Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Borroka etikoak

Duela bi eguneko kontua da: Vox alderdi neofrankistak Bilbora egindako bisitagatik protesta egitera hurbildu dira ziento pare bat lagun. Ertzaintzak frankisten «biltzeko eskubidea» defendatzeko eraikitako giza hesiaz beste aldera jarri dira, oihu eta zalaparta. Sare sozialetan berehala zabaldu da protesta eta, protestarekin batera, lehen kritikak. Nonbait, baten batek «españoles hijos de puta» garrasi egin du, eta besteek segitu. Berehala detektatu dute akatsa sare sozialek, horretarako dira Protesta Ororen Egokitasunaren Epaitegi Popularra: «O! garrasi xenofoboak!», eta gero: «Garrasi horiek ez gaituzte ordezkatzen». Lasarten zabor bereizi guztia ontzi berera sartzen ari zen langilearen bideoaren kontua etorri zitzaidan gogora; orduko hartan, establishmentak zaborrarekiko daukan politika kriminala salatzetik langilearen bideoa sare sozialetan zabaltzea «egokia» ote zen eztabaidatzera pasatu ginen. Protesta egiten duten aktibistak talent show handi batean baleude bezala, begira gaude, eta onenak bakarrik irabazten du. Horrela, zerbaitengatik (presoak, Katalunia, faxismoa, zaborrak) protesta egiten hasten gara (ezkerraz ari naiz) eta protesta zinez egokia eta etikoa izan ote den eztabaidatzen amaitzen dugu; alegia, ea gu ez ote garen salatzen ditugunak bezain bekatari. Gerra guztiak galtzen ditugu, baina etikan, ojo, ez digu inork irabazten.