GARA
BILBO

Bizkaiko metalgintzako patronala eta sindikatuak asteazkenean batuko dira

Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioa (FVEM) eta sindikatuak hurrengo asteazkenean bilduko dira Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan, hitzarmena berritzeko aurrerapausoak emateko asmoz.

Bizkaiko metalgintza sektoreko sindikatuak (ELA, CCOO, LAB eta UGT) eta patronala hurrengo asteazkenean, hilak 30, batuko dira Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan. Bi aldeen arteko desadostasunak samurtu eta lan hitzarmena berritzeko bidean aurrerapausoak ematen saiatuko dira bilera horretan.

Urte eta erdi daramate jada iraungita dagoen lan hitzarmena berritzeko negoziazioetan. Aurreneko bilera 2018ko otsailean egin zuten eta aurten, aurrerapausorik ez zegoela ikusita, hamar greba egun egin dituzte. Uda aurretik egin zituzten bost eguneko geldialdiak, eta irailaren 30etik urriaren 4ra, gainerako bostak.

Sindikatuek bilera egin zuten asteartean, egoera baloratzeko, eta urriaren 30eko bileran gertatzen denaren arabera mobilizazio berriak iragarriko dituztela erabaki zuten bertan.

Eragin orokorra zuen azken lan hitzarmena 2001-2003 sasoikoa izan zen, 2008 eta 2011. urteen artean sinaturikoak gutxiengo sindikalaren babesa izan baitzuen.

Bilera hau iragarri berritan, Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak sindikatuei beraien jarrera aldatzeko eskatu die, bestela akordioa «sinatzea ezinezkoa» izango den mehatxupean.

Maiatzeko aldarrikapenak

Sindikatuek beren aldarrikapenei eusten diete, maiatzaren 10ean plazaratutakoei. Eskakizunen artean dago taulen bidezko soldata igoera KPI+%2 izan behar dela 2018, 2019 eta 2020 urteetarako. Langileen ordezkariek adierazi dutenez, patronalak ez du ezer eskaintzen 2018ari dagokionez eta gainerako urteetarako nahi duen igoera KPI+%1ekoa da.

Taulen gainetik dauden soldata errealen igoerari dagokionez, KPI+%1eko hazkundea erreklamatzen dute eta federazioak ez du eskaintzen igoerarik aurreneko urtean; 2019 eta 2020ari dagokienez, tauletako igoeraren %75a eskaintzen du.

Bestetik, azpikontrata guztien subrogazioa aldarrikatzen dute langileek, hala nola aldi baterako laneko enpresen bidezko kontratuetan muga gehiago ipintzea eta behin-behinekotasuna murriztea. Hauek adierazi dutenez, administrazio publikoen mantentzean bakarrik planteatzen da azpikontraten subrogazioa patronalaren proposamenean.

Bi aldeek irailaren 23an egin zuten azken bilera, eta patronalaren proposamen «hutsalaren» aurrean irailaren 30etik urriaren 4ra arteko bost greba egunak mantendu zituzten.

Horren aurrean, Lakuako lehendakari Iñigo Urkulluk adierazi zuen patronalak ahal zuen guztia egin zuela adostasunera heltzeko eta sindikatuek ez zutela akordioa lortzeko jarrerarik agertu.