Amalur ARTOLA
BILBO

Erantzungailu bidezko terapia

Arantza Portabales galiziar jatorriko idazlearen «Utzi mezua seinalearen ostean» irakurri orduko erabaki zuen Tanttakako Fernando Bernuesek oholtza gainera eramatea merezi zuen eleberria zela: euren bizitzako une erabakigarri baten aurrean dauden lau emakumek erantzungailua baliatzen dute aurrez aurre aitortu ezin dutena esateko. Hitzak, baina, bueltan etorriko zaizkie: aitortza handienak euren buruari egin behar dizkioten horiek dira.

Donostiako Hontza liburu denda erreferentzialean zela, bezero bat sumatu zuen Fernando Bernuesek Esther liburuzainari gomendatutako eleberriagatik eskerrak ematen. Zer liburu zen galdegin zuen Tanttakako zuzendariak, eta Bernues ere Arantza Portabalesen “Utzi mezua seinalearen ostean” besapean zuela irten zen dendatik: «Eta harrapatu egin ninduen, irakurri orduko erabaki nuen eszenara eraman behar nuela». Jarri zen harremanetan Donostian jaiotako idazle galiziarrarekin, egokitu zuen gidoia Kike Diaz de Radarekin batera, eta pertsonaiak hezurmamitu zituen Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Oihana Martikorena eta Leire Ruiz antzezleen lanari esker.

Hala jaio da “Utzi mezua seinalearen ostean”, gaur Arriaga antzokian oholtzaratuko duten obra (bihar gaztelaniazko bertsioa estreinatuko dute).

Lau emakume eta erantzungailu automatiko bat dira antzezlanaren zutabeak. Laurak daude euren bizitzako une erabakigarri batean eta aurrez aurre esan ezin dituztenak askatzeko baliatzen dute gailua: Marina dibortzioetan berezitutako abokatua da eta senarrak utzi izanari aurre egiteko mezuak utziko dizkio erantzungailuan; Carmelak minbizia du baina ez dio GKE batekin Saharan den semeari aitortu nahi, itzuliko delakoan, eta etxeratzean entzun ditzan uzten dizkio mezuak; Viviana sexu langilea da baina familiak Ikean lan egiten duela uste du eta haiei aurrez aurre esan ezin duena helarazten die grabazioen bidez; eta Sara bere buruaz beste egiten ahalegindu den familia dirudun bateko alaba da: terapeutaren kontsultara joan nahi ez duenez, grabagailua baliatzen du.

«Lau egoera edo emakume dira, bizitzako une latzetan daude baina aldi berean badute ausardia, euren bizitza espektatibaz berritzeko kuraia», azaldu du Bernuesek, eta antzezlanak aurrera egin ahala ikuslea lau protagonistak lotzen dituzten zubiak bistaratzen joango dela aurreratu du. «Istorio liluragarri bat osatzen duten lau historia eder dira», esan du.

Inkomunikazioaren gizartea

Bernuesek lau emakume kuraiadun oholtzaratu dituela dio, baina adore hori biltzeko prozesua ere erakutsi nahi izan du eta, bide batez, egungo gizarte ustez hiperkonektatuan nagusi den inkomunikazioaz mintzatu. «Garaion adierazle da komunikatzeko dugun zailtasuna. Arantza [Portabalesek] esaten duen bezala, emotikono ugari bidaltzen ditugu, baina oso gutxitan esaten dugu ‘maite zaitut’ eta apenas ematen dugun benetako besarkadarik. Zuretzat inportantea den pertsona horrekin hitz egin beharrean erantzungailuarekin aritzearen paradigma hori agerrarazteko modu bat da», hausnartu du.

Antzezlanean gutunik ez bada ere, narratiba epistolarra irudikatzen dela ere nabarmendu du Bernuesek: «Isiltasuna eta lasaitasuna nagusi dela inor bere intimitatetik idazten hasten denean beste era batera arakatzen ditu bere sentimenduak, eta erantzungailuak antzerako zerbait eskaintzen die emakume hauei. Zerbait kontatzeko euren denbora hartu dute eta lagunarteko elkarrizketa batek ematen ez duen sakontasuna hartzen du kontakizunak».

Beraz, inkomunikazioaz bai, baina beste era batera komunikatzeko beharraz ere mintzatzen da antzezlana: «Sentimendu konplexuak adierazteari espazioa emateaz ere ari da, mahai gainean gertatzen zaidan horren egia jartzeaz eta barrura begiratzeko denbora hartzeaz. Uste dut hori dela lau emakume hauek egiten dutena: zure bizitzak 180 graduko aldaketa bat behar duela erabaki aurretik zure bizitza nola dagoen ikusi behar duzu».

Bilboko estreinaldien ostean, datozen hilabeteetarako hainbat data lotuta dituzte. Besteak beste, Santurtzin, Basaurin, Donostian, Gasteizen eta Arrasaten izango da “Utzi mezua seinalearen ostean” antzezlana ikusteko aukera.