Andoni ARABAOLAZA
PERTSONAIA

Roger Schaelik Eiger ikonikoan urrezko pasarteak idatzi ditu

«Mister Eiger» goitizena duen alpinista suitzarrak mugarri garrantzitsua sinatu berri du, Eiger mendia 50 aldiz igoz. Bere azken jarduera azpimarragarria «La vida es silbar» marra (8a, 900 m) egunean eta era askean eskalatzea izan da.

Roger Schaelik Eiger mendiarekin duen lotura berezia da oso. Nahiz eta alpinista suitzar honek mundu zabalean goi mailako jarduerak egin dituen, Eigerren du “etxea”. Eta hori baieztatu ahal izateko, Schaelik ezarri duen mugarri baten berri eman behar dizuegu: mendi ikoniko hori 50 aldiz igo du. Beraz, ez zaigu batere bitxia iruditzen jarri dioten goitizena: “Mister Eiger”.

Mittellegi ertza 18 urterekin eskalatu zuen, eta hurrengo urtean ipar horma ospel eta gogorraren deia jaso zuen. “Lauper” bidea Markus Iff kidearekin igo zuen. Hortik aurrera hormatzar horren “armiarma-sarean” erabat harrapatuta geratu zen. Gero eta jarduera zorrotzagoak egiten hasi zen: “Magic Mushroom”-en lehena, japoniarren marraren lehen igoera librea, “John Harlin-Dirrettissima”-ri puntu gorria jarri zion, “Odyssee”-ren lehen igoera, “Metanoia”-ren lehen errepikapena, “La vida es silbar”-en lehen igoera askea eta egunean...

Eta, jakina, igoera horietan guztietan lehen lerroko alpinistak izan ditu ondoan: Christoph Hainz, Robert Jasper, Simon Gietl, Thomas Huber, Sean Villanueva...

Eigerren egin duen azken eskalada, berriz, ez da hain ikusgarria izan; izan ere, mugarri horren zenbaki biribilera iristeko “Löcherspiel” bidea eskalatu zuen. Eigerreko tontorrean hasi zen “festa” eta, lehenik eta behin, gailurretik hegaldi dotorea egin zuen parapentean. Lurrean zela, Schaelik honako hausnarketa egin zigun: «Eiger 50 aldiz igotzea oso garrantzitsua da, baina uste dut apala izan behar dudala. Eiger mendi ikaragarria da. Arrakasta izan dut, baina eskalada azpimarragarrienek saio asko eskatu dizkidate. Dozenaka aldiz eskalatu dut ipar horma horretatik, baina horietako askotan gailurra eta nire helburua lortu gabe jaitsi behar izan dut. Nire ibilbidean Eigerrek leku berezia du».

“Mister Eiger”-ek pasarte ederra idatzi du, eta ez genuke ahantzi nahi justu duela bi hilabete Sean Villanueva sokakide zuela sinatu zuen jarduera bikaina: “La vida es silbar”-en (8a, 900 m) lehen igoera librea eta egunean. Hurrengo lerrootan, berriz, Schaelik berak GARAri azaldu dio puntu gorri horretara heltzeko egin behar izan duen ibilbidea.

«La vida es silbar»

«2003. urteko udan, Simon Anthamatten kidearekin igo nuen lehen aldiz bide hori. Beste lagun batzuk bezala, gu ere marraren lehen igoera askea lortzeko borrokatu ginen. Baina ohore hori lortu zutenak Stephan Siegrist eta Ueli Steck izan ziren.

Simon eta biok ‘Hotel Rote Fluh’ izeneko bibakean ginen. Gure bigarren eskalada egunean ekaitz elektriko bortitz batek 22 eta 26 luzeen artean harrapatu gintuen. Larrialdiko bibaka oso deserosoa bihurtu zen. Gau osoa gure arnesetatik zintzilikatuta eman genuen. Biharamunean, geratzen zitzaizkigun azken lau luzeei egin behar genien aurre. Erabat izoztuta zeuden, eta paretatik irteteko arrisku handiak hartu genituen.

Duela hiru urte, berriz, Mayan Smith Gobat-ekin bidearen sarreran jarri nintzen, eta hiru eguneko lan eskergaren ondoren, marra hori era askean igo nuen. Jarduera horren aurretik, Mayak eta biok amets egin genuen: era askean eta egunean igotzea egundoko balentria izango zen. Saio horretan ez genuen lortu, baina ohartu nintzen posible zela. Banekien gogor borrokatu beharko nuela. Eskalada hartan hazia jarri nuen behintzat.

