela zigorra eskatu du Fiskaltzak LABeko bi kideren aurka. Gainera, horietako bat La Sangoviesako auziagatik zigorturiko sindikalista da. Grebaren lehen eguneko protestetan parte hartzeagatik 2.400 euroko isuna ezarri nahi diote sindikatuko beste kide bati ere, eta, guztira, 19.393 euro batzen dituzten 45 isun jaso du LABek Huerta de Peraltako mobilizazioak direla eta.

Horren inguruan mintzatu zen Itxaso Torregrosa Iruñerriko LABeko idazkari nagusia, Nafarroako Legebiltzarreko barrote batean kateatu ondoren. Torregrosak azaldu zuen «Nafarroan LAB sindikatuaren kontra eraso ezberdinak ematen ari direlako» jokatu zutela horrela. «Gure ekintza sindikala epaitu nahi dute eta argi dugu ez dugula onartuko», adierazi zuen.

Salinasen egoeraren inguruan, «berehala espetxeratua izateko» arriskua dagoela nabarmendu zuen, akusazioak «oso larriak» direla gaineratuz: «Megafono bat, pankarta bat eta pegatina batzuk ez dira delitu, baina batzen baditugu delitu bihurtu daitezke eta zigorra merezi dute askatasun sindikalaren esparrua gainditzen dutelako. Horrek gure ekintza sindikala baldintzatu dezake». Era berean, Torregrosak «lan sindikala egiteagatik eta eskubide batzuk aldarrikatzeagatik espetxean amaitzea onartezina» dela azpimarratu zuen. «Parlamentuan gaude, beraz, Nafarroako Gobernua eta Parlamentuko politikariak interpelatzeko eta hauek zer egiteko prest dauden esan dezaten», azaldu zuen.

Torregrosaren iritziz, epaileak, poliziak edo Lan Ikuskaritza enpresetan egon beharko lirateke, lan eskubideak urratzen ez direla, esplotaziorik ez dagoela, eta prekaritaterik ez dagoela zaintzen. «Eskandaluzkoa da beraiek egin beharko luketen lana egiten duten sindikalistak kartzelatzea», salatu zuen, LAB sindikatuaren borroka legitimoa dela aldarrikatuz.

Azkenik, Iruñerriko LABeko idazkari nagusiak irailaren 28an (hurrengo asteko larunbatean), 17.30ean, Iruñeko autobus geltoki zaharretik aterako den manifestazioan parte hartzera animatu zituen nafarrak. Hurrengo astelehenerako, Bilbon eta Donostian, eta astearterako, Gasteizen, elkarretaratzeak deitu ditu sindikatu abertzaleak.

Ildo horretan, «borroka sindikalaren defentsan» kateatu ziren atzo, beste zortzi kideek bozgorailuak erakutsi zituzten eta beste batzuek kalean eskuorriak banatu zituzten. Kateatu zirenek ez zuten luzaro iraun, berehala askatu baitzituen Foruzaingoak. Kateetatik askatu ostean, atxikita eduki zituzten denbora batez. Identifikatu egin zituzten, eta ondoren, libre utzi «Imanol, libre eta gurekin!» eta «Ekintza sindikala ez da delitua!» oihuen artean.