Haritz LARRAÑAGA
URRUÑA

Azaroaren 21ean ebatziko du epaileak Garroren zigorra arintzeko eskaera

Parisko Fiskaltzak ez zion eragozpenik jarri Zigor Garro eskumuturreko elektroniko batekin aske uzteko eskaerari. Azaroaren 21ean emango du epaileak azken erabakia, baina Fiskaltzak beste helegite bat ezar dezake.

Mont de Marsango espetxetik atera gabe eta bideokonferentzia bidez deklaratu zuen Zigor Garrok atzo arratsaldean, Zigorraren Aplikazioen Epailearen aurrean. Eskumuturreko elektroniko batekin kaleratua izateko eskaera egin zuen Errenteriako presoak eta prokuradoreak ez zuen kontrako jarrerarik erakutsi.

Epaileak azaroaren 21ean emango du azken erabakiaren berri. Horrela, zigor arintzea onartzen badu eta Fiskaltzak helegiterik jartzen ez badu, eskumuturreko elektroniko batekin bizitzeko dispositibo berezi bat jarriko lukete Garroren sendiak Hendaian duen etxean, eta zigorraren azken hilabeteak kalean egin ahal izango lituzke Errenteriako presoak.

Fiskalak kontrako jarrerarik ez adieraztea ohikoa ez den arren, «zuhur» jokatuko dutela iragarri zuen Maritxu Paulus-Basurko abokatuak; izan ere, zigorra arintzearen aldeko epaia aterako balitz ere, Parisko fiskaltzak helegitea jar dezakeela oroitarazi zuen.

Errenteriako presoak kalera ateratzeko bi aukera izan ditu orain artean. Joan den uztailean egun bateko baimena eman zioten lan elkarrizketa bat egiteko, eta irailean, ostera, ikastaro bat egiteko hiru eguneko baimena ukan zuen. Horrez gain, iazko otsailean bere amaren hiletan izan zen Zokoan.

Aurrekariak

Estatu frantseseko espetxeetan diren euskal presoen kasuetan epailea baldintzapeko askatasuna eskaintzearen alde agertu den auzietan ere prokuradoreak kontra agertu izan dira. Ondorioz, azken epaia ere baldintzapeko askatasuna ematearen kontrakoa izan da.

Horixe da, esaterako, berriki Xistor Haranburu eta Lorentxa Beyrie presoei gertatu zaiena; epailea aske uztearen alde agertu zen arren, prokuradoreak kontrako helegitea aurkeztu zuen, eta azkenean, epaia aske uztearen kontrakoa izan da.

Gaixotasun sendaezinak zituzten euskal presoei dagokienez, Fiskaltzak zigorraren etetea onartu du zenbait kasutan. Crohn eritasuna duen Lorentxa Gimon, esaterako, joan den martxoan atera zen kalera. Urtarrilaren 26an zendu zen Oier Gomez gasteiztarra, berriz, 2017ko apirilaren 26an utzi zuten aske, nahiz eta minbiziari aurre egiteko ospitalean jarraitu behar izan zuen.