Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

«La veritat oculta»

Errealitateak baditu hamaika begi. Hamaika belarri. Hamaika aho. Errealitatea fantasia da; izan ere, zentzumenetatik jasotzen duguna gure burmuinaren barnetik bidaia egin ondoren gauzatzen den zerbait da. Kontatzen duena errealitatearen behatzailea da, errealitatetik elikatzen da, errealitatea du lagun; ondoren, errealitate hori, norberaren barnean baino ez dela existitzen azaltzeko.

Kontalariak, kontatzen duenean, egia baino ez du esango, ez da gezurrik biziko bere hitzetan. Kontalariak errealitatearen gaineko gogoeta partekatua eskainiko dio entzuleari, partekatze fantastikoa, kontatutako eta entzundako istorioa elkarbanatua izan dadin ere; baina, batez ere, errealitate adostua bizi dezagun. Ordea, errealitatea egiarekin identifikatu ohi da. Zer da egia baina? Egiak ba ote du itzalik? Ba ote da ezkutatzen zaigun egiarik? Kontalariaren lana izango da, agian, ezkutuko egia horiei argia ematea.

Argitasun hori izan zen niretzat, orain dela urte asko, eskuetara eta irudimenera heldu zitzaidan “Cròniques de la veritat oculta” liburua. Eta idazle handi baten deskubrimendua: Pere Calders. Militar faxisten estatu kolpeak piztutako gerraren ostean exiliatua egon zen urteetan, Mexikon idatzitako ipuinen bilduma dugu liburua, egilearen garrantzitsuenetakoa. Errealitateari beste ertzetatik begiratuta mundu fantastiko hurbila eskaintzen digu. Ezkutatutako egiari argia ematen dio, bizitzaren angelu anitzak erakutsiz. Calders, Katalunia maitatzeko beste arrazoi bat gehiago. Egiari argia emateko grina.