GARA
LEIOA

«Marrazkia» hizki larriz, gizakiaz eta bere inguruaz mintzatzeko

«Bosteko 2019» erakusketa ibiltariak Leioan emango ditu lehenengo pausoak, hilaren 26ra arte. Hiru artista, hiru emakume: Gentz del Valle, Mertxe Periz eta Sonia Rueda. Berariazko garrantzia izango du marrazkiak, gizakiaren figuraz, gorputzaz eta honek paisaiarekin duen harremanaz hitz egiteko, argazkilaritza, eskultura eta pintura baliatuz.

Marrazkiak «berariazko garrantzia» izango du “Bosteko 2019” erakusketan, baina beste diziplina batzuk landu eta jarriko ditu ikusleen begien aurrean: argazkilaritza, eskultura eta pintura. Hiru artista, bost herri bisitatzeko eta bost areto betetzeko. Erakusketa honen 22. edizioan Arrigorriaga, Basauri, Getxo, Amorebieta-Etxano eta Leioa izango dira plazak; hain zuzen, azken honek emango dio abiapuntua, hilaren 26ra arte.

“Marrazkitik haratago. Figura eta paisaia” izenburupean bildu dira, hala, Gentz del Valle, Mertxe Periz eta Sonia Rueda artisten artelanak. Komisario lanak Ibon Garagarzak egin ditu.

Hiru emakumeek planteatu dituzten obren eta instalazioen ezaugarri nagusia «aldaketa da», aurkezpenean sustatzaileek azaldu zutenez. Izan ere, aurkeztuko diren tokiaren arabera, era batera edo bestera aldatu eta egokituko dira. «Erakusketaren esparruak oso desberdinak dira elkarren artean eta ondorioz bisitarien esperientziak ere desberdinak izango dira. Instalazioen formatuak aldatu egingo dira aretoen arabera eta ikusleari une horretan bertan egotearen esperientzia artistikoa eskatuko dio», adierazi zuen Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputatuak.

Instalazioen moldaketa

Proposamenetan funtsezkoa izango da instalazioa, giro desberdinen sorkuntza. Hiru artistek bi dimentsioak gainditzen dituen marrazkiaren kontzeptu zabaldua garatzen dute eta mundua ulertzeko era desberdinetara hurbiltzen gaituzte. Era horietan guztietan protagonista gizakiaren figura izango da, guztion interesa sortzen duten kontakizunak eraikiz.

Gizakiaren figura, gorputza eta honek inguruarekin, paisaiarekin, duen harremana gai garrantzitsuak izan dira hiru egileen lanean eta, marrazkiaren kontzeptu zabaldu horrekin batera, proposamenaren ardatza izango dira erakusketa ibiltarian.

Gentz del Valleren kasuan marrazkitik instalaziora iristeko jauzia eta argazkien erabilera da. Mertxe Perizi dagokionez, hiru dimentsioetarako urratsa egitea, aldi berean eskultoriko-instalatiboa den kontzeptu batekin. «Sonia Ruedaren kasuan, berriz, prozesua apur bat desberdina da, bere ideien garapenaren ondorioz argazkietatik eta irudi digitaletatik urrundu eta paper gaineko marrazkigintzara hurbildu delako», argitu zuten.

Erakusketa beteranoa

“Bosteko 2019” Kultur Leioan  jarri da abian eta bertan egongo da irailaren 26ra arte. Horren ostean, Basauriko Arizko dorretxean ikusi ahal izango da, urriaren 1etik 19ra. Hirugarren esparrua Amorebieta-Etxano izango da, zehatzago Zelaieta aretoa, urriaren 21etik azaroaren 9ra bitartean. Udalerri horretatik Arrigorriagako erakusketa aretora joango da, azaroaren 11tik 29ra. Eta “Bosteko 2019”-ren aurtengo ibilbidea Getxoko Kultur Etxeko Torrene aretoan amaituko da, abenduaren 4tik 29ra.

Erakusketa ibiltaria dagoeneko beteranoa da. Lehenengoz 1998an egin zenetik, arte garaikidea hurbiltzen du Bizkaiko herrietara eta lurraldeko kultur panoraman finkatu den erakusketa bihurtu da. Bilbaok berak azpimarratu zuenez, proiektu honen helburua oso argia da: «Euskal artista plastikoen obra zabaltzea eta ezagutaraztea. Artea era errazean ezagutarazi nahi du, jende guztiarentzat, praktika artistiko garaikideak ikusaraziz».