Idoia ERASO
PAUSA, BAIONAKO MIGRANTEEN HARRERA GUNEA (

AFRIKATIK HELDUTAKO ISTORIOEN AURPEGIAK BAIONAN BILDU DIRA

ATURRI ONDOKO ERAIKIN ERABERRITU BATEAN BAIONAKO HERRIKO ETXEAK EZARRI DUEN HARRERA GUNERA SARTZEAN, MIGRANTEAK FUTBOLEAN EDO BERAIEN ARTEAN HITZ EGITEN IKUS DAITEZKE. ONDOAN, LANGILE ETA BOLUNTARIOAK MAHAI ZAHAR BATZUEN INGURUAN ARI DIRA KALAKAN, ZIGARROA ERRETZEN.

Gutxi falta da Pausak urtebete egin dezan, eta denbora horretan guztian, ibilmoldea egokitzen joan da, esperientzia oinarri hartuta. Hartu behar dituen migranteen kopuruari moldatzeko ere antolatuta dago gunea. Azken aste hauetan joan den neguko kopuruetatik oso urrun daude; garai batean egunero 250 pertsona hartzen baziren, azken hilabetean 70-80 inguru pasatzen dira, gehienak Parisera bidean. Espazioak eta lasaitasunak aurpegietan ikusten den tristezia, neke eta apatiarekin egiten du bat.

Sarreran ikusten den mahaiaren inguruan daude Atherbea elkarte instituzionaletik datozen profesionalak, eta beraiekin elkarlanean, migranteei Baionan harrera egiteko xedez sortu zen Diakite elkarteko boluntarioak. Elkartzeko momentua dute, txanda bukatuta ere hor daude, esperientziak partekatzen.

Joana Etxart Diakiteko presidentea ginear batekin ari da mintzatzen. Taldera hurbildu denean, bere herrian Amnesty Internationalekin eta Osasunaren Mundu Erakundearekin batera emigrazioaren inguruko sentsibilizazio lanean aritzen zela kontatu du gizonak, eta egoera politikoa dela eta, ihes egin behar izan zuela. Pausatik pasatzen diren milaka pertsonaren artean aurki daitezkeen beste hainbat bizi istorio frustrante, triste, bidegabeko eta gogorren artean kokatzen dela diote azken hilabeteetan migranteei bidean laguntzen ari direnek.

Batzuk ihesi eta beste batzuk bizitza hobe baten bila ari diren gizonen istorioak dira. Emakumeak gutxiengoa dira, askotan ez da bat bera ere egoten; daudenean, aldiz, talde txikiak izan ohi dira, horrela bidaiatzen baitute, elkarren babesean.

Harreratik dutxetara

Migrante bat ailegatzen denean, gunea erakusten diote. Harrera egiteko gelan izen-abizenak, adina eta osasun egoerari loturiko datuak eskatzen dizkiete, baina askoz gehiago ere egiten dute bertan, lasaitzen ere laguntzen baitiete. Besteak beste, Pausan poliziaren beldurrik ez duela izan behar azaltzen diete. Horrekin batera, gunearen ibilmoldea eta bertan aurki ditzaketen laguntza eta baliabideak zeintzuk diren esaten diete. Oinarrizko zerbitzuak atzeman ditzakete bertan, hala nola janaria, dutxatzeko aukera eta jantziak, baita lo egiteko tokia ere. Halere, harago ere iristen da eskaintza, azken urteko beharrei erantzunez eta boluntarioen eskaintzei esker garatzen joan direnak.

Osasun zerbitzua ziurtatzeko mediku eta erizain batzuk joaten dira, baita psikologo talde bat ere. Lege aholkularitza ere bada, Cimade elkartearen eskutik bereziki.

Ordaindu behar duten gauza bakarra autobus txartela da. Geralekua zentrotik hurbil dago, Herriko Etxearen eskaerari erantzunez, urrunago dagoen Euskaldunen plazatik bertaratu baitute. Txartela Internet bidez erosten laguntzen diete langile eta boluntarioek, dirurik ez baita onartzen bertan. Dirurik gabe ere, transakzioei lotuta, migranteak mugan zehar eramaten dituzten sareei lotuta arazoak izan direla esan du Soizic langileak: «Ikusten da, anitzetan telefono bakar batetik txartel anitz erosteko dirua igortzen dela. Bortizkeria arazo larri bakarra izan dugu urte honetan, eta sare horiei lotuta egon zen; arma bat atera zuten sarreran».