Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Giza kondizioa subjektu gisa hartu eta minen arteko distantziak apurtu

Mitifikatzeko gogorik ez zuen, justu kontatzekoa baino ez. Premisa horri jarraituz argitaratu du Itxaro Bordak azken lana: «Susmaezinak». ETAko komando bateko lau kideak dira protagonistak, baina ez bakarrak. Atentatuan hildakoen senideen minak eta sentipenak ere bildu ditu, eta horiei ahotsa jartzea ariketa zaila izan omen da. «Agian gauza berria izan daiteke euskaraz biktima horien larruan sartzea». Tragedia guztiak sartu nahi izan dituela aitortu du.

Nobelagintzan zazpi urtez egin duen isilunea apurtu du Itxaro Bordak (Baiona, 1959). “Susmaezinak” lanarekin itzuli da, Alberdania argitaletxearen zigilupean. Eta isilaldia hausteko gai korapilatsua hautatu du, erraza ez behintzat. Poliedrikoa esan dezagun. 80ko hamarkadan jarri du egutegia, hemerotekan «berunezko urteak» esaten zaien garaian. Jazarpena, heriotza, odola, mina, sarraskia… ETAko komando bat dakar bere orrialdeetara, Ipar Euskal Herrian bizi den Erauntsi komandoa; lau dira kideak –«horietako bat emaztea»–, baina ez dira horiek protagonista bakarrak. Beraiekin batera, atentatuetan hildakoen senideak eta horien gertukoak ere agertuko dira. Irakurleak guardia zibil baten ama, semea Hipercorreko atentatuan galdu duen emakumea… ezagutuko ditu. Idazleak berak atzo liburuaren aurkezpenean aitortu zuenez, beretzat «gutarrak» ez diren biktimei ahotsa jartzea «ariketa» izan da, eta ez ariketa erraza. «Agian, gauza berria izan daiteke, euskaraz, biktima horien, gutarrak ez diren biktima horien, larruan sartzea», adierazi zuen.

Gure istorio propiotik distantzia hartu eta ertz ezberdinei heldu. Jorge Gimenez editorearen hitzetan, Bordak ausardiaz egiten du. «Adorea, kuraia du. Bere buruarekiko ausardia du, askatasuna du idaztean eta erosotasunetik urruti ibiltzen da», erantsi zuen.

Eleberri «berezia» da “Susmaezinak”, ez gaiagatik bakarrik, are gehiago honi heltzeko hautatu duen moduagatik. «Giza kondizioa da benetako subjektua», adierazi zuen Gimenezek. Errealitate poliedriko horren xafla bakoitzean, diamantea balitz bezala, ahotsa jarri du baionarrak. «Ez dabil ez koherentzia ez eta egiaren bila ere».

Fikziotik egin du bere ekarpena Itxaro Bordak. Narratzailearen ahotsa, lehen pertsonan, hasieran eta bukaeran baino ez du entzungo irakurleak. Tartean, «akzioa» topatuko du, hirugarren pertsonan kontatua, identifikatua eta definitua ez dagoen inoren ahotsean.

Komandoko kideak, «mugaren» bi aldeetako poliziek atxilotzen dituztenak, horien senitartekoak, lagunak, familiak, lankideak zirenak… eta ekintzetako biktimak eta horien gertukoak. 25 kapitulutan banatuta eta tartekatuta, pertsonaiak eta istorioak nahasita, patuak gurutzatuko dituen arte. «Bi poloak» aipatu zituen idazleak, Abel eta Cain binomioa baino urrunago joan ei da.

Estilo soila baliatu du, hornidurarik gabekoa. «Batzuetan ere irudituko zaio irakurleari errelato hotza dela, estilo aldetik eskasa nabari daiteke. Hori zen nire nahia, ez dut literatura estilorik egin. Mitifikatzeko edo mitorik sortzeko gogorik ez dut ukan», zehaztu zuen.

Eta zailtasunak aipatzen hasita, aitortu zuen distantziarena ez dela samurra izan. «‘Aski erraza’, eta hau kakotx artean esana, –azpimarratu zuen– izan daiteke ETAko kide baten edo GALek erail duen pertsona baten familiako kide baten buruan sartzea, zailagoa dena da guardia zibilaren alabaren edo honen amaren azalean jartzea. Eta tragedia horiek guztiak nahi izan ditut beste pertsonaiekin sartu».

Eleberriaren garaiaz

Nobelako ahotsak ehuntzeko, prentsan ateratako artikuluak, irratiko elkarrizketak eta dokumentalak erabili ditu; alegia, egiazko gertaera eta albisteetara jo du lekukotasunak hartzeko. Eduki horretatik abiatuta, bere oihala egin du idazleak. «Batzuetan fidela, besteetan literaturaz jantzita», baina beti ere sinesgarritasuna eman nahian.

2019an heldu da eleberria. «Posible al zen lehenago halakorik idaztea?», galdegin zioten prentsaurrekoan. «Edonoiz idatz zitekeen, baina ez dugu egin, agian ez ginelako ‘ausartu’», adierazi zuen, hemen ere kakotxak eskatuz. Izan ere, «etsaiaren» –hau ere komatxo artean– azalean sartzea ez da erraza, distantzia hori… «minen arteko distantzia» desegitea.

Hari horretatik tiraka, “Martutene” eleberria goraipatu zuen. 2012an lehen aldiz guardia zibil baten hil kaperan sartu ginen [Ramon] Saizarbitoriari esker. Bide hori areagotu dut, eta enpatia erakutsi», aipatu zuen.

Eta, akaso, idazle belaunaldi berriek libreago tratatuko dute gaia, horretarako denborak ematen duen distantziaz baliatuta. «Behar da, eta ordurako zenbait arazo konponduta egongo dira», adierazi zuen Bordak baikor.