GARA
DONOSTIA

Europa Sariaren harira Harrera Sarearen lau eskari Goiari

Hiritarron Harrera Sarea Donostiako Udalaren aitzinean bildu zen atzo, hiriak Europa Saria jaso duela-eta «harrituta»... edo ez hainbeste. «Kontuan izanik elkartasun espiritua saritzen duena oraingo Europa hau dela, hots, milaka pertsona hiltzen uzten dituena hona etor daitezen galarazteko eraikitako harresia pasatzen ahalegintzen direnean, eta are haiei laguntzera itsasora jotzen duten erakundeak kriminalizatzen dituela, ez gaitu hainbesteraino harritzen», adierazi zuten Eneko Goiari zuzendutako gutunean.

Donostiako Emakumeen Etxea, Satorralaia, SOS Arrazakeria, Modahara, Ezker Anitza, EPK, EH Bildu, Eipezaie, LAB eta Bizilagunekin kolektiboak egin zuten bat gutunarekin. Bertan nabarmendu zuten duela 10 urte baino jende gehiago dagoela pobrezia egoeran edo horretarako arriskuan (Lakuak berriki egin duen inkestaren arabera) eta hori politika jakin batzuei zor zaiela. «Eskua luzatu» zioten alkateari, lau neurri proposatuz: «Hirian etxegaberik ez izateko txoke-plan bat; polizia kontrol itogarriak amaitzea; oinarrizko zerbitzuetarako aurrekontu handiagoa eta langile gehiago; eta plan hori diseinatzerakoan kolektibo horiekin lan egiten duten elkarteak kontuan hartzea».