Amets hori eta bidearekin nuen lilura areagotzen hasi zitzaidan. 2017. urtean, Tobias Sutter sokakidearekin ekinaldi bat egin nuen. Luze gogorrenak patrikan genituen, baina zoritxarrez eguraldiak ez zigun lagundu. Azkenean geure asmoa bertan behera geratu zen. Gogorra izan zen. Uda horretan leiho on baten zain egon ginen, baina ez zen heldu.

Iaz berriro saiatu nintzen. Fredy Abacherli nuen alboan. Lo-zakuan ginela, bide hori egunean eta librean igoko nuen susmoa nuen. Mugimendu guztiak memorizatuta nituen. Baina euriak esnatu ninduen. Zoratuta nengoela pentsatu nuen. Saioaren aurreko egunetan iragarpen guztiak ondo baino hobeto aztertu nituen, eta den-denek esaten ziguten egun bikaina izango zela. Zoritxarrez, ez zen hala gertatu.

Hirugarren eta azken ekinaldia uda honetakoa izan da. Iragan uztailaren 18an, Lucien Caviezelekin bidearen luze gogorrenak probatu nituen. Ikusi nuen seigarrenean tarte bat hautsita zegoela; zaila geratu zen. Iazko udan ere ohartu nintzen harri erorketa batek seigarren luzeko txapa bat apurtu zuela.

Uztailaren 23rako, berriz, eguraldi egonkorra iragarri zuten. Sean Villanuevari deitu nion, eta hark ez zuen zalantzarik izan nire proposamenari baiezko erantzuna emateko. Egun perfektua izan zen! Txekiarren bibakean 30 egun baino gehiago egin ditut: ‘Direttissima’, ‘Odyssee’, ‘Paciencia’, ‘La vida es silbar’...

Biharkoa egun handia izango da? Gau osoan ez nuen lo hartzeko aukerarik izan; izan ere, sorbalda minduta nuen eta analgesikoak hartu behar izan nituen. Gosaltzen ari ginela ohartu nintzen ez nengoela batere ondo. Gainera, urduri nengoen.

Gauez hasi ginen eskalatzen. Lehen 7a egunsentiarekin iritsi zen. Luze zailenak sokaburu egin nahi nituen, eta Seani baimena eskatu nion. Bidearen giltza, hamargarren luzea, arazo handirik gabe kateatu genuen. Une jakin horretan ohartu ginen erritmo horretan geure helburua lortzeko aukerak izango genituela. 12. luzea erraza da: 6b+. Baina oso arriskutsua. Seanek bikain eskalatu zuen.

Erritmoa ona zen, baina pixkaka nekea indartzen joan zen. Beste lau luze igo genituen; azkena 7b zailtasunekoa zen. Plaka hori Seanek oso dotore eta lasai eskalatu zuen. Jakin banekien, sekzio hori era askean gainditzen banuen, xedea ia-ia patrikan izango genuela. Oso urduri nengoen. Irrist egin eta erorikoa izan nuen. Bilerara jaitsi nintzen. Erabat presionatuta nengoen. Luze horretan nahastu egin nintzen, baina Seanen aholkuei esker beste erorikorik gabe amaitu nuen.

Azkenengo zazpi luzeak errazagoak dira, baina buruari asko eskatzen diote. Gainera, hatzak eta besoak leher eginda geneuzkan. Kontzentrazioari eutsi ahal izateko borroka latza egin genuen.

Gaua iritsi baino minutu batzuk lehenago, Seanek eta biok elkar besarkatu genuen. Txekiarren zutoinaren tontorrean geunden; hots, bidearen amaieran. Nire sokakidea gailurrean egona ez zenez, gauez hara abiatu ginen; ordu eta erdiko ibilbidea izan zen.

Geure abentura oraindik ez zen amaitua. Hego aurpegitik rapelatu genuen. Goizeko ordu biak zirela, bibaka egin genuen. Ez genuen lo-zakurik; beraz, gaua hotza eta motza izan zen.

Biharamunean, falta zitzaizkigun azken 400 metroak jaitsi genituen. Amets handi bat egia bihurtu zen. Seani eskerrak eman behar dizkiot».