Andres OSA «SAKONA»
Aizkora

Nafarroako kanporaketa jokatuko da igandean, Uharten

Nafarroako aizkolarientzat badator aukera berri bat aizkora ez baztertzeko. Igandean, Uharteko Toki-Alai pilotalekuan dute zita bederatzi aizkolarik (17.30ean). Nafarroako Lehen Mailako Txapelketa indarberritzen ari dela dirudi, eta jende gaztea bilduko du kanporaketa honek, bakarren bat adinekoa ere izan arren.

Parte hartzaileak ondorengo bederatzi hauek dira: Iker Vicente (Otsagabia), Jon Rekondo (Leitza), Joxean Etxeberria (Ziga), Oier Kañamares (Arostegi), Ruben Saralegi (Leitza), Juan Jose Lopez (Lezaun), Eneko Saralegi (Leitza), Iban Resano (Dorrao) eta Asier Pellejero (Areso). Julen Kañamares ere parte hartzekoa zen, baina ondoezik dago eta medikuaren agiria aurkeztu du.

Bederatzi aizkolariek izango duten lana bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat ebakitzea izango da. Lehen bost sailkatuek azaroaren 15ean Donezteben jokatuko den finalean (18.00etan) parte hartuko dute.

Ohartarazi behar da, era berean, azkeneko bi sailkatuek maila galduko dutela. Hori bai, azken-aurrekoak Julen Kañamaresen aurkako jaitsiera kanporaketa eskatu dezake eta hala gertatzen bada bien arteko dema galtzen duena jaitsiko da.

Gogoratu baita ere, bihar gauean jokatuko dela Pentatloiaren finala Azpeitiko zezen plazan (22.00etan). Sei kirolari arituko dira nor baino nor: Zaldua, Arria V.a, Txapartegi, Otaegi, Mugertza eta Olaskoaga. Sarrerak salgai daude ohiko lekuetan.