26/09/2019

Bihartean mugaz gaindiko ganberak plataforma digitala jarri du martxan

2010ean sortu zen erakundeak hiru euskal eremu administratiboetako 86 bat egitasmo lagundu zituen iaz. Euroeskualde mailan uztailean izenpetu zuen hitzarmena besapean, plataforma digital berria sortu, eta ordainpeko zerbitzuen eskaintza garatu du lehen aldiz.

Maite UBIRIA BEAUMONT|BAIONA
0926_eko_bihartean

Akitania Berriko, Nafarroa Garaiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuek hitzarmena izenpetu zuten joan zen uztailaren 29an, «Biharteanek burutzen duen lanari konfiantza eginez eta hainbat egitasmo zehatz garatzeko bere engaiamendua babestuz», Olga Irastorza mugaz gaindiko ganberako buruak atzo Baionan azaldu zuenez.

Iazko bilana eginez aurtengo erronkak zehazteko balio izan zuen agerraldiak. Hiru euskal eremu administratiboak aintzat hartuta, baina handik harago ere, «merkatu aukerak identifikatzeko lana» burutzen duen mugaz gaindiko ganberak 80 bat enpresa erakarri zituen iaz, eta Competitiv'eko dinamikaren bidez sorturiko hiru «polo» edo sektore elkargune «iraunkortzea» du helburu.

Silikona likidoari loturiko sektorean Bidasoaren bi aldeetan jarduten duten enpresen arteko elkarlana sustatuz abiatu zuen bere bidea Biharteanek duela hamarkada bat. Geroztik, beste hainbat sektoretan egitasmo komunak harilkatu dituztela nabarmendu zuen Andre Garreta Baionako Industria eta Merkataritza Ganberako lehendakariak, «zirkuitu laburra landuz eta, betiere, Euskal Herriko ekosistema sozioekonomikoa sustatuz». Hain zuzen, ekoizpen gehigarriaren eta medikuntzako gailuen sektoreetan «elkarren osagarritasuna bilatzen duen lan komuna» garatu ostean, horren emaitzak «gure eremutik kanpo erakusteko eta ahal delarik merkatu berriak zabaltzeko» aukera izan zuten Alemanian antolatzen diren Formnext eta Medica azoketan. Competitiv’eko egitasmo arduradun izan zen Beñat Jaureguyk bereziki nabarmendu zuen hirugarren poloa osatzen duen Big Dataren alorrean garatutako klusterizazioa, berriki Parisko Marie Curie Institutuan erakusteko aukera izan baitute.

Tresna berriak sortuz

Iaz orotara 86 bat egitasmo lagundu zituen mugaz gaindiko ganberak. Horien laurdenak egiturarekin bat egin duen azkeneko lurraldekoak dira. Nafarroa lankidetza esparrura gehitu ostean, «bi eremu bere baitan hartzen duen egitura baino, hiru erpin dituen errealitatea baita Bihartean», Garretak goraipatu zuenez.

Lurralde eremu ezberdinetan indarrean diren lege arautegiek elkarlanean sakontzeko oztopo izaten segitzen badute ere, publiko-pribatu formulan sakonduz tresna berria aurkeztu zuen atzo Bihartean-ek. Izan ere, «mugaz gaindiko enpresa egitasmoak garatzeko eta negozio aukerak jorratzeko» helburuarekin www.bihartean.com webguneak plataforma berria aterpetuko du. 24 orduz eta 7 egunez informazioa eskainiz, egitasmoak errazago erakarri eta norabideratu nahi dituzte. Halere, laguntza eta jarraipen berezia eskatuko duten proiektuen sustatzaileek zerbitzu horiek jasotzeko ordaindu beharko dute.