Maitane ALDANONDO
Ordizia

«ENPRESAK ORAIN JABETZEN ARI DIRA DATUEN GARRANTZIAZ»

Dataolak industria arloko enpresen datuak sortu, garraiatu eta baliatzeko sistemak garatzen ditu. Jon Aramendiaren egitasmoak Enpresa Ekimen Berriko saria jaso du uztailean, Goiekik antolatutako 22. Enpresa Proiektuan Lehiaketan.

Produktuen informazioa hartzea eta garraiatzea gero eta errazagoa da, horretarako teknologia asko baitago. Horiek baliatuta, datuak sortzeko makinak, azpiegiturak, gailuak... garatzen ditu Dataolak. Jon Aramendia zegamarra da pertsona bakarreko elkarte mugatu honen arduraduna. Bi hamarkada baino gehiagoko eskarmentua du ingeniari elektroniko lanetan, eta bidean egindako harremanak baliatuta ekin zion iazko azaroan. Uztailean Enpresa Ekimen Berriko Proiektu Onena saria jaso zuen Goieki Goierriko Garapen Agentziaren 22. Enpresa Ekimen Berrien sariketan.

Datuen mundua modan dagoela dio Aramendiak, Industria 4.0 edo “gauzen Internetek” horiek balioestea ekarri duela. «Enpresak ohartzen ari dira zein garrantzitsua den beren produktuen jarduna edo baldintza batzuetan nola erantzuten duten jakitea. Asko baloratu izan dituzten pisua edo prestazioak, eta orain jabetzen ari dira datuen edo immaterial horren garrantziaz». Alorrean lanean daramatzan 22 urteek ezagutza, eskarmentu eta harreman nahikoa eman diote bere kabuz aritzeko. Edonola ere, beste lan batekin bateratu du, Ampo kooperatibako bazkide eta langilea ere bada eta. Gustura dabil bietan, batean besteak ematen ez dion zerbait topatu du. Ekiten ere ez da hasiberria, aurretik antzeko beste enpresa bat sortu baitzuen.

Datu industrialak jasotzen ditu: tenperaturak, presioak, indarrak, zenbat argi dagoen leku batean, posizioak, ea zerbait mugitu den edo ez, bibrazioak... eta horiekin bi zerbitzu mota ematen ditu Dataolak. Batetik, elektronika aholkularitza zerbitzua. Hau da, garapen bat egin nahi duen enpresa bati hori egiten laguntzen dio, bete beharrekoak azaldu eta horiek egiteko profesional egokiak lortuta. Bestetik, datuak neurtu eta behar den lekuan jartzeko sistemak egiten ditu. Horiek hiru eratakoak izan daitezke: ikerketa eta berrikuntza (I+G) lan baten balidazioa; ekoizpen sistema, «produktu bat merkaturatu aurretik ondo dagoen ikustea»; eta produktuaren funtzionamendua ikuskatzea, akatsei aurre hartzeko. Bere lana gremio koordinatzaile batekin alderatzen du Aramendiak: «Bezeroekin hitz lautan hitz egindakoa lengoaia tekniko batera, zifrekin, pasa, ikusi zein gremio diren hori egiteko egokienak, bakoitzari bere lana eman, eta bukaeran lan horiek denak batu eta produktu edo sistema funtzional bat egin».

Bulegoa Ordiziako Negozio Berrien Faktorian du. Enpresa txiki eta ertainak ditu bezero, gehienbat Gipuzkoakoak, eta une honetan, lau proiektu ditu esku artean. Bakarrik ari da, baina 2021. urtetik aurrera lantaldea handitzen joan nahi du. «Lantalde bat izan nahi nuke, 5-8 lagunekoa, kualifikazioa altuko jendea, eta teknologikoki puntan izango diren zerbitzuak emanez», azaldu du. Dataola abiarazi zuen unetik proiekturik ez zaio falta izan, jarduna mantentzeko nahikoa ematez gain, zertxobait inbertitzeko ere badu. Goiekik emandako 6.000 euroko saria ere horretara bideratuko du: ekipoak eta softwarea erostera. Aramendiak ez zuen irabazterik espero. «Aholkulariari eskertu behar diot, aurkezteko esan baitzidan. Ez nuen inondik espero, sorpresa izan da». Diru-sariarekin pozik dago, baita proiektua ezagutarazten lagundu diolako ere. «Jendea ezagutzen dut sektorean, baina ezagutzen ez nautenentzat aurkezpen karta bat da». Harreman sarea handitzen jarraitzeko, bailarako enpresak batzen dituen Goierri Valley elkartean sartzeko asmoa du.