Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Kirol eta jendetza garaipena

Proba guztietan maila oso orekatua erakutsiz, Xabier Zaldua zumarragarrak Euskal Pentatloiko txapelari eustea lortu zuen Azpeitian.

Azpeitiko zezen plaza jendez eta kolorez beterik; bertan bildu zen ikusleria animotsua, gazte eta adinekoak, begiak distiratsu, ikuskizuna benetan gustagarria izan zelako. Jende animotsua, eta buila eta txaloak etenik gabe eskainiz, bi orduko kirol emanaldian. Aspaldi ikusi ez dugun egoera pozgarria, Azpeitiko zezen plazan larunbatean ikusi genuena. Sei kirolari, zuten guztia ematen, izerdi patsetan, ahoa zabalik arnasari bidea errazteko, ikusleen aupadak bihotzeko taupada biziak baretzeko. Herri kiroletan horrelako ikuskizunak behar dira. Urtean behin, birritan, maizago, eta posible da.

Kirolarien esku dago nagusiki. Horretarako ikuskizuna, berme handiko jokoak, eratu behar dira. Lehen, negu partean desafio bikainak, jendea erakartzen zutenak, urtero egiten ziren, sona handikoak. Orain, ordea,… Larunbatekoa bikaina, gustagarria izan zen.

Zaldua bikain

II. Euskal Pentatloia 100 kiloko harri borobila 25 aldiz leporatuz hasi zuten kirolariek. Langintza honetan Joseba Otaegi moldatu zen egokien. Luis Txapartegi aurrekoaren parean aritu zen. Puntu honetan Arria V.ak denbora galera handi samarra izan zuen. Giza proban, 400 kiloko harria narras eramatean eta bi plaza egitean ez zen zabaldu tarte handirik inoren artean. Seiak antzera samar aritu ziren.

Aizkoran, bigarren hirukotean alde handirik gabe burutu zuten lana. Otaegik une gogor samarra pasatu zuen, behera etorri zen, eta aski motel ikusi genuen. Irabazteko itxaropenak hor galdu zituen.

Zalduak Arria V.a zuen erreferentzia jomugan. Bere indarrak ongi baino hobeto administratu zituen. Arriak aizkoran ez zion aurrea hartu eta, «harrokeriarik gabe, hortik aurrera txinga-eroaten eta korrika gailenduko nintzela garbi neukan», aitortu zigun. Halaxe gertatu zen.

Zumarragakoa itxuroso aritu zen aizkoran eta txinga-eroaten asko hurbildu zen Otaegiren denboretara. Azkenean, korrika 30 itzuli eman behar eta hor Zalduak aldeak ongi markatu zituen. Plazari itzuliak ematen mardultasun itxura onenarekin ikusi genuen. Behartua izan balitz gehiago emateko ere bazuela aitortu zigun.

Arria, aldiz, alderantziz, aizkora jokora heldu zenerako gasolinaz eskas samar zegoen. Pentatloian joko batean edo bitan onena izatea ez da nahikoa, oreka behar da. Zalduak hori dauka.