Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Ez dira toki hutsak

Tokiak toki hutsak balira, hilik egongo lirateke, eta, gaur, bizitzaren aldeko hautua egin dugu, han eta hemen. Gaur, toki bat dugu konkistatzeko eta bizitza bat irabazteko. Tokiak toki hutsak balira, ez lirateke leporaino egonen, ez lirateke jendez gainezka egonen.

Lekuak eta jendeak itotzea legeztatu eta arautu nahi den tokian, biziraupena da aukera bakarra eta hori jazotzen den lekua ez da hiri huts bat, Quito baizik. Eskubideen gauzatzeari mendekuz eta bortxaz erantzuten zaion tokia haserre eta minduta dago. Baina etsipenaren aurrean altxatu da, tristezia zilegi den moduan, eskubideen alde borrokatzea ezinbestekoa delako eta Catalunya ez da toki huts bat.Lainopera kondenatu nahi duten tokian, bizipoza zabaldu da trumoien artean. Euriak eta negar malkoek bat egin dute justizia eske segituko duen Altsasu izeneko lekuan. Bizirik dauden tokiak ez dira toki hutsak eta horietan bizitzea egokitu zaigu. Kaleak hustuko genituela uste zuten eta, akaso, hilik nahi gaituzten horien amorruari erantzutea nahiko arrazoi da aurrera segitzeko, baina ez gara horrekin konformatuko.

Ezin izan dituzte gure tokiak hustu, ez han eta ez hemen. Ezingo dituzte hustu, gureak leku hutsak baino askoz gehiago direlako. Bizirauten, amesten eta justizia bilatzen duten tokiak dira; bizirik segitzeko borrokan ari diren tokiak.